Albistea entzun

Bestelako ahotsentzat saria

Argia saria jaso du Maite Asensio Lozano BERRIAko kazetariak, andreen eta gizonen berdintasuna ardatz egindako lanarengatik

'Tribuaren berbak' eta 'Kale gorrian' saioak, 'Topatu' weba eta Errigora ere saritu dituzte
Argia sariak eskuratu dituzten guztiak, atzo, familiako argazkian, garaikurrak eskuetan dituztela.
Argia sariak eskuratu dituzten guztiak, atzo, familiako argazkian, garaikurrak eskuetan dituztela. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Garikoitz Goikoetxea -

2014ko otsailak 1 - Usurbil

Euskararen alde egindako lanak, eta euskaratik egindakoak. Euskara gizarteratzeko ahaleginak, eta euskararen bidez bestelako gaiak gizarteratzeko ahaleginak. Euskararen aldeko proiektuei saria eman die aurten ere Argia astekariak —Nafarroako hegoaldeko ikastolei laguntzeko Errigora proiektuari eta Tribuaren berbak saioari—, eta euskara lanabes dutela bestelako gaiak gizarteratu dituztenei —Maite Asensio Lozano BERRIAko kazetariari, Topatu webguneari eta Infozazpi irratiko Kale gorrian saioari—. Komunikazioaren alorrerako garai errazak ez diren arren, egindako lana nabarmendu diete bost sarituei.

Zuri-beltzeko argazkiak eta Interneteko zuzeneko emanaldiak. Mende laurden dute aurten Argia sariek, eta ibilbideari begiratu bat eman zioten sariak banatu aurretik atzo. Donostiako elkarte gastronomiko batean hasi ziren sariak banatzen, 1989an. Urtez urteko ibilbidea argazkitan bildua dute, eta bideoan atonduta erakutsi zituzten. Jendearen murmura nabaria zen, aspaldian ikusi gabeko ezagunak argazkietan ikusita.

Euskalgintzako eragileen eta erakundeetako ordezkarien topagune izan baitzen atzo ere Usurbilgo Atxega jatetxea (Gipuzkoa). Han ziren, esate baterako, Jaurlaritzako Kultura sailburu Cristina Uriarte, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre.

Kazetaritza independentea

Ez dira aldi errazak, baina kalitatezko kazetaritza defendatu zuen Argia-ko zuzendari Estitxu Eizagirrek: «Garai interesgarriak dira kazetarientzat». Beste ahots, aukera eta eredu batzuk erakutsi behar direla esan zuen. «Egin dezagun kazetaritza independentea».

Ahotsak, emakumeen ahotsak kontuan hartzeagatik saritu dute Maite Asensio Lozano BERRIAko kazetaria. «Konpromisoz» jarduten duela nabarmendu dute haren lanetik, eta berdintasunari garrantzi handia ematen diola. Hunkituta, genero indarkeria jasan, salatu, eta kontatzeko urratsa egin duten andreak hartu zituen gogoan. Lankideak ere bai. «Inportantea da saria. Niretzat soilik ez, baita genero ikuspegia duen kazetaritzarentzat eta mugimendu feministarentzat ere».

Ahotsak, bestelako gai eta ahotsak irratira ekartzeagatik saritu dute Infozazpi irratiko kazetari Eider Olazar Elduaien. Kale gorrian saioa aurkezten du, goiz-eguerdian. Entretenimendu soila ez, gizarteko eta kulturako gaiak era zorrotzean aztertzen dituela nabarmendu dute saria ematean. Infozazpiren apustuaren eredu jarri zuen saioa. «Gure begirada eta kazetaritza egiteko modua agerian uzten duen saioa da». Diru baliabideak eskas dira, ordea. «Gehiago izango bagenitu, egingo genituzke Kale gorrian gehiago».

Ahotsak, gazteen ahotsak, ditu ardatz Topatu.info webguneak. Informazioa «dinamismo handiz» lantzen duela nabarmendu diote proiektuari. Iraitz Salegi webguneko ordezkariak azaldu du «hutsune batetik» sortu zutela ataria. «Hainbat lagunen konpromisoarekin jarraitu dugu aurrera. Jarraitzen dugu haien esentziarekin». Proiektu komunikatiboetan «prekarietate latzean» aritzen diren gazteei eskaini zien garaikurra. «Irudimena dugu gure alde.»

Euskarari ahotsa

Ahotsak, euskararen ahotsak, era freskoan aurkeztea izan du erronka ETBko Tribuaren berbak saioak. Euskarari ikuspegi positibotik erreparatu izanagatik saritu dute, besteak beste. «Euskara gai interesantea da. Pasioz bizi dugu, interesa dago». Nola landu da gakoa, Kike Amonarriz aurkezlearen esanetan. Horretan egin dute ahalegina, era dibertigarrian aritzen. «Sekulako harrera izan du».

Ahotsak. Badira trabak euskarazko ahotsak entzuteko. Nafarroako eremu ez-euskalduneko euskalgintzari laguntzeko asmoz egin dute Errigora proiektua; nekazaritzako produktuz osatutako saskiak saldu dituzte. Publizitateko saria eman diete. «Inolako bermerik gabe atea ireki zigutenei eskerrak eman nahi dizkiegu bereziki», esan du Peru Aranburuk

Ekitaldiko laburpen bideoa, BERRIAren webgunean ikusgai:

www.berria.info

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Claveria, eskuinean, eta Amaya, erdian, atzo, biltzarraren ondorio nagusiak aurkezten. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Ijito eta emakume izateagatik

Maite Asensio Lozano

«Genero antitziganismo» kontzeptua definitzeko lehen pausoak egin dituzte Bilbon, asteon Romi Berriak eta Amuge elkarteek antolatutako biltzar batean. «Jazarpen sistematikoa» salatu dute.

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Enpresek erabakitzen dute eskola jangeletan zer eta nola jan»

Irati Urdalleta Lete

Sukaldeak eskoletan egotea, enpresa txikiei aukera ematea... Viñuelaren irudiko, jangeletan bada zer hobetua, pausoak ikusi arren: «Borondatea falta da, eta beldur handia dago».

Bi euskal herritarren bila ari dira Mexikon

Uxue Rey Gorraiz

Frantziako enbaxadak jakinarazi duenez, gutxienez hilabete daramate desagerturik. Bat Donibane Lohizunekoa da; bestea, Ziburukoa.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©R.BOGAJO/ FOKU

Osasun Publikoaren Lege proiektuari «gabeziak» ikusi dizkio oposizioak

Edurne Begiristain

Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu du osasuna «politika publiko guztien» oinarrian jarri nahi dutela. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk esan dute lan egingo dutela egitasmoa «hobetzeko»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...