Alboetara begiratzen hasita

Zerga diziplinari buruzko Europako Batasuneko gobernuen ahobatezkotasuna hautsi du Hollanderen balizko garaipenakHazkundearen aldeko neurriak hitzartzeko bilera bat izango dela iradoki du Van Rompuyk

Iker Aranburu.
2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Kostata bada ere, neurritasunetik harago bizitza badagoela ohartzen hasiak dira Europako Batasuneko buruzagiak. François Hollandek Frantziako lehendakaritza lortzeko aukera ona izateak beren mezuak moldatzera behartu ditu EBko buruak, eta batzuk hazkunde ekonomikoa bultzatzeko neurriak aldarrikatzen hasi dira. Hori bai, zerga diziplina alde batera utzi gabe eta hazkundea eta enpleguaknola lortuko dituzten askorik zehaztu gabe.

Asteazkenean, Hollandek berretsi zuen zerga ituna negoziatzea dela maiatzaren 6an Frantziako Errepublikako lehendakaritza lortzen badu egingo duen lehen gauza. Handik ordu gutxira, Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak ere ontzat eman zuen itun horretan hazkundea bultzatzeko neurriak ere sartzea. Itun horrek aurrekontuak orekatzera behartzen ditu Euroguneko kideak 2020tik aurrera, eta defizita estaltzeari eta zorraren zati bat pagatzeari ematen die lehentasuna.

Atzo beste ahotsbatzuk gehitu ziren hazkundearen eskakizunera. Esanguratsuena, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentearena. «Europak hazkunde ekonomiko egituratua behar du eta lor dezakegu, baina erreformek denbora behar dute», esan zuen Bruselan. Hazkundearen gaia ekainaren 28ko eta 29ko goi bileran jorratu behar zutela gogorarazi du Van Rompuyk, baina ez du baztertu horren aurretik EBko buruak deitzea, «ekaineko bilera hobeto prestatzeko». Azter daitezkeen neurrien artean daude Europako Inbertsio Bankuari eskumen gehiago ematea, merkatu bakarra sendotzea eta «EBren enpresen lehiakortasuna areagotzea». Edonola ere, baztertu egin du hazkundea lortzeko eta langabezia gutxitzeko «irtenbide magikoak» daudela, eta esan du abian jarritako erreformei denbora eman behar zaiela. Espainiako eta Portugalgo lan merkatuen erreformari buruz ari zen.

Hazkunderako neurriak eskatu arren, diziplina fiskala ere aldarrikatu du Van Rompuyk, eta berdin egin dute Mario Monti Italiako lehen ministroak eta Elio di Rupo Belgikakoak. «Zerga ituna aldatzea ez dago agendan», ziurtatu du Montik, baina onartu du orain arteko neurriek ez dutela berez hazkunderik ekarriko. «Jarrera zabalagoa behar dugu, baina ez, ordea, aurrekontuetako diziplina ukatzeko, epe erdira jasangarria egiteko baizik».

Argiago mintzatu da Di Rupo sozialista: «Ohartu gara diziplinaz harago gakoa hazkundea berriro bultzatzea dela». Belgikako lehen ministroak ontzat hartu du Hollanderen eskakizun bat: inbertsioak pagatzeko finantza eragiketei zerga bat ezartzea, alegia.

Raxoi, ortodoxiarekin

Neurritasun politika biguntzearen onuradun nagusietako bat izango litzatekeen arren, Espainiako Gobernuak oso jarrera zuhurra azaldu du orain arte. Atzo, Mariano Raxoi gobernuburuak bere egin zuen neurritasuna: «Gaur egungo politika ez da herrialde bateko presidentearen politika [Merkel]; EBren politika da, euroarena, geure borondatez hala nahi izan dugun guztiok parte hartzen dugun proiektuarena». Horregatik defendatu du «demokraziaren aurrekontu» murriztaileena aurkeztu izana.

Aurrekontu horiek herenegun gainditu zuten lehen hesia Kongresuan, eta PPk UPN eta Foro aliatuen babesa baizik ez zuen eskuratu. «Bakarrik» geratzearen balioa aldarrikatu duen arren, atzo Raxoik esan zuen CiUren sostengua berriro eskuratu nahi duela. Nazionalista katalanen botoa izan du beste lege eztabaidatuetan —lan erreforman eta Egonkortasun Planean, esaterako—, baina Madrilek Katalunian inbertsioak %45 gutxitu izana eta 219 milioiko ordainketa bati uko egiteak asaldatu egin ditu haiek. Gainera, Artur Mas buru duen Generalitateak ez du aldeko hitzik jaso bere asmo nagusiari buruz: kontzertu ekonomikoaren moduko finantzaketa sistema propioa eskuratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.