Lan gaixotasunak zenbatzean huts egiten duela aitortu du Osalanek

Zazpi minbizi kasu «soilik» aurkitu izana datu txarra dela onartu du, eta gaixotasunak azaleratzea erronkatzat jarri du Osalanek2012an, beharrean gertatutako istripuen kopuruak %13 egin zuen behera

Lan gaixotasunak zenbatzean huts egiten duela aitortu du Osalanek.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2013ko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Zenbat eta lan gaixotasun gehiago erregistratu, orduan eta hobeto irudikatzen da errealitatea». Pablo Uriarte Osalaneko zuzendariordearen hitzei datuen babesa falta izan zitzaien atzo. Izan ere, Osalanek 2012. urtean erregistratu zituen lan istripu eta gaixotasunen txostena aurkeztu zuen Izaskun Urien zuzendariak, Juan Mari Aburto Enplegu sailburuarekin batera. Eta, txostenaren arabera, lan gaixotasunen erregistroak %8 egin zuen behera urtebetean. Hau da, 2011ko 3.011 lan gaixotasunen erregistrotik iazko 2.788ra igaro da joan den urteko errealitatea. Jakitun zen, ordea, datuen babesik gabe esan zituela hitzok, eta, horregatik, laneko segurtasun eta osasunerako erakundeak etorkizunean «erronka» hori duela nabarmendu zuen. Okerra

, ordea, zuzentzeko bidean jarri dute 2013. urteko lehen zortzi hilabeteetan. 1.909 gaixotasun profesional bildu ditu orain arte Osalanek, duela urtebete baino %1 gehiago. Hala ere, oraindik handiagoa da joan den urtean atzera egin zuen ehunekoa.

Eskaini zituen datuak ez zuen zuzendariordea bera ere konbentzitu. «Deigarria da minbiziak eragindako horren gaixotasun profesional gutxi egotea 2012an». Txostenean zazpi kasu besterik ez da agertzen, eta horietatik sei amiantoaren eraginez sortutakoak dira. «Ezinezkoa da zenbatu direnak baino kasu gehiago ez egotea Euskadi osoan». Lan gaixotasunen esparruan zer hobetua badutela onartu zuen, era horretan. «Batez ere, biriketako eritasunetan». Horretarako, ezkutuan dauden gaixotasunak azaleratu beharraz mintzatu zen, «lan eritasun gehienak ez baitira behar bezala deklaratzen». Eta hori horrela izan ez dadin, gizarteko eragile guztiak arduradunak direla gogorarazi zuen: enpresa, enpresarioa, langile, sindikatu eta gainerako eragileak.

Osalanek joan den urtean erregistratu zituen eritasunak, gainera, 2011. urtean baino larritasun handiagoa izan zuten. Proportzioan gaixotasun profesionalaren ondorioz gaixo baimena hartu behar izan zuten behargin gehiago egon baitziren Bizkai, Gipuzkoa eta Araban. Sektoreka, industrian izan zuen eraginik handiena; zehazki, siderurgia, ehungintza edo egurgintzan. Horien artean, gihar eta hezurretako gaitzek eragin zuten erregistro gehien. Hala ere, lesio mota horiek azken bost urteetan «etengabe» jaisten aritu direla nabarmendu gura izan zuen Uriartek.

Istripu kopuruak ere, behera

Lan gaixotasunen erregistroaren beherakada albiste txar gisa eman bazuten, ezbeharren beherakadaren berri beste jarrera batekin eman zuen Aburto sailburuak: «Bide onetik goaz, nahiz eta azken egun hauetan hori esatea zaila izan den». Era horretan gogoan izan zituen azken hiru asteetan hil diren sei langileak. Gaurdaino zendutako 19 behargin zenbatu ditu Osalanek. «Gure helburua zenbateko hori zerora ahalik eta gehien inguratzea da», Aburtoren arabera. Baina 2012an ez zen halakorik gertatu, 29 langileren heriotza zenbatu baititu erakundeak. Datua positiboki hartu zuen sailburuak, 2011an denetara 38 behargin hil zirelako. Denetara, %24ko jaitsiera egon da urtebetean. Beherakada egon arren, datu horiek ez zituen onargarritzat jo Aburtok: «Autokonplazentziak alde batera utzi, eta lanean jarraitu beharra daukagu prebentzioaren esparruan».

Osalanek emandako datuak, ordea, sindikatuen zenbaketarekin alderatuta guztiz bestelakoak dira. ELAk urte hasieran egindako txostenaren arabera, beharrean hil ziren 66 langile zenbatu zituen, eta LABen arabera, datu hori 61era iritsi zen. Sindikatuen datuekiko dagoen alderaketari begiratu gabe, istripuen jaitsiera begi bistakoa dela esan zuen sailburuak, eta hori «gure enpresetan prebentzioa nagusitzen ari delako da».

Heriotzak eragiten dituzten lan istripuak daturik lazgarrienak dira, baina lan esparruan bestelako ezbehar gehiago ere izaten dira. Eta horiek ere behera egin dutela azpimarratu gura izan zuen Aburtok. Lanaldian baja eragin zuten 25.307 istripu gertatu ziren joan den urtean, 2011n baino 4.807 gutxiago. Ezbeharren tasa hiru lurraldeetan jaitsi dela esan zuen Urienek, eta 2012an 2000. urteaz geroztik izandako beherakadarik handiena izan dela nabarmendu gura izan zuen: %13ko jaitsiera. Datuak positibotzat jo zituen, are gehiago, 2008tik 2012ra istripu tasa, batez beste, %11,6 jaitsi delako urtero.

Eta aurtengo datuek ere joera horri eusten diotela nabarmendu zuen. Izan ere, abuztura arte bildu dituzten datuen arabera, laneko istripuek %7,3 egin dute behera. «Joera horri heldu beharra diogu, laneko istripuak ahal bezainbeste desagerrarazteko», esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.