Aitor Manterola Garate.

'Porrua' esaten zaio horri

2013ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Arraunak ere badu bere hiztegia. Hitzak eta hitzak hizkuntzarekin jolas egiteko. Horietako batek hau ematen du aditzera: sekulako egurra eman du traineru batek, ikaragarrizko aldeekin irabazi du. Porrua izena erabiltzen da horretarako, eta atzo Kaikuk Getxon egin zuena horixe da, hain zuzen. Sekulako porrua atera zien beste traineru guztiei. Orio bigarrenari eta Urdaibai hirugarrenari 23na segundo; San Juan laugarrenari40; zortzigarren izan zen Astillerori ia minutua... Eta horrela gainerako lehiakideei.

Hirugarren bandera du aurtengo ligan, eta lidergoa berreskuratzeko garaipena da. Gutxi egon da bere eskuetatik kanpo sailkapeneko lehen postu hori: astebete ere ez, estropada batetik bestera lortu duelako berriz ere buruan jartzea. Halako aldeak aterata, pentsa daiteke hasi eta buka nagusitu zela Sestaoko ontzia, baina ez zen erabat hala izan. Hasieratik burua hartu bazuen ere, gertu zituen Orio eta Urdaibai txandakideak. Hiru segundoren aldea zuen aurreneko ziabogan; bigarrengoan ere hiru azkarrago izan zen Orioren aldean. Baina bigarren buelta horretara heldu baino lehentxeago hasi zen triskantza egiten Kaiku. Minutu eta erdia nahikoa izan zituen bakoitza bere lekuan jartzeko.

Orio dotore zetorren bigarren luzean, aurreko txandetan beldurgarri txarra zirudien laugarren kaletik. Bigarren ziabogara heldu aurreko minutu eta erdi lehenago Kaikuren parean zen. Denbora berean zetozen. Baina ziabogari heldu arteko tartean eta handik atera orduko aurreneko metroetan, alde polita lortu zuen geroko garaileak. Jakina da brankaz ondo joaten dela, eta hirugarren luzean, 11 segundora igo zuen aldea Oriorekiko, eta hamabostera Urdaibairekiko. Ederra izan zen ontzi guztiak ze palada erritmo txikian joan ziren brankaz. Itsasoan haize olatu zakarra zegoen, eta kontra zuten kanporanzko bidean. Jauzi asko ez egiteko ontziek oso luze egin zuten arraun arraunlariek. 33-35 arraun kolpe minutuko, gutxi asko. Horrek ez du esan nahi makal joan zirenik.

Azkeneko luzean, galdera hau zegoen: gai izango ote zen Orio Kaikuren gainera joateko bigarren luzean bezala? Gainera, Kaikuren ospea brankaz ibiltzearekin lotuta dago. Bada, atzo, azken luzean txikitu zuen erabat estropada. Poparean ere badabil. Asier Zurinaga patroia ere gai da itsasoa mugitzen denean ontzia ondo ekartzeko. Atzetik, Oriok eta Urdaibaik egundoko lehia izan zuten bukaeran. Olatu baten gainean sartu zen Urdaibai, baina Oriok sei ehunen atera zizkion.

Gaur, Zumaian, 11. estropada izango du ligak (12:20, ETB1), eta ohorezko txandan San Juan ariko da, atzo laugarren eginda. San Pedro, berriz, aurrenekoan ariko da, eta Astillero, bigarrenean.

San Juan, Euskotren ligan

Ezustea izan zen Euskotren ligan. San Juanek lehen bandera irabazi zuen, Zumaia liderra lau segundoan menderatuz. Hibaika seira sartu zen. Gaur Zumaian dute lehia (12:00), ligako bosgarrena.

KAE 2 ligan, San Pedro Bk irabazi zuen Getxon bertan, eta berak jarraitzen du sailkapeneko lehen lekuan. Gaur, Pasaian dute beste estropada bat (17:00), bosgarrena. KAE 1ean, Lekeition ariko dira arraunlariak (12:00), seigarren jardunaldian. Zierbena da liderra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.