Hollandek gobernu talde berritik kanpo utzi du Aubry

PSko iritzi guztiak batu ditu 34 ministro eta ministrordeko taldean; Valls kontserbadorea izendatu du Barne ministroGobernu parekidea osatu du Hollandek; 17 ministroetatik 8 emakumezkoak dira

2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Egunak luze jo zuen atzo Frantzian Jean-Marc Ayraultek lehen ministro kargua hartu zuenetik gobernu berria aurkeztu zuten arte.Arratsaldeko zazpi eta erdiak jota hamazazpi ministro eta hamazazpi ministrorderen izenen berri eman zuen Pierre-Rene Lemas Eliseoko idazkari nagusiak. Erdiak emakumezkoak eta beste erdiak gizonezkoak, François Hollande presidenteak kanpainan hitzeman zuen bezala. Alderdiko zatiketek eta legebiltzarrerako bozen gertutasunak estututa, baina, negoziazio zailak izan ditu presidenteak ministro talde berria eratzeko, izan ere PS Alderdi Sozialistako sentsibilitate ezberdinak nahiz ezkerreko alderdiak pozik utzi nahi izan ditu. Martine Aubryren hutsunea da gobernu berrian nabarmenena, Hollandek ez baitu alderdiko idazkari nagusiarekin ados jartzea lortu. Sail garrantzitsuenetan, berriz, bere gertukoak jarri ditu.

Manuel Valls Bartzelonan jaiotako politikaria da Frantziako Barne ministro berri atzotik. Diputatua eta PSko batzorde nazionaleko kide da Valls, eta alderdiko sektore kontserbadoreena ordezkatzen du. Espainiako Alderdi Sozialistako idazkari nagusi Alfredo Perez Rubalcabarekin harreman ona dauka. Atzerri ministro izateko, berriz, Laurent Fabius berreskuratu du Hollandek, baztertutako politikari bat. 2005ean Europako Konstituzioaren aurka egin zuen, eta aldeko kanpaina egin zuen PSko buruzagitzak baztertu egin zuen Fabius. 1984tik 1986ra lehen ministro izan zen François Mitterrandekin, eta garai hartan hemofilia zutenei hiesarekin kutsatutako odol transfusioen eskandaluan nahastuta egon zen. Iragan iluneko inor ez zuela izendatuko hitzeman zuen Hollandek kanpainan, baina Fabiusen izendapenarekin hitza jan du. Hain justu promesa hori Ayrault lehen ministroaren izendapenarekin ere hautsi izana egotzi diote. Izan ere, Ayrault Naoneko alkate zenean udal kontratu bat oker eman zutelakoan sei hilabeteko espetxera zigortu zuten—ez zuen zigorra bete behar izan—.

Ekonomia eta Finantza sailerako ere gertuko kolaboratzaile bat aukeratu du:Pierre Moscovisci, presidentetzarako kanpainaren ardura izan duena, hain zuzen ere. Dominique Strauss-Kahnen ikasle eta mireslea da Moscovisci. Eta Berrindustrializazio Ministerio berriaren gidaritzan, berriz, Arnaud Montebourg ezarri du; desglobalizazioaren eta protekzionismoaren defendatzaile sutsua.

Alderdi Ekologistari ere keinua egin nahi izan dio Hollandek, Cecile Duflot alderdiko idazkari nagusiari Lurraldeen Berdintasunaren Ministerioa emanez. Era horretan legebiltzarrerako bozetan alderdiaren babesa ziurtatu nahi izan du.

Aubryren hutsunea

PS Alderdi Sozialistako idazkari nagusiak goizetik jakinarazi zuen ez zela gobernu taldean egongo: «Astelehenean hitz egin nuen François Hollanderekin eta Jean-Mary Ayrault aukeratu zuela esan zidan. Biok bat gatoz osaketa horren barruan nire presentziak gobernuan ez duela zentzurik», esan du Aubryk eta argitu du ez duela asmorik «ez dakit zeren ministerio bat» negoziatzen hasteko. Hollandek Ayrault lehenetsiz eta bera baztertuz «erabaki politiko» bat hartu duela adierazi du, eta errespetatzen duela. Ayraulten ingurukoek ere gauza berbera jakinarazi diote Le Monde egunkariari: «Ez du ezer eskatu».

Negoziazioak, baina konplexuagoak izan direla diote filtratutako informazioek. Lehen ministro postuan alderdiko sentsibilitate ezkertiarrena baztertu zuelako Hollandek Aubryri ministerio handi bat eskaini nahi ziola diote. Azken honek Ekonomia eta Ogasunaren sailak elkartu eta buruzagitza hartzea eskatu dio presidenteari, baina Hollandek ez du onartu Aubryri botere handia emango liokeen proposamena, eta gobernu talde eratzea zaildu dio erabaki horrek.

Lehen ministro izateko faboritoen artean zegoen alderdiko idazkari nagusia, baina Aubryk dio Ayraulten izendapena espero zuela: «François Hollandek Jean-Marc Ayrault aukeratuko zuela pentsatzen nuen, banekien bere gertuko bat eduki nahiko zuela ondoan», adierazi du. Desengainurik ez duela hartuere esan du. Oraingoz PSren buruzagitzan jarraituko duela esan du, nahiz eta duela gutxi udazkenean postua utzi egingo zuela esan. Une honetan ekaineko legebiltzarrerako bozetarako lanean buru-belarri dagoela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.