Krisia Nafarroako Gobernuan

Idoia Nievesi zalantzak argitzea eta frogak aurkeztea dagokio gaur

Nafarroako Ogasuneko zuzendari kudeatzaile ohiak agerraldia egingo du gaur 10:00etan parlamentuko ikerketa batzordeanAgerraldi luzea izango da, eta alderdi denen galderak erantzun beharko ditu banaka

joxerra senar
Iruñea
2014ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Gaur, Idoia Nieves parlamentura itzuliko da berriro. Otsailaren 11n Nafarroako Gobernua eta jokaleku politiko osoa hankaz gora utzi eta gero, ikusmin handia piztu du bigarren agerraldiak. Sakonduko al du iragan astean egindako salaketan? Duela hamar egun oso ondo zaindu zuen zer esan behar zuen, eta, logikaz, munizio gehiago izan behar du gordea. Orduan piztutako zalantzak argitzea eta frogatzea dagokio. Gobernuak bere aurka egindako kritikak dokumentazioarekin eta detaile berriekin gezurtatu eta frogatu beharko ditu. Hala eginez gero, kolokan jarriko du gobernuaren estrategia osoa. Hartara, haren agerraldia giltzarria izango da ikerketa batzordearen emaitzari begira eta, ezinbestean, Nafarroako etorkizun hurbilari begira.

Gaur 10:00etan hasiko da parlamentuan agerraldia, baina ohikotik gutxi izango du; modua ere aldatu egingo da. Duela urtebete eskas, Enrique Goñi parlamentuan izan zen, baina nahi zituen galderak erantzun ahal izan zituen. Ikerketa batzordean, Idoia Nievesek eta gainerakoek ezingo dute halakorik egin, eta, gainera, egia esatera derrigortuta daude; bestela, urtebeteko espetxe zigorra eta isunak izan ditzakete.

Galderak ordezkaritza handienetik txikienera egingo dituzte alderdiek —UPNtik hasi eta Geroa Bairaino—, eta banaka erantzungo ditu. «Elkarrizketa baten modukoa izango da», zioen herenegun batzordeburuak, PSNko Juan Jose Lizarbek. Ez dago argi zenbat iraungo duen, baina oso luzea izango da. Parlamentuko araudiak ez du iraupenik mugatzen. Goiz osoa irautea espero da.

1. BEZaren atzerapena

Otsailaren 11n, Idoia Nievesek salatu zuen Yolanda Barcinaren aginduz Nafarroako Gobernuak erabaki zuela enpresei BEZ zergaren ordainketak 2013ra atzeratzea 2012ko defizitaren helburua betetzeko. Nievesen arabera, erabaki hark enpresei kalte ekonomiko handia eragin zien, eta zerga bilketa nabarmen gutxitu zuen. Nafarroako Gobernuaren tesiaren arabera, estatuarekin 200 milioi euroko hitzarmena lotu zen iaz, eta eragina txikia izan zen.

Gaur, Nievesek argitu egin beharko luke zenbateko kaltea egin dion ekonomiari eta ogasunari iaz eta aurten. Gai korapilatsua da, BEZ zergaren bilketa eta estatuarekin hitzartu beharreko doikuntzak oso auzi teknikoa direlako, baina, era berean, oso garrantzitsuak dira, zulo horrek gero zerbitzu publikoetan berebiziko eragina duelako; besteak beste, Hezkuntzan eta Osasunean. Eta hori herritar guztiek pairatzen dute.

Nafarroaren menpeko BEZaren bilketaren datuak argigarriak dira; 311 milioi euroko erorketa izan zen. Estatuaren doikuntza gehituta, bilketa 158 milioi euro murriztu zen, eta, Nievesen arabera, horren portzentaje handi bat Barcinaren erabakiaren ondorioz izan zen: 100 milioi eta 112 milioi euro artean.

Gobernuak dio BEZ zergaren ordainketen atzeraketa beste administrazioek ere egiten dutela eta Alvaro Miranda kontseilariak ere 28 milioi euroko ordainketa atzeratzea erabaki zuela 2011n. Nievesen arabera, ordea, Barcinaren erabakiak legean zehaztutako epeak gainditu zituen. Presidenteak errefusatu egin du argudio hori, eta Pedro Ugalde Ekonomia Departamentuko arduradun juridikoaren txosten bat aurkeztu du, esanez legea ez dela urratu.

Epez kanpo ordaintzea lege urraketa den edo ez, interpretazioaren araberakoa da, baina argi dagoena da epez kanpo ordainduta zigorra ordaindu behar duela ogasunak; hots, nafar guztiek. Estrasburgoko auzitegiak, kasurako, «abusutzat» jotzen du jokabide hori. Alderdiek eskatua dute ogasunak zenbat diru itzuli behar izan dien enpresei interes tasetan eta zein enpresa izan ziren kaltetuak. Izenak atera ahala, datuak errealitate zehatz bihurtuko dira.

2. Fabore tratuak

Nievesek Lourdes Goikoetxeari egotzi zion esku hartzea bere aholkularitza enpresako bezeroen alde. Oso akusazio larria izanagatik, Goikoetxeak ez zuen dimisioa eman, eta Nafarroako Gobernuak, Barcinak eta UPNk, babes osoa adierazi diote. Hasieran Nievesen salaketa «faltsutzat» jo arren, presidenteordeak puntuz puntu salaketa bakoitza onartu du, bat salbu. Adibidez, 2011ko irailaren 21ean Merca'o jatetxeko bazkarian inspekzio planaren xehetasunak eskatu izana. Salaketa auzitegietaraino heldu da, eta Nievesek horren inguruko xehetasun edo froga gehiago mahaigaineratu ditzake.

Goikoetxeak gerora onartu du Conservas Almanaque enpresaren inspekzioan esku hartu zuela, baina «arrazoi humanitarioengatik». Hor, dena argitu, eta esku artean dituen mezu elektroniko guztien berri ere emango du.

3. Nafarroako Kutxa

Nievesen arabera, Goikoetxeak iazko apirilaren 15ean Nafarroako Kutxako enplegatu eta kontseilarien errenta aitorpenak eta CANek beste enpresei fakturatutako operazioen aitorpenak nahi zituen. Nievesek dioenez, Barcinak «interesa zuelako» eskatzen zion informazio konfidentzial hori. Goikoetxeak onartu du informazio hori eskatu zuela, baina ukatu egin du Barcinaren aginduz egin zuela. Zergatik babestu nahi du Barcina, eta, batez ere, zergatik nahi zuen Barcinak informazio hori?

Goikoetxeak argudiatu zuen parlamentuak eta epaitegiek informazio asko eskatzen zutelako jo zuela Nievesengana. Epaitegiek eta parlamentuak egindako eskaeren inguruko datuak galdegin ditu jada ikerketa batzordeak, baina Nievesek argi gehiago igor dezake, informazioaren nondik norakoen eta, bereziki, motibazioaren inguruan. Datorren asteko Goikoetxearen eta Barcinaren agerraldiak erabakigarriak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.