EAEko Euskararen Legeak 30 urte (IV). Hezkuntza eta helduen euskalduntzea

Euskalduntze mugaz betea

Nabarmen indartu da euskara hezkuntzan: %63ren irakats-hizkuntza da; datuek diote, ordea, zailtasunak daudela euskalduntzekoDerrigorrezko garaitik at egoera ahulagoan dago euskara, Lanbide Heziketan batez ere

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Aurrerapausoaren ikurtzat hartu dute hezkuntza Euskararen Legearen 30 urteurrenean. Eta, zinez, indar hartu du euskarak eskoletan: D ereduan ari dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen %62,7. Bi hutsune ageri dira datuetan, ordea: zenbat eta maila handiagoa, orduan eta toki txikiagoa du euskarak —Lanbide Heziketan bereziki—, eta ikasleak euskalduntzeko arazoak daude, baita D ereduan ere. Ia aho batezkoa da aldarria: agortuta daude ereduak.

Hezkuntza erabat erdalduna zen garaian jarri zituzten martxan ereduak. Ikastolak ari ziren euskarazko irakaskuntzan, baina mugatua zen haien irismena: ikasleen %12 inguru zituzten. Eskola publikoetan eta erlijiosoetan salbuespen zen euskara. Maisu-maistren %95ek ez zekiten euskaraz 1980ko hamarkada hasieran.

Egoera horretatik abiatuta aritu da euskara etenik gabe aurrera egiten. Hizkuntz ereduak ezarri zituztenean, erdara hutsezkoa, A eredua, zen jaun eta jabe: lau ikasletik hiru pasatxo ari ziren eredu horretan. Euskara ikasgai gisa sartzea zen aurrerapauso bakarra. B ereduak zerbait egin du gora, A eredua jaitsi ahala. Euskara hutsez, D ereduan, hamarretik sei ari dira gaur egun, orain hiru hamarkada halako zortzi. Aldeak agerikoak dira, hala ere. D ereduaren pisua aurtengo ikasturtean, irakats-aldika: Haur Hezkuntzan, %75; Lehen Hezkuntzan, %68; DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, %60; Batxilergoan, %57; eta Lanbide Heziketan, %24.

Joera horrek luze dirau: zenbat eta maila handiagoa, euskarazko ereduak orduan eta toki txikiagoa. Ariketa: hartu 1993an eta 1994an jaiotako neska-mutilak, eta aztertu urtez urte zer irakats-alditan zeuden. Hona: 1998-99ko ikasturtera arte, Haur Hezkuntzan egon ziren, eta D ereduan ari ziren %55, eta A ereduan, %15. Gero Lehen Hezkuntzan ere paretsu. DBHra igarotzean, lehen aldaketak, 2006 eta 2010 artean: D ereduan %53 inguru, eta A ereduan, %20, B ereduaren kaltetan. Benetako aldaketa ondoren dator, derrigorrezko eskola garaia bukatuta: Batxilergoan, 2010 eta 2012 artean, eutsi egiten dio D ereduak (%53), baina A ereduak indar handia du (%44), B eredua desagertu egiten baita ia erabat. Eta Lanbide Heziketan, zer esanik ez: 1993-1994an jaiotakoak iritsi direnean, aurten, %24 ari dira euskarazko ereduan; %74 erdara hutsezkoan.

Diferentziak euskara mailan

Ereduak asko esan nahi du ikasleen euskara mailan. ISEI erakundearen ebaluazio diagnostikoek azaleratzen dute euskalduntzeko nolako zailtasunak dauden. Azken ikerketak dio: euskara maila kaskarra dute A ereduko ikasleen %86k, B eredukoen %42k eta D eredukoen %25ek. Batez besteko mailatik gorakoetan ere aldeak badaude: A ereduan %2 dira, B ereduan %15 eta D ereduan %27.

Euskalduntzeko arazoak badira D ereduan ere. Horretaz ohartarazi du aurten bertan Eskola Kontseiluak, esanez maila kaskarra dutela ikasle batzuek eta hori traba dutela ikasketetan. Bi erabaki hartu ditu, hala ere, Jaurlaritzak. Bat: euskara tituluetatik salbuetsi ditu D eta B ereduetako ikasleak. Bi: hiru eleko eredua bultzatu du, euskarari pisua kenduta. Gaztelaniak, ingelesak eta euskarak orduen %20na izango dute gutxienez; hortik aurrera, eskola bakoitzaren esku. Ikasle gehienek, D eredukoek, euskarazko ordu gutxiago izango dituzte. Bozetako programan, eredua aztertzeko prest agertu zen EAJ.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.