Konponbide sozial eta politikoa izanen da EH Bairen ardatza

Aldaketarako xede orokorrak eta neurri zehatzak aurkeztu ditu koalizioak ekaineko hauteskundeei begira

Ezkerretik hasita, Anita Lopepe, Laurence Hardouin eta Peio Etxeberri-Aintzart, EH Baiko hautagaiak. NICOLAS MOLLO.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
EH Bai koalizioak aldaketarako proposamen orokorrak eta neurri zehatzak aurkeztu ditu Baionan, heldu den ekainean eginen diren Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeei begira. Aurkezpenean parte hartu zuten Anita Lopepe, Laurence Hardouin eta Peio Etxeberri-Aintzart hautagaiek eta Xabi Duhalde, Peio Menta eta Marie Christine Elizondo hautagai ordezkoek.

Proposamen orokorren atalean hiru ardatz nagusi bultzatuko ditu EH Baik; Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoaren konponbidea, gizarte eredu alternatiboa eta, azkenik, banakoen askatasuna bermatzea.

Gatazka politikoaren konponbidean berehalako neurriak erenabarmendu ditu Lopepek, hala nola errepresio ildoari bukaera ematea, euroagindua indargabetzea eta preso politikoak aske uztea. «Aieten adierazi bezala, gatazka politikoa gainditzeko ez da aski ondorioetan eragitea, eta gatazka bera sortu duten arrazoietan eragin behar da». Ikuspegi horretan bi elementu funtsezkotzat jo ditu, Ipar Euskal Herriaren ezagupen politikoa eta euskararen ofizialtasuna.

Ezagupen politikoari dagokionez, gogora ekarri du instituzioari buruzko eztabaida gai nagusia dela Ipar Euskal Herrian. Garapen Kontseiluan bertan lau proposamen egin dira, baina ororen buru bi gelditu dira, gauzak berdin segitzea proposatzen duena eta berezko instituzio autonomoa sortzea bultzatzen duena. EH Baik lurralde kolektibitate autonomoa aldarrikatuko du. Horretarako adostasunik zabalena bilatuko du, eta ondoren herri kontsulta eginen du.

Euskarak frantsesaren hein berean egon behar duela azaldu du Lopepek, eta horretan aitzinatzekoofizialtasuna eta legezko estatusa beharko ditu. Europako hizkuntza gutxituen ituna osotasunean izenpetu eta berresteko eskatuko diote Frantziari. Euskararen garapena finkatzeko politika tokiko instituzioaren eskumena izan behar duela dio EH Baik.

Lan gutxiago, denentzat

Sistema kapitalistak eragin duen krisialdi politiko, sozial, ekonomiko eta ekologikoari ezkerreko erantzun politiko integrala eman nahi dio EH Baik. Aberastasunak partekatu behar direla nabarmendu du Etxeberri-Aintzartek: «Lan oren gutxiago egitea proposatzen dugu, dagoen lana guztien artean partekatzeko, aberastasuna bezala». 32 oreneko lan astea hobesten du EH Baik gaur egun indarrean dagoen 35 oreneko lan astearen ordez.

Lan munduan indarrean dauden diskriminazio mota guztiak bertan behera gelditu behar direla azpimarratu du, bai emazteek soldatetan eta lan baldintzetan pairatzen duten diskriminazioa, bai jatorri, sinesmen edo kultur arrazoiengatik sustatzen den diskriminazio mota oro.

Zerbitzu publikoak «blindatu» behar direla dio EH Baik, horiek pribatu bihurtzeko ekimenak indargabetuz. Gisa berean, demokrazia parte hartzailearen irizpideak bultzatu nahi ditu garraio publikoan. Atalkako azterketak baztertu, eta ikuspegi orokorrean oinarritutako azterketa hobesten du azpiegituren atalean, portuak, errepideak, autobideak trenbideak eta aireportuak Euskal Herriaren beharretatik gogoetatuz. AHTaren aurkako jarrera irmoa bultzatuko du.

Politikaren muinean norbanakoa kokatu behar dela dio EH Baik, proposamen kolektiboak bultzatu ahal izateko. «Sarkozyren segurtasun politikak ez du segurtasunik eragin, askatasunen zangopilatzea baizik», erran du Hardouinek. DNA fitxaketak, bideo-zaintza sistemak eta errepresio logikak bertan behera uzteko eskatzen du. Gisa berean, Atxikitze zentroak ixtea proposatzen du, eta Frantzian dauden pertsona guztien erregularizazioa eskatu.

Frantzian, hamarreko lehia

Frantziako Presidentetzarako hauteskunde kanpaina apirilaren 9an abiatu zen ofizialki. Hamar hautagai izanen dira, zazpi gizon eta hiru emazte.Apirilaren 22an eginen da lehenitzulia. UMPko Nicolas Sarkozy eta PSko François Holland dira aukera gehien dituzten hautagaiak. Inkestek bertze hiru hautagai jartzen dituzte ondoren, Ezkerreko Fronteko Jean Luc Melenchon, MoDemeko Francois Bayrou eta FNko Marine Le Pen. Urruti daude gaineratekoak, Lutte Ouvriereko Nathalie Arthur, Jacques Cheminade, Nicolas Dupont-Aignan gaullista, Europe Ecologie-Verts-eko Eva Jolie eta NPAko Philippe Poutou.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.