Biztanleria (V). Migrazioak

Gehiago doaz, urriago datoz

Migrazioen joera irauli du krisiak, eta joaten direnak gehiago dira etortzen direnak baino; Hegoaldean, 14.000 gehiagok alde egin duteEspainiaz kanpoko immigrazioa %45 jaitsi da bost urtean, eta Espainiakoa %18 igo da

Gehiago doaz, urriago datoz.
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Etortzekoa izan da joera azken urteetan, eta nabarmen handitu da immigrazioa. Espainiaz kanpoko 12.000 etorkin ziren Hego Euskal Herrian 1991n, eta, gaur egun, 207.000 inguru. Baina aldatzen hasi da joera. «Immigrazioa ekonomiari lotutakoa izan da batez ere. Lanera etorri dira. Eta, krisiarekin, beheraldia etorri da». Gorka Moreno Ikuspegiko zuzendariarena da azalpena. Etortzen gutxiago ari dira, eta joaten, gehiago. Saldo negatiboa du Hegoaldeak dagoeneko: etorri baino jende gehiago ari da alde egiten. Aintzat hartzekoa da, halere, indarra hartu duen aldagai bat: beste herrialdeetakoa jaisten, eta Espainiako immigrazioa areagotzen ari da. Horrek mantsotu du beherakada.

Datuak lortzea korapilatsua da immigrazioari dagokionez. Paristik eta Madrildik taxutzen dituzte estatistikak, eta Euskal Herria ez dute kontuan hartzen. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan zailagoa da datuak biltzea. Batzuk badira, hala ere. 2010eko datuak eman berri ditu INSEE Frantziako estatistika erakundeak. 20.000 etorkin jo ditu Iparraldean —kontuan izan Frantziatik etorritakoak ez dituela etorkin gisara hartzen, baina bai Hegoaldetik joandako euskal herritarrak—. Alde handiak nabari dira: kostaldean %9,5 dira etorkinak, erakundearen arabera; barnealdean, %3.

Kostaldeko datu xeheagoak badira. Gaindegiak aztertu ditu, eta emaitza da %13 baino gehiago direla Frantziatik edo beste herrialde batetik etorriak. Hegoaldetik joandakoak ere etorkin gisara dituzte estatistiketan. Uste izatekoa da Espainiako nazionalitatearekin joan zirenak direla. Kostaldeko herritarren %1,3 lirateke.

Datu horiekin, Lapurdiko kostaldea Hegoaldeko batez bestekotik gora legoke immigranteen kopuruan. «Kontuan izan nazionalitatea askok lortu dutela, eta horiek estatistiketan ez direla ageri. Datuetan gutxiago izatea eragiten du horrek ere», dio Morenok.

Jaitsiera nabaria dagoela ezin da ukatu, nolanahi ere. «Asko jaitsi da immigrazioa azken hiru-lau urteetan. Etorkin askoz gehiago zetozen 2005ean edo 2006an. Oso nabarmen, geldialdi batean gaude». Krisia gogortuz joan ahala, beherantz segitu du immigrazioak: 2008an, 45.600 pertsona iritsi ziren Hegoaldera, eta iaz, 37.600—%18ko jaitsiera—. Kontua da bi joera batzen direla hor: jaitsiera orokorra eta Espainiatik datozenen gorakada. Banatuta aztertuz gero, ikusten da alde handia dagoela. Immigrazio osoaren kopuruari Espainiakoa kenduta, hau da egoera: 2008an, 25.900 lagun etorri ziren, eta iaz, 14.200 —%45eko jaitsiera da hori—. Aurkako bidean, goraldian dago Espainiatik Hegoaldera datozenen kopurua: 19.800 pertsona ziren orain bost urte; iaz,berriz, 23.400 —%18 gehiago da—.

Etorkinak dira Espainiatik etorritakoak ere, baina, Morenoren iritzian, jendeak ez dauka sentsazio hori: «Etorkinei buruz duen iritzia galdetzean, jendeari burura etortzen zaizkio marokoarrak edo boliviarrak, baina ez, beste garai batzuetan bezala, beste erkidegoetatik hona etorritakoak».

Emigrazioa, %57 gora

Emigrazioa ari da zeresana jartzen azkenaldian. Datuei erreparatuz gero, gorakada nabari da Hegoaldean. 2008an, 31.200 lagunek alde egin zuten beste herrialderen batera; gehienak Espainiara joan ziren, 18.800 inguru. Harrezkero, asko handitu da emigranteen kopurua, %57 inguru: 49.000 lagunek alde egin zuten 2012an. Baina, berriro ere, aldeak daude batzuen eta besteen artean. Espainiarako emigrazioa jaitsi egin da: %9 gutxiago joan dira.

Krisiak irauli egin ditu datuak, erabat. 2008an migrazio saldo positiboa zuen Hegoaldeak: joan baino 14.400 lagun gehiago etorri ziren. 2012an, ez: joan egin ziren etorri baino 11.400 gehiago. Espainiarekiko migrazioak kenduz gero, are nabarmenago: 2008an, 13.400 gehiago ziren etorri zirenak; iaz, 17.700 gehiago ziren joandakoak.

Joaten ari direla bistan dago, baina Morenok uste du hemen geratuko direla immigrante gehienak. «Gauzak ez dira automatikoak. Askotan, jatorrizko lurraldeak ez die hemen baino aukera hoberik ematen. Gainera, badituzte sustraiak hemen ere: askok seme-alabak izan dituzte, bertakoak dira, hemen egin dute bizitza... Eta, horrez gain, huskeria ez den kontu bat: etxea erosi dute askok, eta hipotekak baldintzatuta daude».

Etorkinak joaten hasi dira, baina azken hilabeteetan ezinegona eragin dute bertako gazteak ere joaten ari direla dioten albisteek. «Mito asko dago horretan», ohartarazi du Ikuspegiko ordezkariak. Nabarmendu du «oso ohikoa» dela gazteak kanpora joatea ikasketak egitera edo horiek amaitu eta gero. «Egia da egoera ekonomikoa horrela egonda jendeak aukera gehiago ikusten duela kanpora joateko, baina ez gara deskapitalizatzen ari inolaz ere».

Bertakoen emigrazioa, txikia

Datuak aztertuta, gorakada bat badago, baina zenbakiek ez dute zerikusirik ere emigrazio orokorrarekin. Hegoaldeko datuak: iaz, Espainia ez beste herrialde batzuetara 32.000 lagun joan ziren ia, eta horietatik 3.000k zeukaten Espainiako nazionalitatea —uste izatekoa da Hegoaldeko herritarrak direla gehienak, nahiz eta egongo diren etorkinak ere tartean—. Egia da, nolanahi ere, kopurua handitu egin dela aurreko urte batzuekiko; 2008an, esaterako, ia 2.200 pertsonak emigratu zuten.

Migrazioetan gorabeherak eragin ditu krisiak, eta immigranteekiko iritzi ezkorrak ere bai. «Egoera ekonomikoari oso lotuta dago iritzia. Egoera ona izan denean, positibotzat jo da immigrazioa. Guk nahi ez genituen lanpostuak betetzen zituzten. Orain jendeak eragozpen gehiago azaltzen ditu, azkenean lanpostu gutxi daudelako, murrizketa gehiago pairatzen ari direlako... Etorkinak lehia dira, batez ere okerren daudenentzat», esan du Morenok.

Hamarkada beteko gorakadari etena egin dio krisiak, eta moteldu du immigrazioaren abiada. Ez da handiegia izan, nolanahi ere, Ikuspegiko arduradunaren esanetan. «Etorkin gutxi dauzkagu, beste erkidego batzuekin alderatuz». Baina balio izan dute hamarkada hasieran atzeraezin zirudien bidea mantsotzeko. «Etorkinak ez balira etorri, biztanleak galduz joango ginen azken hamabost urteetan, eta zahartzea oraindik handiagoa izango zen».

Bihar: Imanol Esnaola Gaindegiko idazkariarekin elkarrizketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.