18. Korrika. Bederatzigarren eguna

Euskarak jarri dio kolorea

Bizkaiko Ezkerraldean jendetza handia bildu du Korrikak, Meatzaldean eta Uriben bezala; omenaldia egin diete ekinbidea sortu zuteneiEguna badator: gaur Donostiara helduko da Korrika, eta bihar izango du azkena, Baionan

Barakaldon ere jende talde handiek bat egin zuten Korrikarekin, atzo egun osoan bezala. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Barakaldo
2013ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Grisarekin lotzen dira maiz, kearekin eta kutsadurarekin. Bizkaiko Meatzaldea eta Ezkerraldea. Industriaren ameslekuak. Erdararekin lotzen dira maiz, euskararen ahuldadearekin eta ezinarekin. Bizkaiko Meatzaldea eta Ezkerraldea. Euskara zabaltzeko ameslekuak. Grisari kolorea jarri zioten atzo, ordea; ametsari egia bihurtzeko bidea jartzen jarraitu zuten. 18. Korrikara bilduta, jendetza handiak adierazi zuen euskara indartu nahi dutela eskualde horietan, elkarri euskara eman nahi diotela, koloreak nahi dituztela grisaren partez. Eta horretan jarria dute itxaropena, haurrengan. Milaka eta milaka atera ziren atzo lasterka, edo jarri ziren bide bazterrean erne-erne. Euskara ke artetik ateratzeko asmotan.

Amaitzear du bidea aurtengo lasterkaldiak. Bizkaian egin zuen atzoko eguna —goizaldea ere han igaro du, kostaldean—, eta Gipuzkoara sartuko da gaur, kostaldeari jarraituz. Donostian hitzordua gaur iluntzerako jarri dute; Martutene aldetik sartuko da Gipuzkoako hiriburura, eta 21:00ak pasatuta iritsiko da erdialdera. Korrikak bihar du azkena, Baionan.

Goizean goiz hasi zen mugimendua atzo Meatzaldean. Kilometro berezi bat zuten Trapagaranen: AEK-ko bost lankidek 50 urte bete dituzte aurten, eta jaiotza urtearen zenbaki bereko kilometroa erosi zuten, 1.963a. Korrikako kilometroak iragartzeko erabiltzen dituzten seinaleen gisakoak jantzita osatu zuten bidea.

Jendea eta jende gehiago hortik aurrera. Portugaleten, Sestaon eta Barakaldon gainezka egin zuten kaleek Korrika pasatzearekin. Eskolek hartu zuten aparteko tokia herri horietan; kilometroak erosi dituzte, eta ikasleak oldean hartuta osatu zituzten. Aipatzekoa da, edonola ere, ikasle gazteenek egin zutela irrika handiagoz korrika; azkarrago hartu zuten etsia 14-15 urteko ikasleek, malda koskorren bat izanez gero.

Mugarria, traineruan

Barakaldotik Erandiorakoa izan zen beste kilometro berezia. Kolorea jarri ziona egunari. Ibaiaren bi aldeetara geratzen dira herri horiek, eta traineruan eraman zuten lekukoa bi arraun taldek: Kaikuk eta Lutxanak. Ibaiaren bi aldeetara batu zen jendetza hori ikustera, eta suziriekin eman zuten abisu bidean zela. Kilometro mugarria izan zen ibaikoa, gainera: 2.000.a.

«Itsasadarra Erandioko sinboloa da, eta garrantzi handia dauka guretzat», azaldu du Maitane Aranagak. Hark eraman zuen lekukoa behin lehorrera iritsi zenean, Erandion, haurtxo bat besoan hartuta. Egoera ez dela ona ohartarazi du: «Herriko eskoletan euskararen erabilera nola dagoen aztertu berri dute, eta erantzuna ez da oso ona izan. Aurrera jarraitu beharko dugu». Aranagaren ostean, LABeko ordezkari Manu Barreirok hartu zuen lekukoa: «Kalean gutxi entzuten da euskara, eta oso garrantzitsua da Korrika».

Kostaldera jo zuen handik lasterketak. Erromon, hurrengo hitzordua: Korrikaren sortzaileetako bik, Joseba Campok eta Urtsa Errastik, kilometroa egin zuten, eta omen egin zieten. Segidako kilometroan, berriz, hil berri den Lurdes Artetxe hartu zuten gogoan Korrikako eta AEK-ko arduradunek; urteetan euskara irakasle aritu zen, eta orain hilabete inguru zendu zen. Lore sorta bat eman zieten haren senideei, eta kilometro bat egin zuten haren omenez.

Mungia alderako bidea hasi zuen arratsean lasterketak, ondoren kostaldera itzultzeko, Bermeo eta Lekeitio aldera. Iluntzerako prest ziren. Mungian, adibidez, ikurrinak banatzen ari zen Geure Ikurrak taldea, Espainiako bandera «inposatu» dutela salatzeko. «Mugimendu gutxi» zegoela adierazi zuen Saioa Aionak. «Gero bizituko dugu, Korrika iristean». Jendetza biltzea lortu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.