Ghobadi, Cantet, Costa-Gavras eta Hallstrom ere, Zinemaldian

Sail Ofiziala osatuko dute lau zuzendariek, 'Le capital', 'Foxfire', 'Fasle Kargadan' eta 'Hypnotisören' filmekinIrailaren 21etik 29ra bitartean, 14 pelikula lehiatuko dira Urrezko Maskorra irabazteko

Gabriel Byrne aktorea, lehen planoan, Le capital filmeko eszena batean. DONOSTIA ZINEMALDIA.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Costa-Gavras, Laurent Cantet, Bahman Ghobadi eta Lasse Hallstroem zuzendarien azkeneko lanek osatuko dute Donostiako 60. Zinemaldiaren Sail Ofiziala. Beraz, irailaren 21etik 29ra bitartean, hamalau film lehiatuko dira Urrezko Maskorra irabaztearren. Sail Ofizialaren barruan programatu dituzte Eduardo Cortesen ¡Atraco!, Ben Afflecken Argo eta Jose Antonio Bayonaren The Impossible ere, baina ez dira sari nagusia irabazteko hautagaiak, lehiaketatik kanpo emango dituztelako. Nicholas Jareckik zuzendutako Arbitrage-k inauguratuko du saila, irailaren 21ean. Antolakuntzak, baina, oraindik ez du jakinarazi zein filmek itxiko duen.

'Le capital'

Marc Tourneuil bazter utz daitekeen kapitalaren soldatapeko hiltzaile bat da. Boterera nola heltzen den, eta kapitalaren nagusi ahalguztidun nola bihurtzen den kontatu du Costa-Gavras greziarrak Le capital-en. «Kapitalaren esklabo gara. Hura kolokan dagoenean, gu ere kolokan gaude. Hazten eta nagusitzen denean, poztu egiten gara. Nork askatuko gaitu? Geuk askatu beharko al genuke geure burua? Haren zerbitzura nor dagoen eta gauzak nola egiten dituzten jakin beharko genuke gutxienez», esan du filmari buruz. Gad Elmaleh eta Gabriel Byrne dira filmako pertsonaia nagusiak.

Gavras izen handiko zinemagilea da. Bi aldiz irabazi du Oscar saria. 1969an, atzerriko film onenarena eman zioten, Z lanagatik, eta 1982an, berriz, egokitutako film onenarena, Missing-engatik. Horri esker, hain zuzen, Cannesko zinema jaialdiko Urrezko Palma eman zioten urte berean.

'Foxfire'

1953a da; New York estatuko herri txiki batean, emakume talde bat bizi da, eta Foxfire izeneko ezkutuko elkarte bat sortu dute. Emakume horien erretratua egin du Cantet frantziarrak. Mendekuak gidatuta, eta amets bat helburu dutela, bidaia bati ekingo diote. Datorrena datorrela, beren arauen eta legeen arabera bizitzea da emakume horiek bete nahi duten ametsa.

Zinemaldiko Zuzendari Berrien Saileko saria irabazi zuen Cantetek 1999an, Ressources humaines filmarekin. Orain dela lau urte, berriz, bai kritikak eta baita publikoak ere harrera beroa egin zion Entre les murs filmari. Hala, 2008an, Cannesko Urrezko Palma irabazi zuen.

'Hypnotisören'

Lars Keplerren best seller-a egokitu du Lasse Hallstrom suediarrak bere azken filmean. Hilketa basati baten egilea harrapatzeko, epaitegi bateko komisarioak eta hipnotizatzaile batek egindako polizia ikerketa kontatzen du. Hallstroem ere ibilbide luzeko zinemagilea da. Harenak dira, adibidez, The Cider House Rules (1999), eta Mitt liv som hund (1987); Oscar sari bat irabazteko izendatuak izandakoak biak ala biak.

'Fasle Kargadan'

Sahel poeta kurdistandarraren istorioa kontatu du Bahman Ghobadik. Kartzelan 30 urte igaro ondoren, emaztearekin biltzen ahaleginduko da. Hark, baina, Sahel hilda dagoela uste du. Monica Bellucik jokatu du emaztearen rola, eta Behruz Vossughik poetarena. Ghobadi kurdistandarrak bi aldiz irabazi du Urrezko Maskorra. 2004an Turtles Can Fly latzarekin, eta 2006an, berriz, Niwemang-ekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.