Ehunenekoak, minutu

Urdaibaik irabazi zuen herenegun Zumaian, oso tarte txikiarekin: Pedreñari segundo erdia ere ez zion atera

Pazos, Aranberri eta Portularrume, Urdaibaiko kideak, Zumaiako arranplan, banderarekin. GARI GARAIALDE / A. PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Traineru denboraldian, hogeitik gora estropada jokatzen dituzte, eta denboraren mende ibiltzen dira ontziak. Azkarrena nagusi. Batzuetan, garaileak pusketa handia ateratzen dio bigarrenari, eta beste zenbaitetan, oso txikia izaten da aldea. Baina azken batean, aldea beti da aldea, handia edo txikia izan. Garailea ez da aldatzen tartea gehiago edo gutxiago izaten bada. Horregatik, izan ehunenekoak edo segundoak, ez dauka garrantzi handirik.

Igandean, Zumaian (Gipuzkoa), San Miguel ligako hamargarren estropadan, Urdaibaik irabazi zuen, eta segundo erdia ere ez zion atera Pedreñari. Ez dela aldea esan ohi da halakoetan, baina bada aldea. Nahikoa baita batek edo besteak irabazteko. Pedreñan, jardun eta jardun ariko dira 44 ehuneneko horietaz, eta minutuko tartea egon balitz bezain gogorra ariko zaie egiten estropadaren ondorengo hitzaspertua. Tarte txiki hori pusketa handia irudituko zaie eta.

Emozioa azaldu zen Zumaiako eremuan, itsasoan. Bi txanda ezberdinetan joan ziren bi traineruak: Pedreña bigarrengoan,eta Urdaibai hirugarrengoan. Arraun zalea penaz da biak batera joan ez zirelako. Berez ere ikusgarria izan zen lehia are politagoa izango baitzen bata bestearen ondoan aritu izan balira. Bi klubetako zaleek erlojuari begira erabaki zuten zein zen garailea, eta ez uretara begira, branka nork lehenago sartuko.

Pedreñak egin zuen berea bere txandan. Estu ibiltzeko eguna izango zuen, nonbait, eta lan egitea egokitu zitzaionean ere, justu ibili zen. San Juani segundo eta erdi ere ez zion atera. Lanak bukatu berritan, ez zuten berehalakoan pentsatuko banderaren lehian ibiliko zirenik. Gero, hirugarren txandari begira zeudela jabetu ziren aukera zeukatela trapua astintzeko. Baina azken luzean izan zen aukera hori, ziaboga guztietan Urdaibai hiruzpalau segundo aurretik izan zuelako. Orduan estutu zen kontua, eta, azkenean, ehuneneko ziztrin batzuk besterik ez ziren izan garailea erabaki zutenak. Gauzak gertatu eta gero oso erraza da aurrez harturiko erabakiez damutzea, baina Pedreñako patroia, Borja Gomez, buruari jiraka ariko da oraindik ere. San Juanekin itsututa, pasaiatarren albo-alboan joatea erabaki zuen, Zumaiako eremuan bueltako luzeak egiteko hobea den lehen kalerantz joan ordez. Erabaki hori hartu izan balu, litekeena da bandera Pedreñan egotea orain.

Beste gainontzean ere tarte estuak izan ziren nagusi. Laugarren postua zehazteko borrokan, Hondarribiak 24 ehuneneko atera zizkion Kaikuri. Tiranek, seigarren postuari eusteko, hiru segundo kendu zizkion Astillerori, eta Zumaia ez zen zazpigarren izan bi segundogatik. Bederatzigarren eta hamargarren postuak lotzeko borrokan ere, Castrok segundo pasa bakarrik atera zion Camargori. Eta San Pedrok Orio utzi zuen azken lekuan bi segundogatik, nahiz eta bigarren ziaboga istriborretik eman. Tarte estuak leku askotan, baina tarteak, azken batean.

Galizia nagusi Euskotren ligan

Ez zen halako estutasunik izan Euskotren ligako estropadan, Galizia Zumaia baino hamar segundo azkarrago ibili zelako. Orio 37ra sartu zen. Honenbestez, Galizia eta Zumaia sailkatu dira ligako kanporaketa jokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.