Noiz sortua: 2014-03-29 00:30:00

2014ko Iparraldeko herri bozak. Bigarren itzulia

Gutun-azalean boza eta herriko gobernua

Lapurdi kostaldeko herrietako gobernuak ebatziko dira biharko bigarren itzulian, horien artean Baiona, Angelu eta Miarritzekoa

Abertzale eta sozialisten arteko akordioa dagoen herrietako emaitzak arreta piztu du
Lehen itzuliko bozak zenbatzen, joan den igandean, Baionan.
Lehen itzuliko bozak zenbatzen, joan den igandean, Baionan. AURORE LUCAS

Aitor Renteria -

2014ko martxoak 29

Bozak gutun-azaletik atera eta kontatu ondoren, herrietako gobernuak finkatuko dira bihar arratsean, herriko bozen bigarren itzulian. Bozen lehen itzulian lortutako emaitzak ez dira matematikoki atzematen bigarren itzulian. Nahiz eta alderdiek haien arteko akordioak egin, herritarrak dira erabakiaren jabe. Aurten, hala ere, berrikuntza batek inarrosi ditu ohiko jokamolde guztiak. Lehen itzulian lortutako emaitzek lehiaren arbitro bihurtu ditu abertzaleak zenbait herritan. Bertze batzuetan, ordea, sinesgarritasun osoa erdietsi duen lehiakide edota gobernu alternatiba.

Eragin berezia ukan du horrek sozialisten zerrendetan. Hendaia, Urruña, Ziburu eta Ahetzen sozialistek eta abertzaleek akordioak erdietsi dituzte, zerrendak bateratuz bigarren itzulira begira. Sozialisten sektore batek, euskaltzaleenak, erdietsi akordioa ezinezkoa izan da Baiona, Miarritze eta Angelun. Igandeko emaitzak direnak direla, errealitate berri horri loturiko ondorioak ukanen ditu.

1. Eredu bat kolokan

Sozialistek eta abertzaleek ez dute akordiorik erdietsi, ez Baionan, ez Angelun. Baionan Jean Claude Iriartek gidatzen duen zerrenda abertzale eta ezkertiarrak bozen %10eko langa gainditu eta bigarren itzulian presente egotea erdietsi zuen. Etxeto sozialistaren zerrendak bozen %35,26 bildu eta lehen postua erdietsi arren, ez du bidelagunik atzeman. Zerrendan sartzea proposatu zieten abertzaleei, hautetsi postuen truk. Etxegarai hautagai zentristak (29,98) eskaintza hobea egin zien oraindik abertzaleei. Ez zuten onartu eta bigarren itzulirako mantentzea eta Ezkerreko Frontearekin (%5,92) batzea deliberatu zuten. Etxegaraik, sozialistek ez bezala, Sylvie Durruti UMPko disidentea du bidelagun (%18,54). Etxetok gainerateko zerrendetan eta bereziki abstentzioan (%43,56) bilatu beharko ditu eskas dituen bozak.

Antzeko egoeran da Jean Espilondo (36,44) Angeluko auzapez sozialista. Lehen itzulian Claude Olive UMPko zerrendaburuak bozen %44,59 eskuratu zituen. Zentroko hautagaiak, Ezkerreko Fronteak eta abertzaleek ez dute nehor hobetsi bigarren itzulirako.

Baionako eta Angeluko hautagai sozialistek PSren barnean sektore «jakobinistena» irudikatzen dute. Bi urtez iraun duen lurralde elkargoaren lanetan, kontrako jarrera azaldu izan dute. Euskararen arloan ere, ez dute aldeko jarrera adierazi. Miarritzeko hautagai sozialistarekin batera, elkargoaren ordez «bizi-eremua» garatzea proposatu dute, alegia, lurralde bat osatzea Lapurdiko eta Landetako herri elkargo batzuk bateratuz. Oinarri abertzalearekin akordioa lortzea saihestu du horrek. Alta, aipatutako bi hautagai sozialistak kolokan daude, eta emaitza txarra lortuko balute igande gauean, eztabaida sakonak eraginen lituzke PSren etorkizuneko estrategia definitzerakoan.

2. Salbuespena

Lapurdi iparraldean ezinezkoa izan dena posible izan da Hendaian eta Ziburun: abertzaleek zerrenda sozialistekin bat egin dute. Kontrakoa ere posible izan da Urruñan eta Ahetzen. Arbonan ere auzapez abertzalea ukan dezakete, eskuineko auzapezaren aurkako lehia iragazten badu. Hiruko lehia izanen da Urruñan. Odile de Coral auzapezak Daniel Poulouren zerrenda ukanen du parean. Eskuineko bi zerrenda horien aurka lehiatuko da Filipe Aramendik gidatzen duen Herritarrak zerrenda, sozialistak barne. Eskuineko lehiak Aramendiri tartea utz diezaioke, baina ikustekoa da hautesle sozialistek bat eginen duten eskaintzarekin.

Ziburun abertzaleak Duhaldeborde sozialistaren zerrendan joanen dira. Antzeko emaitzak lortu zituzten joan den igandean, eta horrek ahalbidetu du akordioa eskuineko auzapez ohiaren aurka. Izan ere, herriko kontseiluan abertzaleek hamaika hautetsi ukanen dituzte zerrendak gehiengoa lortzen badu, sozialistek bezala. Ordezkari bat lukete abertzaleek herri elkargoan.

Hendaian ere Iker Elizalderen zerrenda abertzaleak bat egin du Kotte Ezenarro sozialistaren zerrendarekin. Ezenarro hautatua izanen balitz, abertzaleek lau postu ukanen lituzkete kontseiluan, horietako bat auzapezorde eta bertze bat Hendaiako ordezkari herri elkargoan.

Eskuinari dagokionez, Azkainen ez da akordiorik izan, eta presente izanen dira bigarren itzulian. Jean Louis Ladutxe auzapeza gelditu zen azken postuan eta neke izanez du auzapez kargua berrestea igandean.

3. Oihartzun apalagoan

Lapurdin ez ezik, lehia bizia egonen da Zuberoako hiriburuan ere. Hiru zerrenden arteko borroka izanen da Maulen. Mixel Etxebeste auzapezak bozen %41,7 eskuratu zituen. Mathias Davant (%13,7) eta Louis Labadoten (%31,3) ezkerreko zerrendek bat egin dute. Hirugarren lehiakidea izanen da Beñat Elkegarai abertzalea, bozen %13,2 eskuratu baititu. Etxebestek aski abantaila du hautatua izateko. Emaitzak eragin zuzena ukanen du herri elkargoaren kolore politikoa zehazteko. Gisa barean, lurralde elkargoaren aldeko aldarria atxikiko luke.

Nafarroa Beherean Donapaleuko lehia dago airean. Jean Jacques Loustaudodinek ozta-ozta ez zuen erdietsi bozen %50 eskuratzea eta parean ukanen ditu Charles Massondoren eta Stephane Irola abertzalearen zerrendak.

4. Hirugarren hitzordua

Bigarren itzulia burutua ez den arren, joan den igandean zerrenda bakar batek gehiengoa lortu zuen herrietan auzapeza hautatzeko prozedura abian ezarri dute, eta astelehen goizerako beranduenez, emaitza jakinarazi beharko dute.

Zirimola horretan eginen dira herriko bozak, eta lehen unean oihartzun apalagoa badu ere, herriek baino eskumen handiagoa duten herri elkargoetarako ordezkariak hautatuko dira. Jean Michel Galan zen herri elkargo bateko presidente abertzale bakarra. Oraindik ez du jakinarazi kargurako lehiara aurkeztuko den, baina hainbat joeratako hautagaiak haien aukerak neurtzen ari dira. Herri txikien ordezkarien hautuak finkatuko du kolore politikoa. Abertzaleen aukerak boz bakarrean joka daitezke.

Bertze gai bat ere trenkatu beharko dute nahia ala ez, alegia, Nafarroa Beherea herri elkargo bakarrean biltzeko xedea. Parisek bultzatu nahi duen erreforma da hori, eta erronka handiagoa izan daiteke, urtarrilerako Nafarroa eta Zuberoa Lurralde Garapen eskema bakarrean biltzen baditu bi herrialdeak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 26an eguneratua, 20:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 11 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta lau gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.634 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.027 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Berra adinekoen egoitza. ©JON URBE / FOKU

Ekainaren 8tik egin ahalko dira bisitak Gipuzkoako zahar etxeetan

Berria

Egoiliar bakoitzeko senide bakarra joan ahal izango da bisitan, eta segurtasun neurriak zorroztuko dituzte. Gipuzkoako zahar etxeetan 167 pertsona hil dira izurria hasi zenetik; gaur egun 22 eri daude, bi egoitzatan.

Maiatzaren 11an igaro zen lehen fasera Hegoaldea ©Marisol Ramirez, Foku

Hegoaldea lehen fasera igaro izanaren arrazoiak eman ditu Espainiako Gobernuak

Ainhoa Larretxea Agirre

Espainiako Osasun Ministerioak zehaztu du egoera epidemiologiko «ona» izan dela Nafarroa pasatzeko arrazoia; Osakidetzak pazienteak artatzeko duen «gaitasun handia», berriz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa igarotzekoa. Maiatzaren 11n aldatu zen lehen fasera Hegoaldea.

Txagorritxu ospitaleko laborategiko irudi bat. ©Gorka Rubio / Foku

Datuen peskizan (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Beste zazpi pertsona gehitu behar dira koronabirusarekin hildakoen zerrendara. Bost EAEn, bi Nafarroan. PCR bidezko 11 positibo berri agertu dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna