Udalbiltza berriz sortzera dei egin die Loren Arkotxak hautetsi guztiei

Udalbiltzako auzipetuen izenean, eta egindako bidean sakontzeko asmoz, erakundea indar handiagoz sortzeko beharra azpimarratu duEskerrak eman ditu auziak iraun duen zortzi urteetan jasotako elkartasun guztiagatik

Arkotxa, Ugarteburu eta gainerako epaituak hautetsien artetik igarotzen. LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
«Merezi izan du». Hamabi urte bete berri dira Udalbiltzak lehen pausoak eman zituenetik, eta, ibilbide horren zati handiena auzi judizialak iraun duen azken zortzi urteek baldintzatuta egon bada ere, Loren Arkotxa Udalbiltzako lehendakariak atzo Iruñean azpimarratu zuen ondare oparoa utzi duela erakundeak atzean. Horregatik, «Euskal Herriko hautetsi guzti-guztiei» dei egin die ereindakoa hartu eta Udalbiltza berriro martxan jartzeko «indar handiagoarekin Euskal Herriaren eta herritarren zerbitzura jartzeko». Arkotxak nabarmendu du gizarte eragileen elkarlana «oso garrantzitsua» dela etorkizunerako, eta auzolan horretan Udalbiltzak «bide aberatsa eta emankorra» egin duela gogorarazi du: «Erein eta jorratzen hasitako bidean sakondu beharra dago».

Atzo, Iruñeko Carlos III zinema aretoan ekitaldi berezia egin zuten Udalbiltza gogoan. Izenburuak —Atzo, gaur eta bihar, aitortzatik etorkizunera— adierazi bezala, iragana eta etorkizuna presente izan ziren Iruñean. Hain justu ere, agertokia espresuki aukeratua izan zen. Izan ere, 1999ko otsailaren 6an, Euskal Herriko zazpi lurraldetako 666 alkate eta hautetsik adierazpen politiko bat izenpetu zuten Carlos III zinema areto berean, eta han ereindako hazi hartatik sortu zen Udalbiltza urte hartako irailaren 16an Bilboko Euskalduna jauregian.

Atzoko ekitaldian, hamabi urteotako ibilbidea aztertu zuten pausoz pauso, baita Auzitegi Nazionalaren aginduz 2003ko apirilean Udalbiltzaren aurka hasitako auzia ere. Hain justu ere, auzipetuen izenean hitz egiten azkena izan zen Loren Arkotxa. «Zenbat oroitzapen, zenbat sentimendu. Maribik [Ugarteburu] dioen moduan, zenbat tatuaje eta marka izan ditugun».

Berehala, oinazeen gainetik alde baikorrari heldu zion, eta esker oneko hitzak izan zituen: «Zer bide egin duen Udalbiltzak. Ikusi dugu non dituen sustraiak eta zer oparoa izan den, zenbat lagun dituen eta zer elkartasun lortu izan duen». Arkotxak argi du Udalbiltza etorkizunean baliagarri bada jende guztiaren lanari esker izan dela. «Horrek eman dio zilegitasuna, eta ez epaiak».

Geroari begira

Arkotxaren irudiko, Udalbiltza «erreferente instituzional» bat izan da, eta premiazkotzat jo du bide horretan sakontzea. Neurri berean, «lanabes ezin hobea» dela iritzi dio, barne kohesioa indartzeko eta lurralde desorekak gainditzeko. Horregatik, Udalbiltza sortzera dei egin ditu hautetsiak, eta horretarako oinarria Udalbiltzaren bost printzipioak direla aipatu du. Gainera, honako oinarriok ere aipatu ditu: gardentasuna, irekitasuna, elkartasuna, parte hartzea, eskubide guztien errespetua, demokratikotasuna eta bazterketarik eza. «Asko gustatuko litzaiguke gizarte eragile guztiekin auzolan erraldoia eginez Euskal Herriaren proiektu nazionala jorratzen hastea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.