Euskal presoen duintasuna «urraturik» dela diote giza eskubideen aldeko eragileek

Etxerat-en martxarekin bat egin dute giza eskubideen alde diharduten Ipar Euskal Herriko hiru elkartek
Baionan Arkaitz Bellonen heriotza salatzeko joan den ostiralean egindako elkarretaratzea.
Baionan Arkaitz Bellonen heriotza salatzeko joan den ostiralean egindako elkarretaratzea. NICOLAS MOLLO

Jenofa Berhokoirigoin -

2014ko otsailak 11
«Euskal preso politikoei doakionez, Frantziako presondegietako egoera kezkagarri baino gehiago da. Duintasunik gabeko egoera hori azkarki salatzen dugu». Horra hor Euskal Herriko Giza Eskubideen Aldeko Batzordeak, Baionako Giza Eskubideen Ligak eta Cimade elkarteak agiri bidez zabaldu mezua. Kezka hori entzunaraziko dute larunbatean, Etxerat-ek Baionan antolaturiko manifestazioan. Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroaren etorreraren kari, Euskal preso politikoen eskubideen errespetua orain. Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean eginen den protestarekin bat egin dute.

Giza eskubide urraketa andana dituzte deitoratzen: karrikan egon behar liratekeenak preso mantentzea, eritasun larri bat dutenak preso atxikitzea zein presoek pairatu baldintza «eskandaluzkoak». Adibide gisa, Poitiers hiriko kartzelan diren euskal presoen egoeraren berri ematen dute: «Bi ordutik behin, gaueko itzuli-birunda zaratatsua, argia pizturik ziegetan, presoaren presentziaren egiaztatzea... Ahantzi gabe bakartze etengabeak, horiei loturiko bortizkeria, eskuburdina tinkoegiak ala azpiko-jantziz pasatako zigor-ziegako egonaldiak». Cadizeko Puerto I espetxean hilik aurkituriko Arkaitz Bellon ere gogora ekarri dute.

Gogoeta bilera larunbatean

Konponbidearen aldeko dinamika indartzeko helburuarekin EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak eta EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak aurkeztu bide orriei buruzko gogoeta bilkura bat eginen dute larunbatean Ipar Euskal Herriko 17 eragile sozial, sindikal eta politikok. Abiaturikoa garatzeko asmoz egin beharreko ekinbideei buruz hausnartuko dute. Larunbatean 09:30ean eginen da Bayonne hotelean, eta eragile guztiei diete eginik gomita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna