Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Hondarribia

Gehiago nahi dituzte

Hondarribiak puntaren puntan ibiltzeko taldea dauka, iazko bera ia osorik, eta joan zen urtean bezain ederki aritu nahi duKonfiantzaz daude, eta ligan iaz lortutako sei banderen kopurua gainditzeko asmoz

Hondarribia, iaz, Kontxako estropadako sailkatze saioan, barrurako luzean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2013ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Hondarribia entzun eta San Miguel ligako faborito handienetako bat dela burura etortzea bat izaten da. Urteren batean huts egin izan du, baina, beste guztietan, puntan ibili izan da. Hemen daude datuak: hamar denboraldi beteak ditu liga nagusia sortu zenetik, eta 25 bandera pilatu ditu. Talde fidagarria, dudarik gabe. Ligaren sorreratik dago maila nagusian, eta horrek ere erakusten du zerbait.

Orain arte lortutako guztia hor dago. Uzta oparoa bezain ederra da, baina kirolariak beti nahi izaten du gehiago. Horretarako prestatzen da denboraldi luzez, gero ondo lehiatzeko. Horra lehen oinarria, lehian sartzea. Horretan oso fidagarria da Hondarribia. Emaitzak gorabehera, koska bat gorago edo eskailera maila bat beheraxeago, beti lehiatzen da ondo. Aurten ere egingo du berea, ez izan batere zalantzarik. Ontzi segurua da, talde fidagarria.

Hobetu nahi horretan, zenbaki bat dute buruan sartuta: sei zenbakia. Bandera kopuru horixe irabazi zuten joan zen urteko ligan. Ia-ia ezustean, Kaiku jotzen zelako menderaezintzat. Baina han azaldu zen Hondarribia, eta nola azaldu ere. Hori hobetu nahi du, edo berdindu, gutxienez.

Gauzak ondo ateratzen direnean, ez aldatzeko aholkuari segi- tzea izaten da onena. Klub hau ez da bestela ere aldaketa asko egin zalea, eta aurten nola egin ba! Iazko talde ia bera dauka, eta berrikuntza bakarretakoak harrobitik etorri zaizkio. Ez da berme txarra. Urteetan beheko mailetan egindako lana islatzeko aukera paregabea gazte batzuentzat. Taldea ia bera izanik, ez da motiborik Hondarribikoen fidagarritasuna ezbaian jartzeko.

Neguko emaitzek zerbaitetarako balio badute, begiratu besterik ez dago Hondarribia zein lekutan ibili den. Beti goian. Orioko Jaitsieran, esaterako, garaile izan zen, eta etxeko estropadan, bigarren. Datuetan baino sinesten ez dutenentzat, hor erreferentzia zehatzak. Bide horri segitu besterik ez dute udan ere goian ibiltzeko. Ondo ezagutzen du Mikel Orbañanosek bide hori, berak egindakoa baita azken batean. Badaki berak eta badakite arraunlariek bide zuzena dela. Talde esperientziaduna da.

Gainera, ondorengoa ere aldeko dute: ez dira zarata atera zaleak. Tamainan eta neurrian egiten dute guztia. Garaipenean ere lasaitasuna dute nagusi. Ezaugarri ona da hori. Lanean sinesten dute, eta lanak eman izan dizkie orain arteko lorpenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.