ETAren desarmatzea. Ondorena

Harremanetarako Taldea galdekatu du Frantziako Poliziak Baionan

Currin, Hazan, Kendall, Casale eta Spektorowski libre utzi zituzten Parisko Levert epailearen aginduz galdekatu osteanHarremanetarako Nazioarteko Taldea eta egiaztatzaileena nahasi ditu Poliziak

Brian Currin eta haren taldeko kide batzuk, atzo, Baionan, Paul Rios eta Xabi Larralderekin. AURORE LUCAS.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Haserre eta harriturik sartu ziren Baionako polizia etxera Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak. Brian Currin, Silvia Casale, Pierre Hazan, Raymond Kendall, Alberto Spektorowski eta Nuala O'Loan Baionako polizia etxera deitu zituzten, Parisko Laurence Levert epailearen aginduz. O'Loan ez zen agertu, ez baitzen Baionan. Sartu bezala, haserre eta harriturik atera ziren handik. «Oraindik ez dut ulertzen zergatik galdekatu gaituzten; harrigarria da», erran zuen Hazanek, abantzu hiru oreneko galdeketaren ondoren.

Arratsaldeko bostak inguru heldu ziren nazioarteko eragileak polizia etxera. Kanpoan, eragile ugari bildu zen haien sostenguz: hala nola Paul Rios Lokarriko koordinatzailea, Anaiz Funosas Bake Bideako eleduna, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezordea, Jean Lissar Berdeetako kidea, Jakes Bortairu ABkoa, Peio Dufau CGTkoa, Kotte Ezenarro Kontseilu Nagusiko presidenteordea, Xabi Larralde Sortukoa eta Sylviane Alaux Frantziako diputatua. Polizia etxera hurbiltzen saiatu zirelarik, bidea moztu zien poliziak. Eztabaida baten ondoren, polizia etxera sartzen utzi zuen lau pertsonaz osaturiko ordezkaritza. Hastapenean sartu ziren Alaux, Etxegarai, Ezenarro eta Larralde. Azken horri ez zioten sartzen utzi polizia etxeko atarian, eta Christophe Desprez Ipar Euskal Herriko Giza Eskubideen Ligako presidentea sartu zen haren ordez.

Luze bezain antzu

Bi oren eta erdiko galdeketaren ondotik atera zen Hazan. Jakinarazi zuen bi txandatan galdekatu zituztela: lehenean, Kendall, Currin eta Hazan bera, eta ondotik, Casale eta Spektorowski. Xehetasun gutxi zuen emateko. Galdeketak luze jo zuela erran zuen irria ezpainetan, Frantziako Poliziak ez zuelako lortzen informatika sistema martxan jartzerik. Baina ironiaren ondotik, jakinarazi zuen Poliziak nahasi zituela HNTko kideak eta egiaztatzaileen taldeko kideak. Galdeketa antzua izan zela errepikatu zuen, ETArekin loturarik ote zuten jakin nahi zuelako Poliziak.

«Erran diet, eta gainerateko kideek ere horrela adieraziko dute, Harremanetarako Taldeak ez duela neholako loturarik ETArekin, ez zuzenean, ez zeharka». Hiru aldiz errepikatu zuen hori.

ETAri buruz deus ez dakitela nabarmendu zuen. «Poliziaren helburu bakarra zen ETAko norbait ezagutzen ote dugun jakitea, eta haien argazkiak erakutsi dizkigute. Behin eta berriz ezetz erran ondotik, argazkiei begiratu diet kuriositatez; bistan da, nehor ezagutu gabe».

Hazanen ondotik atera ziren Currin eta Kendall, eta laster Casale eta Spektorowski. Guztien iritziz, Egiaztatzaile Batzordearekin nahasi ditu Poliziak.

Galdeketa nork burutu zuen itauntzean, ez zekiela erantzun zuen Hazanek. Galdeketa egin zuten bi poliziak Paristik jinak zirela jakinarazi zuen. «Terrorismo aferak» kudeatzen dituen Levert epailearen agindua zeukatela zehaztu zuen.

Kanpoan ere, harridura izan zen nagusi. Poliziak deitu ez zituen Aaro Suonio HNTko kidea eta Berghof Fundazioko Veronique Dudouet ere polizia hesiaren aitzinean egon ziren.

Atzoko galdeketari eman ahal zaion erantzunik egokiena gaur Bake Forumak emanen diola erran zuten eragileek, adierazpen publikorik egin gabe. Bake Bideak, Lokarrik eta Paue-Aturrialdeko unibertsitateak osorik atxiki dute egitaraua. Laurehun tokiak hartuak daudela jakinarazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.