Euskara «ikusgarriago» egingo du '.eus'-ek, bultzatzaileen ustez

Domeinua zabaltzeko lanean hasiko direla berretsi dute eragileek, eta ahalik eta webgune gehienek hartzea espero duteBere webgunea domeinu berrira egokituko dutela baieztatu dute elkarte batzuek

Puntueus fundazioko ordezkariek larunbatean egin zuten agerraldia. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2013ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
«Pozik eta ilusioz». Halaxe hartu dute .eus domeinua bultzatu duten erakunde eta eragileek ICANN erakundeak domeinuari oniritzia eman izana.

KOLDO TELLITU Ikastolen elkarteko lehendakaria

«Ikastola guztien webguneek '.eus' domeinua hartzea bultzatuko dugu elkartean»

«Ilusio handiarekin hartu dugu berria. Euskarak leku esanguratsua izan behar du sarean. Bide horretan, .eus domeinua erabili ahal izatea oso garrantzitsua da. Gainera, hezkuntzan hartutako neurri batzuen bidez, euskara hirugarren maila batean kokatu nahi du Madrilek. Halako lorpenek dagokion mailan kokatzen dute euskara.

»Ikastolek beti izan dute konpromisoa teknologia berriak eta euskara lotzen dituen egitasmoekin. Oraingo honetan ere hala izango da. Elkartearen helbidea domeinu berrira egokitzeaz gain, ikastola bakoitzak ere egitea bultzatuko dugu.

»Hemendik aurrera zabalkunde lanari heldu beharko zaio. Horrek marketin lan on bat eskatuko du, baita ekinbidearen inguruan bildu garenon lana ere. Erakunde publikoek eta hedabideek ere zeresan handia izango dute».

ANDRES URRUTIA Euskaltzainburua

«Domeinuak oso ahalmen oinarrizko eta inportanteak ematen dizkigu sarean»

«Txalotzekoa da lortutakoa, euskalgintzan ari garen askoren arteko sinergiaren emaitza izan baita. Domeinuak oso ahalmen oinarrizkoak eta inportanteak ematen dizkigu sarean. Normatibizazioaren eta normaltasunaren aldetik pauso esanguratsua da.

»Lortu behar dugu gure hizkuntzaren inguruan oinarritutako espazio linguistikoa, gune kulturala izatea. Horri lotuta dago paisaia linguistikoa. Pasaia horretan .eus domeinua agertzea oso inportantea da. Mugarik gabeko .eus domeinua izango da, muga politiko eta administratiboak gaindituz.

»Euskaltzaindiak sekulako ondarea du, eta pixkanaka hori dena ari gara sarean eskaintzen. Webguneak .eus domeinua badu, are hobeto eta euskaldunago».

FERNANDO PLAZAOLA EHUko jarduneko errektorea

«Lehendabizikoetakoak izan nahi dugu '.eus' domeinua izaten; oso pozik gaude»

«EHU hasieratik borrokatu da .eus domeinua lortzearen alde. Iñaki Goirizelaia errektorea proiektuaren defendatzaile sutsua izan da. Oso pozik gaude, bat egiten baitu gure plan estrategikoarekin: hemen kokatuta gaude, baina mundura zabalik. Domeinuaren bidez izan nahi dugu ezagun munduan. Lehendabizikoetakoak izan nahi dugu domeinu hori izaten.

»Unibertsitatean gero eta garrantzitsuagoa da Internet bidez egiten den eskaintza akademikoa, eta lorpen hau erabakigarria izango da horretan urratsak egiten jarraitzeko.

»Unibertsitate publikoa garen aldetik, eredu izan behar dugu, eta espero dugu hezkuntza alorrean domeinuak zabalkunde handia izatea».

PAUL BILBAO Kontseiluko idazkari nagusia

«Gure hizkuntza eta kultura mundu osoan ikusgarriago egiteko aukera dugu orain»

«Lortutakoak prestigioa ematen dio gure hizkuntzari, eta eragina izango du euskararen berreskurapen prozesuan. Orain aukera izango dugu gure hizkuntza eta kultura mundu osoan ikusgarriago egiteko.

»Aitorpen horri behar bezala erantzuteko, ahalik eta erabiltzaile gehienek baliatu behar dute domeinua. Erabiltzaile guztiak animatu nahi ditugu horretara. Izan ere, egun euskarak oso presentzia duina du Interneten, baina lortuko dugu ikusgarriagoa izatea. Kontuan hartuta ekinbideak hasieratik izan duen atxikimendua, erantzuna masiboa izango dela uste dugu. Munduari erakutsi behar diogu euskara eta euskal kultura bizirik daudela».

JUAN MARI APAOLAZA Euskal Idazleen Elkarteko kidea

«Jendeak sinetsi egin behar du '.eus' domeinua izateak prestigio bat eman duela»

«Gure testu eta eskaintza literarioa .eus domeinuaren inguruan bildu ahal izatea oso garrantzitsua da. Erreferentzialtasun eta prestigio bat ematen die. Ezinbestekoa iruditzen zaigu literatur munduko beste eragileek ere bat egitea egitasmoarekin.

»Bestalde, ondo funtzionatzen badu, lortuko dugu sistema eragileak eta aplikazioa sustatzen dituztenek jakitea euskara hor dagoela, eta etorkizunean hori kontuan hartzea. Jendeak sinetsi egin behar du .eus domeinua izateak prestigio bat ematen duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.