EAEko Euskararen Legeak 30 urte (V). Lan mundua

Ia 200 enpresa ari dira euskara planak egiten, guztien %1 inguru

Euskararen normalizazioa bultzatzeko, «inpaktu handiagoko» neurriak hartzeko unea dela uste dute aholkularitza enpresekEragile guztien arteko «akordio zabal bat ere» beharrezkotzat jo dute, «salto» egiteko

Euskara plan bat izaten aitzindari izan zen Elay enpresa. IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
Donostia
2012ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko Euskararen Legea 1982an onartu bazen ere, hamar urte joan ziren enpresa batean euskara normalizatzeko lehen plana egin zuten arte, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez. Quebecetik ekarritako metodologia bati jarraitu zioten. Egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ia 200 enpresak dituzte euskara planak. Asko hedatu arren, enpresa guztien %1 inguru dira oraindik. Hazkunde hori azken lau urteetan moteldu egin dela zehaztu du Dani Larrea Emuneko zuzendari nagusiak. Langunek ikerketa plazaratu du aurten: euskaraz komunikatzen dira enpresen %1,6; ele bitan %41,1; gaztelania hutsez %53. Plan gehienak Gipuzkoako enpresek egiten dituzte.

Balantze orokorra positiboa dela uste du Aizpea Otaegi Elhuyar Aholkularitzako koordinatzaile nagusiak, nahiz eta «dinamika batzuetan» goiena jo den sentipena ere baduen. Bi hamarkadetan bidea egin dela nabarmendu du: aholkularitzek metodologia garatu dute, baliabideak eta tresnak sortu dituzte, instituzioek diru laguntzak jarri dituzte, lan hori aitortzeko sariak sortu dira —Bai Euskarari eta Bikain ziurtagiriak— ... «Sektore ekonomiko oso bat sortu dugu».

Elhuyar izan zen enpresa batean euskara plan bat abian jarri zuen lehen aholkularitza, 1991n. Emun 1997an sortu zen. Zalantzarik ez dute beren lanaren garrantziaz. «Normalizazio prozesuetan egiteko garrantzitsuenetako bat da espazioak irabaztea», Larrearen hitzetan, eta lan mundua euskalduntzea oso garrantzitsutzat jo du. «Zerbitzua euskaraz emateko gaitasuna duen enpresa zerbitzu hobea ematen ari da», erantsi du Otaegik.

Euskararen Legeak aukera eman du enpresetan lan egiteko, gizartearen babesarekin eta euskalgintzaren ahaleginarekin, Otaegiren hitzetan. Baina garatutako politikei «mugak» ere ikusten dizkie. Antzera ulertzen du Larreak; legea gauzatzeko hizkuntza politikak aplikatu behar direla nabarmendu du. «Azkenean, legea betearazteko, borondate politikoa behar da». «Irmotasun eta ausardia handiagoz»,urratsak egin behar direla zehaztu du Otaegik.

«Inpaktu handiagoa» izango duten neurriak hartzeko garaia dela uste du Otaegik. Adibidez: kontratazioetan eta diru laguntzetan euskara planak baloratzea, enpresa handiei «derrigortasunak» jartzea —«genero berdintasunean egiten den moduan»— , zerga hobariak sortzea... «Inbertsio handia egin dugu lan mundua euskalduntzen. Uste dut inbertsio hori errentagarri bihurtzeko neurriak hartzea arduraz jokatzea dela».

Elkarlanean ikusten dute etorkizuneko erronka handietako bat. Enpresari elkarteak, kooperatibistak, sindikatuak, euskalgintza, aholkularitza enpresak, administrazioa...

Beste erronka handia erabileran ikusten du Otaegik. Normalean, euskarri finkoak —errotuluak, webguneak, inprimakiak...— euskaraz jartzea izaten da enpresek egiten duten lehen urratsa. Erabilerara «saltoa» egiteko beharra sumatzen du: «Jarrerak dira gakoa, euskara gustagarri eta gozagarri egitea». Beste xede bat erantsi du Larreak: enpresek beren eguneroko zereginetan txertatu behar dute euskara. «Enpresa guztiak busti behar du», zehaztu du Otaegik. Orain beste arrisku bat sumatzen dute. Otaegi: «Hizkuntza askorekin lehiatzen da orain». Languneren arabera, enpresen %15ek egiten dute euskararen inguruko trebakuntzaren bat; ingelesari buruzko trebakuntzak egiten dituztenak %88 inguru dira. Larrearen esanetan, euskarari «hizkuntzen oihan» horretan lekua ziurtatzea eta politikak argi edukitzea dagokie aholkularitza enpresei orain.

BIHAR: Hedabideak etaInternet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.