Albistea entzun

«Herritarren eskutik» egin nahi du Sortuk iraultza demokratikorako bidea

«Euskal Herri osoko independentista eta sozialisten herritar batasun historikoaren adierazpen politiko berria» izango da Sortu

Donostian aurkeztu dute eratze prozesua, gutxienez 293 herri eta auzotan egingo dena
Sorturen eratze prozesua aurkezteko agerraldian 250 lagunetik gora izan ziren, atzo, Donostian. Ugarteburuk eta Barrenak hartu zuten hitza.
Sorturen eratze prozesua aurkezteko agerraldian 250 lagunetik gora izan ziren, atzo, Donostian. Ugarteburuk eta Barrenak hartu zuten hitza. I. ZABALETA / ARP

Hodei Iruretagoiena -

2012ko azaroak 11 - Donostia

«Fase politiko berria iraultza demokratikoa lortzeko baliatu behar dela pentsatzen dugu Sortzaileok». Hala adierazi du Pernando Barrenak, Sorturen eratze prozesua aurkezteko agerraldian. 250 kidek baino gehiagok hartu dute parte «Euskal Herri osoko ezkertiar independentisten bilgune politikoa» izateko helburua duen antolakundearen aurkezpenean. «Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren ondarea eta, aldi berean, Zutik Euskal Herria ekarri zuen eztabaida estrategikoan egindako eguneratzea jasotzen dituen antolakundea izango da Sortu», zehaztu du Maribi Ugarteburuk.

Donostiako Eureka zientzia museoan aurkeztu dituzte Sortzaile izeneko Sorturen eratze prozesuaren xehetasunak, eta hainbat adinetako «Sortzaileak» elkartu dira horretarako. Ugarteburu eta Barrenaz gain, bertan izan dira ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Txelui Moreno, Tasio Erkizia, Joseba Alvarez eta Asier Arraiz; Amaiurreko diputatu Xabier Mikel Errekondo eta Maite Aristegi; eta Nafarroako Bilduko parlametari Bakartxo Ruiz, besteak beste.

Esku artean zuten prozesuko lehen txostena, oinarri ideologikoak eta antolakuntza eredua lantzen dituena. Ugarteburuk azaldu duenez, 300 lagun inguru aritu dira txosten hori osatzeko lanean, joan den udaberriaz geroztik. Horretarako, eskualdeka antolatu dituzte lantaldeak. Ideia nagusien inguruko «kontraste prozesu bat» izan dela zehaztu du ezker abertzaleko kideak, eta ekarpen eta zuzenketak ere jaso dituztela herriz herri. Txosten hori banatua dute militanteen eta oinarri sozialaren artean, eta Interneten ere ikus daiteke, Sorturen webgunean sartuta (www.sortu.net).

«Aldaketa sakona»

«Herritar batasun historikoaren adierazpen politiko berria» izango da Sortu, eta Euskal Herri osoko ezkertiar eta independentistak batu nahi ditu, Ugarteburuk azaldu duenez. Modu horretan, eratze prozesuan parte hartzeko gonbita egin dio Euskal Herri independente eta sozialista eraiki nahi duen orori, «lehenago ezker abertzaleko kide izan ala ez». Izan ere, «herritarren eskutik» egin nahi du bidea Sortuk, «iraultza demokratikoa» gauzatzeko.

Barrenak zehaztu du «lehentasun» izango dela Euskal Herriarentzako esparru demokratikoa lortzea; hau da, Euskal Herriaren aitorpen politikoa eta erabakitze eskubidea bermatuko dituen agertokia eskuratzea. Hala ere, hori baino gehiago da «iraultza demokratikoa», ezker abertzaleko kidearen esanetan. Izan ere, adierazi du gaur egun demokraziatzat jotzen direnak «kamuflatutako diktadura politiko eta ekonomikoak» baino ez direla: «Kapitalismo neoliberala demokrazia lapurtzen ari zaie herriei eta herritarrei». Horrez gain, uste du «elite politikoek» gizartearen mobilizazioa indargabetu nahi dutela, baita aldaketa politiko eta ekonomikoa lor dezaketen «benetako alternatibak» saihestu ere.

Horri guztiari aurre egiteko tresna izan nahi du Sortuk, Barrenaren hitzetan: «Sortuk haize berria ekarriko du». Hain zuzen, «aldaketa sakona» bultzatuko duen aukera gisa aurkeztu du antolakunde berria, «iraultza demokratikoa» abiarazteko bitarteko gisa: «Herri honen askatasunerako tresna baino ez dugu izan nahi». Bide horretan, Euskal Herria berrantolatzea beharrezkoa da, Sorturen bultzatzaileen ustez, bai gizarteari dagokionez, bai instituzioei dagokienez: «Euskal gizarteak botere erreala izan behar du eskura». Indar metaketan sakontzea, Euskal Herria Bilduren inguruko aliantza politikoa sendotzea, eta sindikatu eta eragile sozialekin elkarlana bultzatzea izango dira horretarako bide nagusiak.

«Prozesu herritarra»

Eratze prozesuari berari dagokionez, Ugarteburuk adierazi du herri eta auzoetako batzarrak metodologia parte hartzailearekin egingo dituztela. Horretarako, talde txikien bidez egingo dituzte eztabaidak, eta, ondoren, guztien arteko eztabaidarako tartea utzi. Bozketak ere batzar osoaren artean egingo dituzte, besteak beste, arduradunak izendatzeko eta eztabaidagai den txostenari aldaketak egiteko. Herriz herriko lantaldeak ere sortuko dituzte, parte hartzea sustatzeko. «Prozesu herritarra egin nahi dugu, eta horretarako, herritarrekin batera egingo dugu», nabarmendu du Ugarteburuk.

Ezker abertzaleko kideak iragarri du Hego Euskal Herriko 293 auzo eta herritan egingo dituztela eratze batzarrak: Gipuzkoako 71tan, Bizkaiko 110etan, Arabako 49tan eta Nafarroako 63tan. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan ere abiatu dute prozesua, baina ezberdina izango da eztabaiden egutegia. Dena den, otsaileko kongresuak bilduko ditu lurralde guztiak. Nazio osokoa izango da, beraz, prozesua.

Dabilen harriari goroldiorik ez. Esaera hori ekarri du gogora Barrenak, ekitaldiaren amaieran: «Sortuk ez dio lekurik hartzen utziko ez neoliberalismoaren goroldioari, ez Espainia eta Frantziaren herdoilari. Aurrez aurre izango gaituzte. Zin egiten dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Jakes Abeberri abokatu, politikari, dantzari eta euskaltzale abertzalea, Miarritzen. ©DANIEL VELEZ

Abertzaleen ibilbidean erreferente

Jone Arruabarrena Ekhi Erremundegi Beloki Iñaki Etxeleku

Jakes Abeberri hil da, 92 urte zituela. Enbata mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen, eta izen bereko aldizkariaren zuzendari. Astelehenean omenduko dute, Miarritzeko elizan

Euskal kulturaren «pizkundearen sortzailetzat» jo dute Abeberri

Ainize Madariaga

Euskal Dantzarien Biltzarreko presidente izan zen. Abeberrik dantza profesionalizatzearen alde eginiko lana nabarmendu du Filgi Claveriek

Jakes Abeberri hil da, abertzaletasun mugimenduan erreferentea

Jone Arruabarrena - Ekhi Erremundegi Beloki-Ainize Madariaga

Enbata mugimenduaren sortzaileetako bat eta izen bereko aldizkariaren zuzendari izan zen Abeberri. 92 urterekin zendu da.

Foro Sozialak gonbidatuta, «Memorien elkarrizketa» proiektuan parte hartu duten boluntarioak, Nafarroako Parlamentuan. ©Iñigo Uriz / FOKU

Foro Sozialak 'Memorien elkarrizketa' proiektua aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan

Ion Orzaiz

Indarkeriaz gogoeta egin eta «elkarrizketarako espazioak» sortzeko beharra aipatu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...