Donostia 2016

Guadalupe Etxebarria kendu eta aldi baterako zuzendaritza izendatu dute

Xabi Payak, Garbiñe Muñoak eta Enara Garciak osatuko dute, eta hamar egunen buruan lan plangintza bat aurkeztuko duteFundazioaren Patronatuak ahal bezain laster izendatuko du zuzendari nagusi berria

Martin Garitano, Juan Karlos Izagirre eta Kristina Uriarte atzo, patronatuaren bileraren osteko agerraldian. J.C.R. / ARP.
Igor Susaeta.
Donostia
2014ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Itziar Nogerasek Donostia 2016 Bulegoko zuzendari nagusi kargua utzi ondoren, Europako Kultur Hiriburutzaren Fundazioaren Patronatuak erabaki du aldi baterako zuzendaritza tekniko bat izendatzea. Iazko irailetik proiektuan lanean ari diren hiru pertsonak osatuko dute: Xabi Paya proiektu kulturaletako koordinatzaile eta bozeramaileak, Garbiñe Muñoa zuzendari ekonomikoak eta Enara Garcia parte- hartze arduradunak. Hamar egunen buruan aurkeztuko dute lan plangintza bat. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate eta patronatuko presidenteak nabarmendu du, ordea, Nogerasen ordezkoa ahalik eta azkarren bilatzen ahaleginduko direla, nahiz eta ez duten ez eperik jakinarazi ezta izendapenerako prozedurarik zehaztu ere. Berrantolakuntzaren ondorioz, Guadalupe Etxebarria kultura zuzendariak ez du karguan segituko.

Patronatuak atzo eguerdirako Gipuzkoako Foru Aldundian deitutako urgentziazko bileraren ondoren eman zuen Izagirrek aldaketen berri. Iragarri baino ordubete geroago egin zuen agerraldia, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua alboan zituela —Donostiako Udala, Gipuzkoako Diputazioa, Jaurlaritza eta Espainiako Kultura Ministerioa daude ordezkatuta patronatuan—.

Hiru aldiz errepikatu zuen Izagirrek behin-behinekoa dela zuzendaritza, eta patronatuaren batzorde eragilea, instituzio bakoitzeko kide banak osatutakoa, astero bilduko dela zuzendari nagusi berria ahal bezain pronto, eta «adostasunez», aukeratzeko helburuarekin. Dena den, ohartarazi zuen denbora beharko dela eta aukeraketa hori egiteko formulak askotarikoak izan daitezkeela: «Aukera administratibo guztiak hartuko ditugu kontuan: lehiaketa publiko irekiak, ikasketak dauzkaten funtzionarioak...». Behin-behineko zuzendaritzako kideren bat izan daitekeenik ere ez zuen baztertu.

Gainera, horiek emandako aurrerapausoa goratu zuen. «Egoera zein zen ikusita, langileek beraiek urrats bat egin dute aurrera, zuzendari berria izendatu bitartean proiektua ez atzera ez aurrera geratu ez zedin. Gure lana errazten du horrek». Baina, Izagirreren hitzetan, Payak, Muñoak eta Garciak exijitu diete patronatuko kideei berehala bilatzeko zuzendari berria, «beharra dagoelako». Zuzendaritza teknikoko kideak egitasmoko langileekin adostu dituzte, eta Santi Eraso eta Txuri Aranburu 2016 Bulegoa eta udala harremantzen dituen batzordeko arduraduna izango dituzte aholkulari.

Berrantolaketa egiteko zein arrazoi eduki dituzten ez zuen argitu patronatuko presidenteak, baina pentsatzen du Nogerasen dimisioak ez duela egitasmoa zalantzan jarriko. «Inondik ere ez. Iruditzen zaigu denon inplikazioa are handiagoa izango dela aurrerantzean». Donostia 2016k, gainera, beste dimisio baten berri eman zuen atzo: Itziar Elizondo proiektuaren komunikazio arduradunak egitasmoa utziko du. Bulegoaren arabera, arrazoi pertsonalek bultzatu dute erabakia hartzera. Elizondok orain dela hamabost egun jakinarazi zion bere erabakia Nogeras orduko zuzendari nagusiari.

Etxebarriarena, baina, ez da hautu pertsonala izan: kargutik kendu du patronatuak. Izagirrek ez zuen haren izena aipatu ere egin, eta kazetari baten galderari erantzunez jakinarazi zuen hartutako erabakia. Hain zuzen, Nogerasek berak iradoki zuen, herenegungo agerraldianEtxebarria ez dela moldatu proiektura. «Kultura zuzendaritzaren soslaia ez zaio 2016 proiektuaren ezaugarriei egokitzen, eta hori arazo handi bat izan da azkeneko zazpi hilabeteetan», bota zuen egitasmoaren zuzendari nagusi ohiak.

Proiektuaren programazioa prentsara filtratu izana ere izan zen Nogeras dimititzera bultzatu zuten arrazoietako bat, eta herenegun zalantzarik gabe adierazi zuen patronatutik bideratu zutela. Filtrazioei buruz galdetuta, Izagirrek ez zioen gaiari adarretatik heldu, eta esan zuen berez direla kaltegarriak, askotan gertatzen direla, bai 2016 proiektuan, eta baita beste batzuetan ere, baina ez dago ados hori Nogerasen dimisiorako arrazoietako bat izatearekin.

Bruselarekin, Europako agintariekin, etengabeko komunikazioa dutela gogoratu zuen Izagirrek, gainera: «Atzo [herenegun] kontatu genien bilera egin behar genuela, eta gero emango diegu hartutako erabakien berri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.