«Herritarren eskutik» egin nahi du Sortuk iraultza demokratikorako bidea

«Euskal Herri osoko independentista eta sozialisten herritar batasun historikoaren adierazpen politiko berria» izango da SortuDonostian aurkeztu dute eratze prozesua, gutxienez 293 herri eta auzotan egingo dena

Sorturen eratze prozesua aurkezteko agerraldian 250 lagunetik gora izan ziren, atzo, Donostian. Ugarteburuk eta Barrenak hartu zuten hitza. I. ZABALETA / ARP.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2012ko azaroaren 11
00:00
Entzun
«Fase politiko berria iraultza demokratikoa lortzeko baliatu behar dela pentsatzen dugu Sortzaileok». Hala adierazi du Pernando Barrenak, Sorturen eratze prozesua aurkezteko agerraldian.250 kidek baino gehiagok hartu dute parte «Euskal Herri osoko ezkertiar independentisten bilgune politikoa» izateko helburua duen antolakundearen aurkezpenean. «Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren ondarea eta, aldi berean, Zutik Euskal Herria ekarri zuen eztabaida estrategikoan egindako eguneratzea jasotzen dituen antolakundea izango da Sortu», zehaztu du Maribi Ugarteburuk.

Donostiako Eureka zientzia museoan aurkeztu dituzte Sortzaile izeneko Sorturen eratze prozesuaren xehetasunak, eta hainbat adinetako «Sortzaileak» elkartu dira horretarako. Ugarteburu eta Barrenaz gain, bertan izan dira ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Txelui Moreno, Tasio Erkizia, Joseba Alvarez eta Asier Arraiz; Amaiurreko diputatu Xabier Mikel Errekondo eta Maite Aristegi; eta Nafarroako Bilduko parlametari Bakartxo Ruiz, besteak beste.

Esku artean zuten prozesuko lehen txostena, oinarri ideologikoak eta antolakuntza eredua lantzen dituena. Ugarteburuk azaldu duenez, 300 lagun inguru aritu dira txosten hori osatzeko lanean, joan den udaberriaz geroztik. Horretarako, eskualdeka antolatu dituzte lantaldeak. Ideia nagusien inguruko «kontraste prozesu bat» izan dela zehaztu du ezker abertzaleko kideak, eta ekarpen eta zuzenketak ere jaso dituztela herriz herri. Txosten hori banatua dute militanteen eta oinarri sozialaren artean, eta Interneten ere ikus daiteke, Sorturen webgunean sartuta (www.sortu.net).

«Aldaketa sakona»

«Herritar batasun historikoaren adierazpen politiko berria» izango da Sortu, eta Euskal Herri osoko ezkertiar eta independentistak batu nahi ditu, Ugarteburuk azaldu duenez. Modu horretan, eratze prozesuan parte hartzeko gonbita egin dio Euskal Herri independente eta sozialista eraiki nahi duen orori, «lehenago ezker abertzaleko kide izan ala ez». Izan ere, «herritarren eskutik» egin nahi du bidea Sortuk, «iraultza demokratikoa» gauzatzeko.

Barrenak zehaztu du «lehentasun» izango dela Euskal Herriarentzako esparru demokratikoa lortzea; hau da, Euskal Herriaren aitorpen politikoa eta erabakitze eskubidea bermatuko dituen agertokia eskuratzea. Hala ere, hori baino gehiago da «iraultza demokratikoa», ezker abertzaleko kidearen esanetan. Izan ere, adierazi du gaur egun demokraziatzat jotzen direnak «kamuflatutako diktadura politiko eta ekonomikoak» baino ez direla: «Kapitalismo neoliberala demokrazia lapurtzen ari zaie herriei eta herritarrei». Horrez gain, uste du «elite politikoek» gizartearen mobilizazioa indargabetu nahi dutela, baita aldaketa politiko eta ekonomikoa lor dezaketen «benetako alternatibak» saihestu ere.

Horri guztiari aurre egiteko tresna izan nahi du Sortuk, Barrenaren hitzetan: «Sortuk haize berria ekarriko du». Hain zuzen, «aldaketa sakona» bultzatuko duen aukera gisa aurkeztu du antolakunde berria, «iraultza demokratikoa» abiarazteko bitarteko gisa: «Herri honen askatasunerako tresna baino ez dugu izan nahi». Bide horretan, Euskal Herria berrantolatzea beharrezkoa da, Sorturen bultzatzaileen ustez, bai gizarteari dagokionez, bai instituzioei dagokienez: «Euskal gizarteak botere erreala izan behar du eskura». Indar metaketan sakontzea, Euskal Herria Bilduren inguruko aliantza politikoa sendotzea, eta sindikatu eta eragile sozialekin elkarlana bultzatzea izango dira horretarako bide nagusiak.

«Prozesu herritarra»

Eratze prozesuari berari dagokionez, Ugarteburuk adierazi du herri eta auzoetako batzarrak metodologia parte hartzailearekinegingo dituztela. Horretarako, talde txikien bidez egingo dituzte eztabaidak, eta, ondoren, guztien arteko eztabaidarako tartea utzi. Bozketak ere batzar osoaren artean egingo dituzte, besteak beste, arduradunak izendatzeko eta eztabaidagai den txostenari aldaketak egiteko. Herriz herriko lantaldeak ere sortuko dituzte, parte hartzea sustatzeko. «Prozesu herritarra egin nahi dugu, eta horretarako, herritarrekin batera egingo dugu», nabarmendu du Ugarteburuk.

Ezker abertzaleko kideak iragarri du Hego Euskal Herriko293 auzo eta herritan egingo dituztela eratze batzarrak: Gipuzkoako 71tan, Bizkaiko 110etan, Arabako 49tan eta Nafarroako 63tan. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan ere abiatu dute prozesua, baina ezberdina izango da eztabaiden egutegia. Dena den, otsaileko kongresuak bilduko ditu lurralde guztiak. Nazio osokoa izango da, beraz, prozesua.

Dabilen harriari goroldiorik ez. Esaera hori ekarri du gogora Barrenak, ekitaldiaren amaieran: «Sortuk ez dio lekurik hartzen utziko ez neoliberalismoaren goroldioari, ez Espainia eta Frantziaren herdoilari. Aurrez aurre izango gaituzte. Zin egiten dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.