«Ilegalizazioen zikloa ixteko» eskatu diote Espainiari

D3M eta Askatasunako kideen aurkako epaiketa eteteko eskatu dute EAk, Alternatibak, ezker abertzaleak eta Aralarrek

Erredakzioa
Donostia
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
D3M plataformako eta Askatasuna alderdiko kideen aurkako epaiketa hasiko da datorren ostegunean Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta horren inguruko interpretazio bateratu bat egin dute ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek. Lau alderdiok salatu dutenez, euskal gizarteari hauteskundeetarako eskaintza bat egiteagatik epaituko dituztehamahiru euskal herritar Madrilen. Alderdion ustez, «guztiz politikoa» da epaiketa, eta«oso larria» da hamahiru lagun akusatuen jarlekuetan esertzea.

Ezker abertzaleko Maribi Ugarteburuk, EAko Iban Asenjok, Alternatibako Oskar Matutek eta Aralarreko Axer Lertxundik eman dute prentsaurrekoa, elkarrekin. Agerraldian, Espainiako Estatuari eskatu diote «konponbidearen aldeko ildoa hartzeko». Horretarako, ezinbestekotzat jo dute «legez kanporatzeen zikloa» behingoz ixtea, baita «jarduera politikoen kontrako jazarpenaren zikloa» ere. Beraz, exijitu dute «behin betiko eteteko» datorren ostegunean abiatuko den epaiketa eta tankera bereko auziak.

Uste dute hamahiru lagun horien aurkako epaiketa, «ilegalizazio politiken luzapena» ez ezik, eskubide zibil eta politikoen urraketa larri bat ere badela: «Euskal herritarren gehiengo zabal batek behin betiko gainditu nahi duen legez kanporatze politikaren beste antzezpen bat da». Gaineratu dute epaiketak «zio politiko» nabarmena duela.

Jakinarazi dutenez, ostegun honetan ordezkaritza bat egongo da Madrilen lau alderdien izenean,D3Mko eta Askatasunako auzipetuei elkartasuna eta babesa emateko.

Herri mobilizazioa

Espainiako Gobernuak aro berrian duen jarrerarekin kezkatuta daude lau alderdiak, uste baitute estatua ez dela kontuan hartzen ari euskal gizartearen nahia. «Euskal Herrian, gehiengo sozial eta politikoak argi eskatzen dio estatuari jarrera eraikitzailea har dezala gatazka politikoa konpontzeko aukera historikoaren aurrean», gogorarazi dute.

Haien aburuz, ezinbestekoa da Espainiako Gobernua «mugitzera» behartzea; horretarako, esan dute funtsezkoa dela herri mobilizazioari eustea eta hori indartzea. Horrela, lau alderdiek bat egin dute epaiketa politikoak salatzeko Eleak mugimenduak datorren larunbaterako deitutako manifestazioarekin, eta parte hartzeko eskatu diete euskal herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.