Martxoaren 29an greba orokorrera deitu dute sindikatu abertzaleek

ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, Hiruk eta EHNEk gaur egingo dute lanuzte orokorrerako deialdia, Bilbon eta IruñeanKrisia hasi zenetik laugarren aldia da herritarrak grebara deitzen dituztela

Solidari sindikatuko kideak lan erreforma salatzen, atzo, PPren Iruñeko egoitzaren aurrean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu.
Donostia
2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Mariano Raxoik dagoeneko badu iragarri zuen greba. Espainiako sindikatuek oraindik ez dute erabaki lan erreformaren aurkako lanuztera deituko duten ala ez, baina Hego Euskal Herrian gehiengoa duten langileen ordezkariek ez diete itxaron. Gaur egingo dute grebarako deialdi ofiziala ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, Hiruk eta EHNEk; martxoaren 29an izango da, ostegunarekin. Sindikatuen ordezkariek Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan etaNafarroako Lan Departamenduaren bulegoetan aurkeztuko dituzte deialdiak.

Gehiengo sindikala hautsita ere, protestarako dei bateratua egitea erabaki dute ELAk, LABek eta haien aliatuek. Haien artean, aurreko batzuetan ez bezala,ESK ere dago. Krisia hasi zenetik egingo duten laugarrena da. 2009ko maiatzaren 21ean egin zuten lehenengoa, eta gehiengo sindikal berrosatuaren lehen protesta bateratua izan zen. Bestelako eredu sozio-ekonomikoaren alde lelopean egin zuten.

Handik urtebete eta gutxira izan zen bigarrena, 2010eko ekainaren 29an. Oraingoan bezalaxe, lan merkatuaren erreformaren aurka protesta egiteko zen. PSOEren orduko gobernuak egin zuen erreforma txiki utzi du orain PPk egin nahi duenak.

Azkena, berriz, duela urtebete eskas izan zen: 2011ko urtarrilaren 27an dozenaka mila langile geratu ziren, gizarte zerbitzuen murrizketei aurre egiteko eta Espainiako Gobernuak onartu nahi zuen pentsioen erreformari erantzuteko. Sindikatu horiek berek beste hainbat protesta bateratu egin dituzte sektore publikoan, azkenekoa hil honen 9an.

CCOOren eta UGTren deialdia

Bezperan, Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak eat Damaso Casado UGT-Euskadikoak lan erreformaren aurkako «fronte bateratua» eskaini zieten sindikatu abertzaleei. Proposamenak aurrera egiteko aukera gutxi zutela bazekiten Sordok eta Casadok. Harreman tirabiratsuak izan dituzte azken urteotan CCOOk eta UGTk sindikatu abertzaleekin, eta bereziki ELArekin. «Indarrak batzea beharrezkoa da, baina orain, zoritxarrez, ez dira baldintzak betetzen», esan berri du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. ELAk eta LABek oso begi txarrez ikusi dute CCOOk eta UGTk soldatak gutxi igotzeko eta negoziazio kolektiboa Espainiaratzeko CEOErekin lortutako akordioa.

LABek hitz bigunagoak erabili ohi ditu CCOOren eta UGTren jarrera kritikatzeko; besteak beste, haiekin batera negoziatzen aritu delako Confebaskekin negoziazio kolektiboaren euskal esparruaz. Hala ere, proposamena baztertu zuen atzo Sonia Gonzalez LABeko burukideak, «gutxieneko baldintzarik» ez dagoelako. LABek lan erreformaren aurkako protesta egin zuen atzo PPren Bilboko egoitzaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.