Lebranchuk ez du baztertu Ipar Euskal Herrian egungo egiturari eusteko aukera

Deszentralizazio ministroak ez du argitu zer erantzun duen Frantziako Gobernuak Euskal lurralde elkargoaren eskaerari begiraIpar Euskal Herriak konpondu beharreko arazo instituzional bat duela dio ministroak

Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroa, atzo, Miarritzen egin zen herri eta hiri elkargoen topaketan. NICOLAS MOLLO.
Jenofa Berhokoirigoin.
Miarritze
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
«Tresna instituzional berezi bat ote da behar duguna? Beharbada ez; beharbada egiten dakigunarekin segitu beharko dugu»esaldiarekin sentitzen da Frantziako gobernuak ez duela baztertzen euskal lurralde elkargoaren galderari uko egin eta orain arteko egituraketarekin jarraitzea. Mezu hori bidali zuen atzo Miarritzen (Lapurdi) Marylise Lebranchu Frantziako Deszentralizazio ministroak.

Miarritzen egon zen, herri eta hiri elkargoen 23. topaketen karietara. Hautetsien Kontseiluak pausatu eskaerari buruzko aipamenik ez zuen egin jardunaldian, baina euskal lurralde elkargoari buruz kazetariek egin galderei erantzun behar izan zien ondotik. Ez zuen argitu Frantziako Gobernuaren jarrera, urriaren 11n Hautetsien Kontseiluaren ordezkaritzarekin bildu aitzin hori zehaztea «huts» bat litzatekeela erranik. Egituraketa proposamen ezberdinak mahai gainean daudela zehazturik, honelako erantzun lausoak eman zituen, besteak beste: «Ez diot atea ezeri ixten, baina ez diot ezeri ere irekitzen».Ipar Euskal Herrian «konpondu beharreko arazo» bat dagola argi dauka, eta «aterabide on» bat atzemanen dela uste du Deszentralizazio ministroak.

Eskaera entzuteko prest

«Hemen arazo bat dago, eta ez da aterabiderik gabe utzi behar. Erantzun instituzional bat izanen ote da? Ez dut uste espero den erantzuna denik. Baina aztertuko dugu hori ere», Lebranchuren hitzetan. Atzo argi utzi zuen ez duela «inolako arazorik» aldarrikapen horretaz hitz egiteko.

Zehaztu zuenez, Ipar Euskal Herriaren gobernantzaren gaia gobernura eramen du ondoko astean. Bitartean, ostegunean bilduko da Hautetsien Kontseiluak izendatu ordezkaritzarekin. Deszentralizazioaren erreformaren barruan Ipar Euskal Herriari buruzko atal berezi bat izatea galdatzeaz gain, lurralde elkargoaren hipotesia ikertzeko ere eskatuko diote Lebranchuri.

Atzo egin zen gisara, tokiko eragileen iritziak biltzen dabil gobernua, ondotik horiek kontuan hartzeko lege proiektuan. Dena dela, lege proiektua jada idatzia daukate, eta horrela hitz egiteko «denbora gutxi» daukatela zehaztu zuen Miarritzen ministroak, 2014rako gauzatua izan beharko delako. Estatua eta lurralde elkargoak «elkarri hurbiltzeko» erreforma eginnahi du gobernuak. Zentzu horretara joateko dute sortuko Lurraldeen Goi Kontseilua, biak elkar gurutzatzeko gunea izan dadin. Finantza krisia gogoan ukan zuen ministroak herri eta hiri elkargoetako ordezkariei hitz egiteko orduan: «Lurralde elkargorik gabe, hazkunderik ez dugu ukango; krisiari hobeki aurre egitea ahalbidetu dute».

Deszentralizazio pausoak emateko orduan «lurraldearen aniztasuna begiratuko eta kontuan hartuko» dutela berretsi zuen. Hori izan zen haren hitz hartzean Ipar Euskal Herriari egindako begi kliska bakarra. Lurraldeen berezitasunak kontuan hartzeko gisan, esperimentatzeko prozedura aipatu zuen.

Mintegia tokiko demokraziaz

Tokiko demokraziari buruzko mintegiaren lehen eguna izan zen atzo Senatuan. Milako bat hautetsi bildu ziren, Deszentralizazioaren III. Akta marrazteko bidean emandako pauso berri horretan.

Gaur jarraituko du ariketak, Deszentralizazioaren eragileen arteko harremanak eta Deszentralizazioko eragileen ahalak eta herritarrekin lotu harremanak gaien inguruan antolatu eztabaidekin. François Hollande presidenteak hitza hartuko du goiz honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.