Kanpotik erasoei aurre egin eta barrutik babesa emango duen harresi bat eraiki dute

Amaiurren egindako ekitaldian, Eleak-ek epaiketei aurre egiteko herri harresi sendo bat eraikitzea jarri du helburu gisaAsteon absolbitutako bi gazteek adierazi dute auzi politikoei planto egin behar zaiela

Aritz Azkona, asteon absolbituriko gazteetako bat, harri bat jartzen Amaiurko harresi sinbolikoan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Amaiur
2013ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
«Oztopo guztien gainetik, hemen gaude». Asteartean, Auzitegi Gorenaren absoluzioa jasoagatik, azken bost egunetan ezkutuan egon dira Aritz Azkona eta Maider Caminos, eta Amaiurren atzo berriro agertu ziren jendaurrean. Txalo artean hartu zituzten bertaratutako ehunka lagunek, baina Caminosek zein Azkonak berehala gogoratu ziren Luis Goñi eta Xabier Sagardoirekin: eurei ez bezala, Gorenak seina urteko espetxe zigorra berretsi zien. «Ez dituzte eramango». Barañaingo bi gazteak ez dira espetxearen mehatxupean dauden bakarrak. Horregatik, gaurdaino militantzia politikoagatik espetxera zigortuak izan diren pertsonak askatu eta etorkizun hurbilean epaiketaren zain diren guztiak babesteko herri harresi sendo bat eraikitzea jarri zuten helburu gisa atzo: kanpotik erasoei aurre egin eta barrutik babesaren beroa emateko gai izango den harresi sendo bat, alegia. Irudi baten bitartez sinbolizatu zuten atzo harresia Amaiurren.

Ordu erdiko atzerapenarekin hasi zen atzo Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak antolatutako ekitaldia. Guardia Zibilak hainbat kontrol jarri zituen errepidean. Adibidez, Iruñetik Elizondorako bidean, Belateko tunelera iritsi aurretik kontrol bat zegoen, eta hainbat lagun atxiki zituzten. Kontrol horretan, auto berean zihoazen Aritz Azkona eta Maider Caminos ere gerarazi zituzten: «Zorionak, bostetik hiru», esan zieten guardia zibilek, epaiari erreferentzia eginez —Gorenak Mikel Jimenez ere absolbitu zuen, baina kartzelan dago beste auzi bategatik—.

Kontrolek ez zuten jendea gerarazi. Eguzkiak gogotik jotzen zuen Amaiurko gaztelua zegoeneko muinoa. Eguerdirako zegoen jarria ordua, eta geroago bada ere jendez betetzen hasi ziren monolitoaren inguruneak. Tartean hainbat pertsona ezagun ikus zitezkeen. Asko laranjaz jantzita zihoazen, herri harresiaren sinbolo bihurtu den kolorea.

Txalaparta doinuen ostean, Eleak-eko Zigor Oleagak hartu zuen hitza. Herriz herri, harriz harri herri harresia eraikitzen Iruñerrian sortu den leloa egokitzat jo zuen, «herri harresia eraikitzeko beharra» dagoelako. «Ez dugu eraikia. Gauza oso politak eta indartsuak egin dira. Inor gutxik espero zezakeen azken urtean egondako esperientzia guztiakegongo zirela, baina, zoritxarrez, ez da nahikoa», azpimarratu zuen Oleagak. «Estatu oso bat eta haren laguntzaileak ditugu aurrez aurre», gaineratu zuen.

Horregatik, haren ustez, helburua izan behar du herri harresi sendo bat eraikitzea. «Harresiaren epizentroak biderkatu behar ditugu». Era berean, «harriz harri, etenik gabe» eraiki behar dela deritzo: «Pixkanaka eta pausoz pauso. Egun batean jarriko ditugu harritzarrak eta bestean hartxintxarrak, baina guztiak behar ditugu».

Oleagak gogoan hartu zuen orotariko eskubide murrizketen garaian dela. «Gizarte eredu aldaketa dator, indarkeria handiagoko gizarte bidegabeago baterantz goaz». Agintariak eskubideen defentsaz mintzo badira ere, eskubideek beti «testuinguruetatik kanpo» egon behar luketela zioen Oleagak, eta krisia zein bestelako aitzakiak alde batera utzi beharko liratekeela. Joseba Sarrionandia ere ekarri zuen gogora: «Aspaldi idatzi zuen gurean, bakezale asko eta bakegile gutxiegi direla. Ustez bakezale direnak bakegile izatera behartu behar ditugu».

Hala, menpekotasunean baino gehiago, justizian oinarritutako bakea aldarrikatu zuen, eta helburu hori lortzeko beharrezkotzat jo zuen herri harresia, «mugimendu desobediente berri eta masiboa». Haren ustez, lortu behar da salbuespen legediak eta epaiketak indargabetzea. «Lortu behar dugu kanpotik harresia gaindiezina izatea eta barrutik beroa izatea, inplikatua den orori besarkada emango diona».

Harresia irudikatuta

Oleagak hitz egin ondotik, Ekaitz Astizek bertso bat kantatu zuen, eta, ondoren, abeslari batek Amaiurri zein herri harresiari kantatu zion. Ondoren, gogora ekarri zituzten azken urteetan izandako ekintzak. Hala, Gasteizko herri harresiko partaide batek gogora ekarri zuen nola hasi zen dena Hego Euskal Herrian, Ekaitz Samaniegoren atxiloketa saihesteko ahaleginean: «Erresistentzia jarri eta irabaztea lortzen duten murruak dira behetik gora eraikitzen direnak». Donostiako ordezkariak ere labur hitz egin zuen: «Bakoitzak bere errealitatera egokitu behar duen tresna da desobedientzia, baina argi dago hori dela bidea. Argi eduki behar dugu horrela gelditu behar ditugula epaiketa guztiak».

Jarraian, Maider Caminos eta Aritz Azkona igo ziren monolitora. Ezkutuan jarraitzen duten Goñi eta Sagardoiri egin zieten lehen aipamena, eta «maitasun eta babes guztia» adierazi zieten. «Bost urteko ibilbide malkartsua» ere gogoratu zuen Caminosek. «2008ko abuztuan bederatzi lagun izan ginen atxilotuak, inkomunikatuak eta torturatuak guardia zibilen eskuetan. Zazpi espetxeratuak izan ginen, gutariko seik hiru urte eta erdiko espetxealdia pairatu dugu. Bost izan ginen kondenatuak, eta orain Gorenak torturapean lortutako deklarazio eta autoinkulpazioak erabili ditu Luisi eta Xapori [Sagardoi] sei urteko zigorra berresteko». Caminosen ustez, epaitegiek beste behin torturaren erabilpena zilegi egin dute.

Azkonak epaiketak eten eta «planto» egiteko beharra azpimarratu zuen: «Borrokarekin eta konpromisoarekin soilik lortuko dugu estatuaren gerra estrategia geraraztea». Lanean jarraitzeko borondatea berretsi zuten biek, eta azken mezua igorri zieten Goñiri eta Sagardoiri: «Ekaitzetik babestu beharrean, euripean dantzan egiten ikasi dugulako».

Aurreko hizlarien modura, jarraian harri bana jarri zuten biek harresia irudikatzeko. Ondoren, Eleak-eko Oihan Ataunek hartu zuen hitza, eta harri bana eskuetan oihukatu zuen: «Hau Luis [Goñi] da, eta hau Xapo [Sagardoi]». Harriak metafora bihurturiko harresian utzi eta gaineratu zuen: «Ez zaituztegu bakarrik utziko».

Amaieran, monolitoaren magala gainezka zegoela, pertsonez osatutako azken harresia irudikatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.