Biztanleria (II). Eskualdekako egoera

Gero eta pilatuago, gero eta hutsago

Hiri inguruetara eta kostaldera biltzen ari da biztanleria, Lapurdi kostaldera eta Iruñerrira batik bat; mendialdeak husten jarraitzen duHerritarren erdiak hamabost herritan pilatu dira; herrien %60k ez dituzte mila lagun ere

Gero eta pilatuago, gero eta hutsago.
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Hiritartzen ari dira euskal herritarrak. Hiriburuetan eta haien inguruan ari da jendea pilatzen, eta kostaldean. Azken urteetan ikusteko moduan handitu da biztanleria leku horietan: Iruñerrian, %40 gehiago dira 30 urteren buruan, 100.000 lagun gehiago. Lapurdin ere nabarmena da igoera eskualde guztietan; Lapurdi Erdialdean, adibidez, %81 hazi da herritarren kopurua —11.000 lagun gehiago dira—. Mendialdean, aldiz, etenik gabekoa da biztanleen galera, batez ere Pirinio bazterrean. Zuberoan, Basabürüa inguruan, %17 herritar galdu dituzte 30 urtean. Galera bikoitza da, gainera: herritar gazteak ari dira alde egiten, eta asko zahartzen ari da mendialdea.

Mundu osoan nabaritzen ari da joera berbera: hiriak indarra hartzen ari dira, herri koskorragoen kaltetan. Euskal Herrian ere hori bera gertatzen ari da. Hori bultzatu delako, azkenean. «Hiri ikuspegi batetik egin da lurralde antolaketa, eta ez diegu behar adinako garrantzia eman landa eremuko pertsonei». Peio Lozano EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia irakasleak uste du Euskal Herriko leku guztiekin ez dutela «konpromisorik» izan erakundeek eta gizarteak, eta horren ondorioak areagotzen ari direla orain.

Argia da datua: euskal herritarren erdiak hamabost herritan pilatuta daude. Hauek dira: Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Donostia, Barakaldo, Getxo, Irun, Portugalete, Santurtzi, Baiona, Basauri, Errenteria, Angelu, Tutera eta Leioa. Herrien %2, eta herritarren %49. «Pilaketa batera joan gara. Hori bai, herrialdearen arabera. Bizkai aldean nabaritu da hori, eta Araban, askoz ere gehiago». Lau arabarretik hiru Gasteizen bizi dira; Bizkaian, hiru herritarretik bat, Bilbon. Eskualde osoa hartuta ikusten da pisua: Bilbo Handian batu dira lau bizkaitarretik hiru.

Zabaltzen joan dira hiriak. «Nolabait esateko, bete gabe geratzen zaizkigun lekuak oso txikiak dira, eta denborarekin kalitatea galtzen joan dira», ohartarazi du Lozanok. «Lurraldea bera mugatua da, eta arrisku larrian jarri dugu. Etxeak, errepideak, trenbidea...».

Zabalkundea ez da hainbesterakoa izan, Elena Lete Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hirigintza zuzendariaren iritziz. «Gure lurraldeak trinkotasun kutsua beti eduki du. Daukagun orografiak hazkundea mugatu du». Orografiak sortu ditu aldeak, bai: Bilbon eta Donostian mugatuagoa da hazkundea Gasteizekin eta Iruñerriarekin alderatuta.

Gendulain, bigarren herria

Iruñerrikoa adibide argia da: zabaldu eta zabaldu, etxeak egin eta egin aritu dira urteetan. «Lurralde antolaketaren ikuspegitik ez da batere egokia izan. Justu kontrakoa», azaldu du Lozanok. Iruñea bera nabarmen handitu da azken hamarkadetan: 93.000 biztanle inguru zituen 1960an, eta orain ez ditu urruti 200.000. Kontua da ingurua ere hiritartzen joan dela eta oso biztanle gutxiko herriak gainezka daudela orain. Adibidez: Burlatak 1950ean 2.000 biztanle ere ez zeuzkan, eta orain 18.000 baino gehiago ditu; Zizur Nagusian 300 lagun bizi ziren, eta, orain, 14.000 baino gehiago. Barañaingo egoera are nabarmenagoa da: 1960an 66 lagun bizi ziren; gaur egun badira 21.400 baino gehiago. Muturreko biztanle dentsitatea du herri horrek: 15.410 lagun bizi dira kilometro koadroko.

Bide hori indartzeko asmo sendoa izan du, gainera, Nafarroako Gobernuak. Gendulain. Garia eta belarra besterik ez duten lursailetan Nafarroako bigarren hiria egiteko asmoa izan zuen UPNren gobernuak, eta, paperaren gainean, proiektuak hor segitzen du. 18.400 etxe, 55.000 lagun. Lurralde antolaketa okerrari espekulazioa batu zitzaion, Lozanoren iritziz. «Erokeria hutsa da. Hirigintza efektuaren hurrengo pausoa izan zen. 'Nola denek eraikitzen duten, guk ere eraiki beharko genuke'». 400 milioiko negozioa egin nahi zuten.

Kasu argia da Gendulaingoa, baina ez bakarra. «Araban ere badira benetako parrastadak. Gasteiz inguruan izugarri eraiki da, eta gehiena hutsik dago». Arabako hiriburua dezente zabaldu da azken hamarkadetan, baina egoera «bideratuta» dagoela uste du Letek. Hanka sartzea izan zela berretsi du, edonola ere, Lozanok: «Nahiz Espainiarekin konparatuta ez den izan hainbesterainokoa, baditugu adibide kaskar batzuk».

Eraikuntzak egiteko moduarekin erabat ados ez dagoela aitortu du Jaurlaritzak. «Sakabanaketa bultzatu da, eta trinkotzea nahi dugu». Leteren ustez, lur gehiegi erabili da hirigintzan. «Hazteko garaian, berdeguneak eta gune libreak behar dira, baina joera izan da gehiago jartzea, eraikinen artean toki gehiago uztea. Artifizial bihurtu da lur gehiegi». Jaurlaritzak muga jarriko du: hazteko perimetro bat ezarriko du herrietan.

Hiri inguruen gorakada

Beste joera batzuk ikusten hasiak dira azken urteetan. «Hirietatik herri ez hain txikietara joaten ari da jendea: beste bizimodu baten bila dabiltzanak, gazteak... Kontraurbanizazio prozesu bat da», azaldu du Lozanok. Hiriburuen inguruko eskualdeetan nabari da gorakada. Bizkaian, %64 handitu da biztanleen kopurua Plentzia-Mungia inguruan; 22.000 lagun gehiago. Gipuzkoan, Donostia alboan, %20 inguru hazi dira Bidasoa Beherea eta Urola Kosta; biek 13.000 herritar gehiago dauzkate.

Lotarako auzoak esaten diete. Hirian lan egiten du jendeak, han egiten du bizimodu gehiena, eta lotara joaten da etxe aldera. «Indartzen ari da joera hori, eta pena da. Hiri nagusien alboan baziren izaera bereziko herri batzuk, eta lo egiteko leku bihurtu dira, batez ere Bilbo eta Donostia aldean. Nortasuna galtzen ari dira», ohartarazi du Lozanok. «Igerian dabilen gizartea» sortu du horrek, haren ustez: etxetik lantokira, lantokitik etxera, egunero hara-honadabilen gizartea. «Oso mugimendu pendularrak izaten dira, eta garrantzi izugarria dute lurraldea antolatzeko. Azpiegiturak antolatu behar dira horien arabera».

Arrisku bat badu horrek, hala ere: azpiegiturak eta sareak hiriburuen eta handitzen ari diren eskualdeen artean sortzea. Sare bat eratzea gune nagusiak soilik aintzat hartuz. Euskal Hiria. «Kontzeptu literario bat zena errealitate bihurtzen ari da», dio Lozanok.

Azpiegitura sarea sendoa dela nabarmendu du Letek. «Oreka bat lortzen da horren bidez, nahiz eta herri txikiak beste maila batean egon». Atzerapausoak ikusi ditu EHUko irakasleak: «Landaguneak lotzeko baliabide dira azpiegiturak, eta aurkakoa egiten ari dira. Adibide argia da abiadura handiko trena. Garai batean, egituratzaileak ziren tren arruntak; AHTa, inola ere ez. Aurkakoa da». Mesederako izango dela erantzun du Letek: «Gure lurraldea puntu estrategikoa da Europa iparra eta hegoa lotzeko, eta epe ertainera eta luzera etekina ekarriko digu».

Herrien %60, herritarren %5

Herri txikiei behar adina kasu ez zaiela egiten ohartarazi du EHUko irakasleak. Mila biztanle baino gutxiago dituzte Euskal Herriko herri gehienek: 685etik, 408k —hamar herritik seik—. Horietatik 48tan, ehun biztanle ere ez dira. Herri kopuruari erreparatuta erdiak baino gehiago izan arren, herritarren kopurua aztertuz gero, pisu eskasagoa dute: biztanleria osoaren %5 ere ez dute. Barnealdean daude herri txiki ia guztiak.

Herritarrak galdu eta galdu ari dira asko, eta zahartu eta zahartu. Gazteak ari baitira alde egiten. Nafarroako Orotz-Betelu adibide argia da: 166 lagun bizi dira, orain 30 urtekoen ia erdiak, eta apenas dagoen gazterik. 60 urte baino gehiago dituzte herritarren erdiek pasatxok, eta 20 urte baino gutxiagoko bi pertsona besterik ez dago.

Desagertzeko arriskuan dauden herriei buruz Gaindegiak eginiko azterketa batean ageri da Orotz-Betelu, beste 49 herrirekin batera. Ikerketa horrek azaleratu zuen zer leku ari diren husten eta zahartzen: Zuberoako eta Nafarroa Behereko joera orokortuaz gain, herri txiki asko kolokan daude Nafarroako Pirinio inguruan, Lizarrerrian, Zangoza aldean eta Bidasoa Garaian. Haietako 21 arrisku bizian ikusten dituzte.

Herri txikiei buruz gogoeta bat egitea nahitaezkoa dela ohartarazi du Geografia irakasleak. «Landa eremuak zer nahi ditugu, lorategi gisa ikustera joateko?». Hirietan jendea pilatzen, herri txikiak husten eta zahartzen, gero eta gehiago entzuten den kontzeptu bat jarri du mahai gainean: «Lurralde antolaketan inoiz ez da aipatzen elikagai subiranotasuna. Landa eremurik gabe, non ekoitziko ditugu elikagaiak? Horri ez badiogu heltzen, gureak egin du».

Bihar: Etxebizitzaren egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.