18. Korrika. Bosgarren eguna

Zabaltzen ari dira oasiak

Nafarroako Erriberan kilometro luzeak egin ditu 18. Korrikak; babesa etengabe lortu du, nahiz eta bide gehiena jende gutxirekin ibiliMilagarren kilometroa igarota, erdia egitear dago lasterketa; Gasteizera gaur helduko da

Garikoitz Goikoetxea.
Tutera
2013ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Euskal Herriko basamortuaren bueltan egin zuen ibilbidea 18. Korrikak atzo, euskararen basamortuetako bat ere baden tokian. Luzeak joan ziren kilometro asko, lautada zabaletako errepideetan. Pertsona pare bateko uneak ere izan ziren. Oasi txikiak basamortu handian.Baina hedatzen ari dira oasiak, gero eta gehiagok baitute euskararen egarria. Gero eta babes handiagoa du euskararen aldeko lasterketak paraje horietan; jendea oldean ateratzen da herri askotan, harrera egitera eta txalo jotzera, eta gidariek irribarrez eta klaxona joz agurtzen dute.

Milagarren kilometroa igarota, erdia egiteko bidean da Korrika. Pirinio bazterrean igaro du asteburua: Nafarroan, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Araba aldera egitekotan da gaur, eta Gasteizera ailegatuko da, 18:45 alderako.

Nafarroan egin du orain arteko bide gehiena, nolanahi ere. Baina ez da bide berdina izan. Iparralde aldapatsutik hegoalde zelaitsura jo du. Bardea aldean ibili zen atzo -—Espainiako Armadaren airekoek azkar salatu zuten hori-—, Nafarroako Erriberan. Lurrak laua eta euskarak malda duen tokian.

Tafalla zuen goizeko jomuga nagusia Korrikak. 08:00ak pasatuta sartu zen, ume txikiak eskolara joateko zeudela. «Gaur baimena dute berandu joateko». Egun berezia zuten atzokoa Mikelatxek eta Leirek; 10 urte ditu mutikoak, eta 12 neskatoak. «Lasai» daude, amarekin. Hark azaldu du berandu joan daitezkeela ikastolara. «Ni bi aldiz-edo atera naiz», azaldu du mutikoak. Amak zuzendu dio: «Sei hilabeterekin atera zinen lehen aldiz, eta ordutik irten zara». Gurasoak eta haurrak izan dira protagonista herrian, eta aurrera segitu dute batzuek, lasterkari berriak gutxi gehitu baitira.

Tafallatik aurrera sortu baita lehorra. Bidea luzea, tropela motz. Izan dira pertsona pare batek osatutako lasterraldiak. Valtierran, adibidez, hona irudia: lagun bat lasterka, eta bi bizikletan. Sei kilometroko bidea osatu du lekuko eramaile batek paraje horietan. Une bereziak izaten dira, egoeraren makurra erakusten baitute, eta euskaltzaleen indarra. Osatu egiten da ibilbidea, baita kanpotik joanda ere; Sasoia erretiratuen elkarteak ohitura horri jarraitu dio.

Ez da zelaia egoera, baina ari da aurrera egiten pixkana. Faltzesko harrera da horren lekuko: herriko kale bazterrak bete, eta haurrak jarri dituzte aurrean, petoak margotuta. «A eta G ereduetako haurrak dira», azaldu du Javier Garate irakasleak. Ez dute euskaraz ia batere egiten. «Ona ez, baina beste herri batzuetan baino hobea da egoera. Pixkanaka ari gara; euskararen eguna badugu, adibidez», nabarmendu du Garatek. Areago: herriari euskarazko izena jartzea erabaki du udalak oraindik orain.

Mugimendua ikusarazteko

Txikiak dira pausoak. «Korrika horregatik behar dugu: jendeak jakin dezan mugimendua dagoela, eta gobernuak ikus dezan», dio Mertxe Sanzek, Tuterako sarreran zain dagoela. Nafarroa Oinez-ek erositako kilometroa egin du lehenik, eta herri barruan orain. Ikastola. Horrek ekarri du aldaketa Tuterara, Fernando Leon gaita-jotzaile taldeko kidearen esanetan. «Helduen alfabetatzean egin dira urratsak hemen, baina ikastolak jarri du mugarria».

Zabaltzea falta dute orain. «Jendea badagoela uste dut, baina ez dela ikusten», esan du Ametz Velak, Tuterako zubian zain dela. «Gaztelania jaun eta jabe da». Erdaldunek ez dute eurena bezala hartzen euskara. «Besteen gai gisa ikusten dute. Errespetua bai, baina interesik ez dute», dio Leonek. Gazteei begiratu die Sanzek: «Tuteran euskara ez dut inoiz entzun asko. Belaunaldi berriek ea lortzen duten elkarbizitza hori, nahiz kostatuko zaigun». Hori du aurtengo mezua Korrikak: elkarbizitzarako lanabes dela euskara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.