Osalanen aldaketak negoziatzen hasteko prest dago ELA

Muñozen arabera, elkarrizketa soziala eduki bako mahaia da, eta Sordok, berriz, proposamenak eskatu dizkio UrkulluriOsasun publikoa mutualitateen legetik babesteko eskatu dute sindikatuek

ELAk Bilboko Esperantza frontoian egin zuen ekitaldia atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2014ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Azken boladan Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen eta Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren inguruan ez du hitz onik izan Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Atzo ere berdin gertatu zen, «erakunde sindikal eta patronalen finantzaketa iturri» direla esan baitzuen. Bi erakunde horietan zeukan ordezkaritzari muzin egin zion sindikatuak, «prestakuntzarako diru kopuruak zenbatekoa izan behar duen erabakitzen zutenek elkarrizketa soziala osatzen duten erakundeak finantzatzeko erabili zitzaketelako». Eta hori osasunaren izenean egitea «iruzur» egitea dela salatu zuen.

Baina orain arte ez bezala, bertan aldaketak egiteko negoziatzeko prest dagoela esan zion Eusko Jaurlaritzari. Baldintza batekin: «Finantzaketa iturri izateari utzi, eta prestakuntzara bideratu dadin». Hitz horiek ez zituen alferrik egin atzo, Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko eguna ospatu baitzen. Sindikatu nagusiek aldarrikapen eta mobilizazioak sakabanatuta egin zituzten, mutualitate eta Eusko Jaurlaritzaren murrizketen aurkako salaketak eginez. Baita elkarren aurkako hitzekin ere.

Muñozek elkarrizketa sozialaren aurka hitz egin zuen, beste behin: «Argazki hutsa da. Edukirik gabeko mahai bat da bertako kideak finantzatzeko». Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak, berriz, Iñigo Urkullu lehendakariari eskaera egin zion, «bazterrak nahastu beharrean elkarrizketa sozialerako bere proposamena mahai gainean jar dezan». Izan ere, hala egin ezean «edozein aukera suntsitzeko asmoa dutenei ahotsa» ematen diela esan zuen, ELA gogoan zuela. Muñozek esandakoari ere erantzun zion: «Gu ez gara argazkiak ateratzeko esertzen, langileen eskubideak hobetzen dituzten proposamenak onartzeko baizik». Horien artean «laneko jatorria duten gaixotasunak eritasun arruntzat ez hartzeko neurriak» aipatu zituen.

Mutualitateen legea jomugan

Kritikak kritika, atzo sindikatuen aldarrikapen gehienak mutualitateen lege proposamenaren aurkakoak izan ziren, aukera baitago Espainiako Gobernuak mutualitateen esku uztea gaixotasun arruntetan senda-agiria ematea. Alfonso Rios Euskadiko CCOOko Lan Osasuneko arduradunaren arabera, lege berriak Osakidetzaren eskuduntzak zapalduko lituzke, eta Eusko Jaurlaritzari eskaera egin zion esparru hori defendatu dezan.

Ildo beretik jo zuen Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ere. Gaixo agiriak zerbitzu publikoek kudeatu behar dituztela ebatzi zuen, mutualitateek egin beharrean. Raul ArzaUGTko idazkari nagusiak ere deia egin zion Jaurlaritzari langileen osasunaren alde borrokatu dadila eskatuz. Kasu horretan, prebentzio eta segurtasun neurrietan murrizketa gehiago ez egiteko eskaera egin zion. «Legedia zehatzik ez egoteak langileen osasunean zuzenean eragiten du».

Osalanek, azkenik, martxoan izandako lan istripuen inguruko txostena kaleratu zuen atzoko eguna aprobetxatuz. Horren arabera, joan den martxoan %1,9 egin zuten behera gaixoaldiren bat eragin zuten ezbeharrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.