Kafkaren igeri egiteko ametsa

Kirmen Uriberen poemak dira 'Jainko txiki eta jostalari hura' disko-liburuaren oinarria, eta musika eta pinturarekin uztartu dituzteUrdangarin, Mendizabal eta Ruedak sortu dituzte abestiak, eta Valverdek irudiak

Inigo Astiz
Bilbo
2013ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Kafkaren pasadizoa hartu du gogoan Kirmen Uribe idazleak. «Berak bazuen bere lagunekin Europako ibai guztietan igeri egitera joateko ametsa». Ibairik gabe, baina pareko zerbait egin nahi izan du Uribek. Izan ere, laguntasunaren alde egindako aldarrikapen moduko bat hartu du abiapuntu modura oraingoan. Horregatik batu da berriz ere Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariekin eta Mikel Valverde artistarekin. Zaharregia txikiegia agian ikuskizuna osatu zuen boskote bera izan da, beraz, Jainko txiki eta jostalari hura lana osatzen. Lagun artean. Hori izan da Europako ibai guztietan igeri egiteko hautatu duten modua. Ikuskizun gisa eskaini dute jadanik lana Ondarroan eta New Yorken, eta disko-liburua kaleratu dute orain (Elkar).

Heriotzari izkin egiteko modu bat ere bada proiektua, neurri batean. Hori iradoki du Uribek. «Ez nuen lagun gehiago galdu nahi. Nik lagunekin egon egin nahi nuen». Joxan Lizarribar BERRIA egunkariko presidente zena hil zenean sentitutakoaz ari da, sentimendu hori izan baita proiektuaren hazia. Ondoan izan zuten Lizarribar Zaharregia, txikiegia agian ikuskizunarekin, eta haren faltak elkartu ditu berriz orain. Hamar urteren ondoren. Orduko partaide berak dira oraingoaren bultzatzaile. Orduko hartan bezala, New Yorken estreinatu dute emanaldi hau ere. Eta orduko hartan bezala, musika, poesia eta irudia uztartu dituzte. Sortzaileen hitzetan, ordea, ordukoaz bestelakoa da emaitza. «Osoagoa», dio Urdangarinek. Oraingoan, Uriberenak baitira hitz guztiak.

Anne Carson poeta kanadarraren hitzak erabili ditu Uribek bere poemak azaltzeko. «Hark esaten du hitzak balio dezakeela bizitzako nekeak eramangarriago bihurtzen, baina baita zauriak azalarazten ere. Alegia, izan daitezkeela sendarri eta mingarri». Eta, Uriberen hitzetan, bi ildoak hartzen ditu Jainko txiki eta jostalari hura lanak. «Alde batetik, badago mina. Euskal tradizioan ere pisu handikoak dira heresiak, eta liburu honetan badaude bi halako, galdutako lagunei idatzitakoak. Eta, beste alde batetik, badago sendabide hori ere, umorea eta ironiaren bitartez».

Hitzen musikaltasuna

Bi adibide aipatu ditu idazleak. Carsonek aipatu modura, sendagarria da adibideetariko bat: Juan de Oñate konkistatzaileari ironiaz eskainitako Don Juanen bertsoak izeneko poema. Eta Carsonek aipatu modura, mingarria da beste adibidea: Gutariko bakoitza poema. «Horretan hitz egiten da era guztietako biktimei buruz. Gaur egungoez, eta iraganekoez. Min hori zolia da, baina irtenbide bat ematen du letrak, eta irtenbide hori, azkenean, da oroimena». Mingarri, beraz, baina amaiera baikorrarekin. «Oroit gutariko bakoitzaz, eta denborarekin/ haziko dira belarra eta adiskidetzea,/ ninikatuko hostoak eta hitzak./ Sinets nazazu, haziko dira. Poliki,/ amets dagien haur baten/ hankak bezain».

Errimatutako eta neurtutako poemak ere badaude diskoan, eta hori izan da aldaketetariko bat. «Nik lehen uste nuen errima eta neurriarena kartzela bat zela», aitortu du Uribek. «Baina gaur egun pentsatzen dut oso tresna ederra dela. Errimak eta neurriak sortu egiten dute poema. Ez da kartzela, da bide bat, eta hor ez dakizu zer gertatuko den». Eta hala sortu ditu horregatik disko-libururako poema batzuk. Errimatuta eta neurtuta. Eta hitzen musikaltasunaz aritu da Uribe. «Poemak sortzen dira musikatik, eta baita prosa ere. Prosa batek kale egiten duenean askotan izaten da musikarik ez duelako barruan». Saiakera berezia egin du alor horretan oraingoan.

Musikariak ados Uriberekin, eta baita pozik ere emaitzarekin. Haien hitzetan, aurreko lana baino musikalagoa da hau. Ikuskizunak kontzertu baten gisakoa dela dio Urdangarinek, adibidez. Eta baietz Uribek. «Lehen zuzenekoetan hiru musikari ginen eta poeta bat. Orain lau musikari gara. Talde kontzeptua indartu egin da». Diskoan, ia beste tresna bat gehiago balitz bezala txertatzen dituzte Uriberen irakurketak.

Misterioaren alde

Bar Puerto ikuskizuna aipatu du Mendizabalek. Uriberen poemak zituen hark ere abiapuntu, eta baita Urdangarinen eta Mendizabalen beraren abestiak ere. Oraingoa musikalki «osoagoa» dela dio, ordea. «Kantak hobeki egiten ikasi dugu. Poemek eta musikak batasuna bazuten lehengoan ere, baina oraingoan lotua hori indartsuagoa da. Eta beharrezko ez ziren elementuak ezabatu egin ditugu». Eta ildo beretik Rueda ere. «Zaharregia, txikiegia agian baino osoagoa da hau, eta produkzio aldetik jantziagoa».

Mikel Valverdek egin ditu disko-liburuko ilustrazioak. «Libre aritu naiz», dio. Aurreko lanean ageri zen irudi bat baliatu du lan honen azalerako. «Lehengoaren lorratzean sortu dugu oraingoa. Hori da dena. Badu lotura aurrekoarekin, baina erabat ezberdina da lehen orritik aurrera». Misterioaren alde egin du Uribek. Mark Strand idazlearen hitzak hartuta orain. «Nobelak bilatzen du egiazkotasuna, baina poesiak ez du hori bilatzen. Hori dio Strandek. Poesia behar horretatik libre dago. Poesiak bilatzen du misterioa. Poema batean ez da dena azaltzen, eta eskerrak! Eta horrek lotzen du pinturarekin eta musikarekin. Poesiak galderak bilatzen ditu».

Lagun artean boskotea. Laguntasunaren apologia neurrira ekarri beharraz Urdangarin. Bromazale denak, eta galdera bota du haietakoren batek. «Azkenean, joan zen Kafka ibaietara?». Barreak gero Uriberen erantzunarekin: «Kafkak ez zekien igerian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.