Gernikako alkatea auzipetu dute, Otegiri Bakearen Saria emateagatik

Dignidad y Justiciak jarritako salaketa aintzat hartu du Santiago Pedraz epaileak, eta Jose Maria Gorroño auzipetu du«Terrorismoa goraipatzea eta zuritzea» leporatzen diote Gernikako alkateari

Joan den apirilaren 26an egin zuten ekitaldia, Gernikako bonbardaketaren 76. urteurrenean. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
gotzon hermosilla
Bilbo
2013ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazek Gernikako alkate Jose Maria Gorroño (Bildu) auzipetzea erabaki du, «terrorismoa goraipatzea eta zuritzea» leporatuta, eta deklaratzera deitu du. Akusazioaren oinarrian dago Gernikako Udalak Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kide eta presoari eta PSE-EEren presidente Jesus Egigureni joan den apirilean emandako Gernika saria.

Urtero bezala, eta Gernikako bonbardatzearen urteurrena kari, Bakearen Gernika saria banatu zituen Bizkaiko udalerri horrek joan den apirilaren 26an. Otegik eta Egigurenek jaso zuten saria, «bakearen alde egindako ekarpenagatik». Biek ala biek «ideologikoki elkarrengandik urrun egon arren» elkar ulertzea bultzatu zutela nabarmendu zuen orduan Jose Maria Gorroñok. Otegi Logroñoko espetxean (Espainia) preso dagoenez, ez zuen ekitaldira joaterik izan, eta, hortaz, bi politikarien alabek, Garazi Otegik eta Maria Egigurenek, jaso zuten saria.

Handik hilabetera, salaketa aurkeztu zuen Dignidad y Justicia elkarteak Gernikako alkatearen eta epaimahaian «konplize» izan zirenen kontra Espainiako Auzitegi Nazionalean. Salaketan, aipatutako elkarteak adierazi zuen epaimahaikideek «ondo baino hobeto» zekitela Otegiri espetxe zigorra ezarri diotela epai irmoz «ETAko kide izateagatik», eta, hala ere, «saria ematea, goraipatzea eta jendaurreko omenaldia egitea» erabaki zutela. Gernikako Udalak, Gernika Gogoratuz elkarteak, Kulturaren Etxeak eta Bakearen Museoak osatzen zuten epaimahaia, eta ekitaldian izan ziren, besteak beste, Gernikako alkate ohi guztiak.

Txostena eta bideoak

Pedraz epaileak tramiterako onartu du Dignidad y Justicia elkartearen salaketa, eta txosten bat egiteko eskatu dio Ertzaintzari. Txosten horretan zenbait agiri aurkeztu beharko ditu Ertzaintzak, esaterako, sariaren oinarriak eta saridunak nortzuk izango ziren ebazteko Gernikako Udalak hartutako erabakiaren agiria.

Era berean, froga gisa aurkeztu ahal izateko bideo batzuk eskatzeko agindu dio epaileak Ertzaintzari. Zehazki, Ertzaintzak sariak emateko ekitaldiaren grabazioa eskatuko dio Gernikako Udalari, eta EITBri, berriz, ekitaldiaren inguruan emandako albistearen grabazioa.

Gorroñok inputatu gisa deklaratu beharko du Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina oraingoz ez dute jakinarazi noiz izango den hori, ezta epaimahaia osatzen zuten gainerako elkarte eta erakundeen ordezkariak deklaratzera deituko ote dituzten ere.

EAren babesa

Eusko Alkartasuneko militantea da Gorroño, eta alderdi horrek «erabateko babesa» eskaini zion atzo alkateari zein «Euskal Herriak behar duen bake eta elkarbizitza ereduaren eraikuntzan erreferentzia den Gernikako Udalari», EAko Komunikazio idazkari Ikerne Badiolak adierazi zuenez.

Eusko Alkartasunaren iritziz, Auzitegi Nazionalaren ebazpen honen bidez «Espainiako Estatuak berriro erabaki du Euskal Herrian normalizazio, bake eta elkarbizitzaren eraikuntza lortzeko egiten ari den bidearen kontra jotzea».

Badiolak adierazi zuenez, «kezkagarriena da denboraldi politiko berri honetan Euskal Herria ahalegin handia egiten ari dela, eta estatuak, aldiz, arlo guztietan oztopoak jartzea besterik ez duela egiten».

Badiolaren ustez, Espainiako Auzitegi Nazionala eta Dignidad y Justicia elkartea «eragile arrotzak» dira, eta ezin dute baldintzatu euskal gizarteak egin nahi duen bidea.

EH Bilduk ere prentsa oharra plazaratu zuen, eta Gorroñoren kontrako auzia «gatazkaren konponbidearen, bakearen eta normalizazioaren aurkako beste jazarpen bat» dela salatu zuen. Era berean, babesa helarazi zien Gorroñori, Gernikako Udalari, epaimahaiari eta saria jaso zuten bi politikariei, «herri honen bakea eta normalizazio arloan egindako lana eta ekarpenak eskertzeko».

Sinbolismoz beterik

Apirilaren 26an Gernikan egindakoa sinbolismoz beteriko ekitaldia izan zen, eta Arnaldo Otegik eta Jesus Egigurenek bakearen alde egindako lanaren aitorpen jendaurrekorako ekitaldia ez ezik, Otegiren askatasuna eskatzeko aldarri ere bilakatu zen. Maria Egigurenek, buruzagi sozialistaren hamahiru urteko alabak, «bakearen alde lan egiten dutenak kartzelatik atera daitezela» eskatu zuen, eta Otegiren izena aipatu zuen berariaz.

Ezker abertzalearen buruzagiak, berriz, gutuna igorri zuen Gernikako ekitaldira, eta han irakurri zuten. Eskutitzean, Otegik eskerrak ematen zizkien bide horretan «laguntza eta babesa» eskaini ziotenei, eta Egiguren sartu zuen multzo horretan: «Asko zor dio Euskal Herriak hari. Harenkonpromisoak, leialtasunak eta zintzotasunak ekarri du Euskal Herria gaurko egoerara».

Bakearen Gernika saria Arnaldo Otegiri eta Jesus Egigureni eman behar ziotela jakinarazi zutenean, erreakzioak ugariak izan ziren, baita nazioartean ere. Adolfo Perez Esquivel Nobel saridunak eta Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak gutun bana igorri zuten, eta bi saridunak zoriondu zituzten, bakearen alde egindako lana goraipatzeaz batera.

Perez Esquivelek, esaterako, adierazi zuen «justua» iruditzen zitzaiola saria ematea «Euskal Herriko gatazkari irtenbide justu eta duina bilatzeko irmoki lan egin zutenei», eta «bakearen eraikitzailetzat» jo zituen bi politikariak. Adamsek, berriz, nabarmendu zuen Otegiren eta Egigurenen «ausardia» garrantzitsua izan dela Euskal Herriaren egoera aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.