«Elkarbizitzarako beharko lukeen proiektua jaurtigai bat da orain»

«Konfiantza faltagatik eta proiektuaren erabilera politikoagatik» utzi du Donostia 2016ko zuzendari kargua Itziar NogerasekProgramazioa prentsan agertu izanak «kalte kalkulaezina» eragin du, haren ustez

Itziar Nogeras, atzo, prentsa agerraldia egin zuen aretora sartzerakoan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2014ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Bere kontra esan direnekin minduta, dimisioaren inguruko azalpenak emateko gogoz eta 2013ko uztailean lanean hasi zenetik egin duen kudeaketa defenditzeko helburuarekin. Horrela agertu zen Itziar Nogeras, azkeneko zazpi hilabeteetan Donostia 2016 egitasmoko zuzendari nagusia izan dena, atzo prentsaren aurrean. Eta dimisioa emateko hiru arrazoi nagusiak eman zituen: «Berehalako konponbiderik ikusten ez zaion blokeo teknikoko egoera bat, proiektuarekiko eta zuzendaritzarekiko konfiantza eta konpromisorik eza, eta herritarrak elkartu beharrean banatu egiten dituen politika partidista bat erabiltzea».

Fundazioaren Patronatuak astearte arratsaldean eginiko bileran aztertu behar zuen kultur hiriburutzaren bulegoak 2016rako prestatutako programazio aurrerapena. Horren aurretik, baina, informazioa zabaldua zegoen, El Diario Vasco egunkariak erreportaje batean argitaratu baitzuen igandean. Nogerasek zalantzarik gabe adierazi zuen filtrazioa patronatutik bideratu dela: «Kultura programaren aurrerapena patronatuarentzako soilik zen».

Informazioa komunikabideei eman izanak eragindako kaltea «kalkulaezina» da, Nogerasen iritziz: «Zein da ondorioa? Bada, sorpresa efektua galdu da, programarentzat prestatutako komunikazio plana hondatu da, eragileekin egindako kudeaketa eta negoziazioaizugarri zaildu da, hainbat proiekturen lan pedagogikoa hondatu egin da, eta zenbait proiektu gauzatzea ere arriskuan jarri da». Horrek guztiak lantaldearen eta eragileen gogoa «zapuztu» egin du orain arteko zuzendari nagusiaren irudiko.

Hori berarenganako eta Donostia 2016ko zuzendaritzarenganako konfiantza eta konpromiso faltaren adierazletzat jo zuen Nogerasek, eta egitasmoko zuzendari nagusi izendatu zutenean jarri zuen arazoaren iturburua: «Nire izendapenaren inguruko polemikaren aurrean egon zen babes faltarekin hasi zen arazoa, eta gailurrera iritsi da asteburu honetako filtrazioarekin».

Nolanahi ere, proiektuak berak aurrera egiteko zailtasunak ere izan dituela aitortu zuen Nogerasek. Hain zuzen ere, Guadalupe Etxebarria Donostia 2016ko kultura zuzendariarekin desadostasunak izan dituen zehaztu gabe, iradoki zuen hura ez dela moldatu proiektura: «Kultura zuzendaritzaren soslaia ez zaio 2016 proiektuaren ezaugarriei egokitzen, eta hori arazo handi bat izan da zazpi hilabete hauetan». Joan den abenduan barne-antolaketa berri bat proposatu zion patronatuari, «proiektuak lur har zezan eta gauzatzen joan zedin, eragileekin batera eman beharreko urrats eta lan guztiak egin zitezen». Hala ere, Nogerasek argitu zuen ez duela inoiz Etxebarria kargutik kentzeko eskatu. «Ez dut zalantzan jartzen haren ibilbidea». Guadalupe Etxebarria bera Nogerasek prentsa agerraldia egin zuen aretoan bertan zen atzo.

Ildo beretik, zuzendaritza nagusia eta bertako kideak aukeratzeko ahobatezkotasuna aldarrikatu zuen Nogerasek. Eta baitazuzendari nagusiari bere lantaldea osatzeko konfiantza emateko beharra ere. Hori ez dela bete gehitu zuen.

Liskar politikoak

Dimisioa emateko arrazoiak aletzerako orduan, Donostia 2016ren inguruan izan diren liskar politikoek erabakia hartzeko izan duten garrantzia ere azpimarratu zuen Nogerasek. Eta Donostia 2016rako Europako Kultur Hiriburu aukeratu zuteneko kontsentsu irudiarekin kontrajarri zuen. «Duela bi urte Donostiaren hautagaitza saritzeko epaimahaiak aho bateko babes politikoa eta instituzionalarekiko egin zuen balorazio on hartatik ez da, dagoeneko, ezer geratzen». Nogerasen iritziz, «elkarbizitzarako agertoki eredugarria» izan beharko lukeen proiektua «jaurtigai bat» da gaur egun, «mezu negatiboz irratiak, telebistak eta prentsa betetzen dituena». Horren guztiaren ondorioz, herritarrek proiektuarekiko duten «ilusio eta lotura emozionala» desagertuz joan da.

Dimititzeko arrazoiak emateaz gain, bere lanaren defentsa ere egin zuen Nogerasek. «Hasiera-hasieratik, nire helburu nagusia izan zen oinarri sendoak ezartzea, langile berrien sarrerarekin lantaldea indartzea eta, horrela, proiektua zehazten eta gauzatzen hastea». Haren hitzetan, lanean izan den denboran eragileekin harremana berreskuratzeko eta «Donostia 2016ren espiritua» berriro aktibatzeko tresnak sortzen aritu da.

Kanpo egonda ere, Donostia 2016 proiektua defenditu zuen Nogerasek. Eta haren garrantzia nabarmendu. Nolanahi ere, kultur hiriburutzaren egitasmoak «erabateko arrakasta» izan dezan beharrezkoak dituen baldintzak aipatu zituen: «adostasun politiko eta instituzionala, bai barruan, bai kanpoan, zuzendaritzan eta lantalde teknikoan erabateko konfiantza eta Fundazioaren independentzia».

Bestalde, astearte goizean patronatuak arratsaldean egindako bileran dimisioa eman aurretik, Juan Karlos Izagirreri bere erabakiaren berri eman ziola jakinarazi zuen Nogerasek, eta bileran bertan eskatu ziotela 24 orduz itxoiteko. Nolanahi ere, erabakiak ez zuen atzera bueltarik, eta patronatuarekiko «begirunez» atzeratu zuen. «Ez nuen espero 24 ordu horiek nire izena eta ospea zikintzeko izango zirenik. Baina ez naiz horretan sartuko». Bai aitortu zuen, ordea, Donostiako alkatearen hitzek «harritu» egin zutela. Juan Karlos Izagirre «minduta» azaldu zen Nogerasek bere erabakia hartzeko erabilitako «formarekin».

Batasun instituzionala

Itziar Nogerasek atzo goizean egindako adierazpenek oihartzun handia izan zuten, eta Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatuak «elkarrekin aurrera egiteko» deia egin zien Donostia 2016ren egitasmoan parte diren guztiei: «Patronatuak, instituzio guztiek, bat egin behar dugu hiriburutzaren erronka arrakastatsua izatea nahi badugu». Batasun instituzionalaren bitartez «Itziar Nogerasek salatutako alderdikeria» gezurtatzeko deia egin zuen Badiolak: «Denok elkarrekin indarrak metatu behar ditugu gelditzen zaizkigun hogei hilabeteetan».

Nogerasek kargua uzteak krisi sakona eragin badu ere, «itzalean» gelditu diren erabakiak hartu zituen patronatuak azkeneko bileran, Badiolaren ustez. Hain zuzen ere, talde teknikoak aurkeztutako kultur egitasmoaren ildo nagusiei oniritzia eman zien patronatuak, eta 2014ko aurrekontuen egokitzapena onartu zuen. Era berean, kultur koordinatzailearen postua ontzat eman —Xabi Paya izango da—, eta lantaldea indartzeko sei lanpostu berri sortzea erabaki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.