Bertsolari Txapelketa Nagusia

Atzerriko begitik so

Nazioarteko inprobisatzale eta ikerlariak bildu ditu Mintzola fundazioak munduko kantu inprobisatuei buruzko jardunaldietanEuskal Herriko eta nazioarteko 38 ikerlari izango dira BECeko Terraza Zientifikoan

BECen egongo denTerraza Zeintifikoa aurkeztu dute; irudian, Xabier Amuriza, Andoni Egaña eta Imanol Lazkano bertsolariak. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
Villabona
2013ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
«Nire atzeko panelean nire herritarrak ikusten ditut, baina nik ez dut harreman handirik. Hemen aurkitu dudana, aldiz, guztiz kontrakoa da, harreman handia daukazue; ezin esan dezaket inbidiarik ez dudala sentitu». Ana Zarina Palafox trobadore mexikarra Euskal Herrian dabil azken egunetan. Mintzola fundazioak antolatu dituen Munduko Kantu Inprobisatuak jardunaldietan parte hartu du, nazioartetik etorri diren beste hainbat aditurekin batera. Bihar, guztiak BECeko finaleko Terraza Zientifikoan izango dira.

Guztira 38 ikerlari eta inprobisatzaile izango dira aipatutako zabaltzan. Bertsoak bota ahala, gaztelaniara, ingelesera eta katalanera itzuliko dizkiete han izango diren itzultzaileek. Euskal Herriko adituekin batera, Kubatik, Mexikotik, AEBetatik, Galestik, Mallorkatik eta Kataluniatik etorritako ikerlari eta inprobisatzaileak daude, besteak beste. Antolatzaileek adierazi zutenez, igandeko finalak aitzakia ematen die elkar hobeto ezagutzeko eta etorkizunerako lan lerroak zehazteko. Atzo aurkeztu zuten ekinbidea,Villabonan, eta, bide batez, igandean han izango diren inprobisatzaile eta ikerlariek ere hitza hartu zuten.

Bertsolari, ikerlari eta bertsolarien arteko harreman horizontalak eta guztiek duten antolakuntzarako gaitasunak zur eta lur utzi duela jarraitu du Zarina Palafox trobadoreak. «Gu, berriz, zatikatuta gaude, baliteke gure izaera horrela delako izatea, gurean era desberdin batean bizitzen baititu bakoitzak bertsoak. Batzuek erritualetarako erabiltzen dituzte; beste batzuek, aldiz, ongi pasatzeko, baina inork ez bi gauzetarako». Horiek batzeko gakoa aurkitu du Zarina Palafoxek jardunaldietan. Baina Mexikon horrelako zerbait lortzeko esperantza ere sortu diote jardunaldiek. «Guk gure baliabide eta beharren araberako den zerbait egingo dugu». Finalari begirada botaz, uste du BECetik ateratzean galderak izango dituela buruan, eta ez baieztapenak.

«Ametsetan» BECen

Habana Unibertsitatetik etorritako hiru ikerlari ere izan dira jardunaldietan, eta hiruren izenean Patricia Tapanesek hitz egin du. Haren hitzetan biharko finala BECen ikustea amets baten modukoa da. «Kontatzen digutenean inprobisazioan oinarritutako txapelketa bateko finalak zenbat jarraitzaile dituen, oso hunkigarria da». Kubako repentismoa alde horretatik oso desberdina dela adierazi du. «Gurea oso lokala da, eta, egia esan, ez dauka hemengo gaztetasunik». Gauza ugari ikasi dituzte jardunaldietan, batez ere, dibulgazio eta komunikazioari dagokionez. Baina bertsolaritzak jendea nola batzen duen ikusteak harritu ditu gehien. «Hori da ona, elkarrekin ari zarete egiten bidea, eta bazoazte».

Oral Tradition aldizkariako editorea eta AEBetako Misouri Unibertsitatean ahozkotasunaren ikertzaile John Zemke ereizango da igandeko Terraza Zientifikoan. Hain zuzen, aldizkari horretan munduko ahozkotasunen inguruan egindako ikerketak publikatzen dituzte. Han argitaratu zen, esaterako, 2005eko Txapelketa Nagusiaren inguruko kronika. Jardunaldietan ikusi duenagatik, Mintzolak bere helburuak lortuko dituelakoan dago Zemke. «Bertsolariak euskal kulturaren ordezkariak dira», ikerlariaren esanetan.

Mintzolaren lehenengo urteetan aritu zen lanean Jone Miren Hernandez. Handik Galesera joan zen, eta gaur egun han jarraitzen du lanean. Hango ahozko tradizioa aztertzen ari da. «Niretzataurkikuntza bat izan da, eta, egia esan, haientzat ere bai, bertsolaritza ezagutu baitute». Mintzolako garaia «akuilu» izan zuela nabarmendu du: «Ikerketak uzteko aitzakiarik ez du ematen».

Mintzolaren Munduko Kantu Inprobisatuen atalaren jatorria ezagutzeko 1995-1996ra jo du Andoni Egaña bertsolariak. «Munduan bakarrak ez ginela eta munduan bakarrak izan nahi ez genuelako hasi ginen elkarlanean». Orduan hasitako lana du sustrai. Garai hoartan hasi baitziren nazioarteko inprobisatzaile eta ikerlariekin harremanetan. Lehenengoak ongi gogoan ditu: Kubako dezimistak. Handik aurrera, harreman gehiago izan dituzte.

2002an Egañak, Bapateko bertsoak liburua —lau hizkuntzatan argitaratu zuten— jarri du hurrengo mugarri, berak Jon Sarasua eta Joxerra Gartziarekin batera argitaratu zuena, hain zuzen. «Geure burua azaltzen zuen liburua izan zen hura», Egañaren arabera. Eta jo zuten Renora, eta bide gehiago ireki, 2003an Kulturarteko Topaketak antolatzera «ausartzeraino». Oroitzapen ona du ordukoaz. «Elkarrengandik ikasi genuen». Eta balio izan die gerora ere, harreman hura ehunduz joan baitira.

Aurtengoa txapelketa urtea izatea aitzakia modura erabili, eta jardunaldiak antolatu dituzte. Finalean inprobisatzaile guztiak elkarrekin egotea elkar trukerako baliagarria izatea espero du. «Izan dadila gure harremanak etorkizunean zurkaizteko modu bat».

Terraza Zientifikoan izango diren nazioarteko beste ikerlarietako batzuk, Pere Bescos, Anis Falco, Sonia Perez, Haydee Hernandez, Elin HG Jones, Sara Gonzalez, Paulu Zedda eta Aldo Cappai izango dira. Euskal Herriko ordezkari, berriz, Miren Artetxe, Xabi Paya, Xabier Aierdi, Joxerra Garzia, Eric Ditxarri, Kepa Paz, Iñaki Dorronsoro, Basilio Serra, Teresa del Valle eta Bertol Arrieta izango dira, beste batzuen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.