BertsolariTxapelketa Nagusia

Belaunaldi aldaketa betean

Txapelketa Nagusian 43 bertsolari lehiatuko dira, irailaren 29tik abenduaren 15era, orduan izango baita finala BECenEgaña txapelketa nagusitik erretiratu da, eta Sarasua izango da gazteena, 18 urterekin

Txapelketaren antolatzaileetako batzuk, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Bilbo
2013ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Ate-joka dator Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Lau urteko ohiko geldialdiaren ostean, Maialen Lujanbioren eskuetan dagoen txapela lortzea izango da parte hartuko duten bertsolarien helburua, eta txapelari eusten saiatuko da, jakina, Lujanbio bera. Orotara, 43 bertsolari ariko dira lehia horretan. Irailaren 29an, igandearekin, ekingo diote helburu hori lortzen saiatzeko bideari, baina atzo aurkeztu zuten txapelketa, eta antolatzaileek aurtengo ekitaldian berrikuntza nabarmenik ez dela izango eman zuten aditzera. «Azken txapelketatik hona gizartea tristatu egin dela esango genuke. Egun dugun krisia ez da ekonomikoa bakarrik, sormena ere krisian baitago, eta horri astindu bat eman nahian dator txapelketa hau», adierazi zuen Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak.

Antolakuntza arloan berrikuntzarik ez badago, aurtengo berrikuntza nagusia bertsolarien belaunaldi aldaketa izango da. Andoni Egañak izena emateari uko egin ostean, Egaña bera izan daiteke belaunaldi aldaketa horren isla nagusia. Gertaera horrekin «pozik» agertu dira antolatzaileak: «Guretzako arrakasta handiena guk baino hobeto egiten dakien jendea datorrela ikustea da», esan zuen Muruak atzoko aurkezpenean. Aldaketa horren adibide argia da Maddi Sarasua —Baionan 1995ean sortua eta Itsasun (Lapurdi) hazia—, 18 urterekin lehenengo aldiz nagusien txapelketan lehiatuko dena. Txapelketako parte hartzaileen batez besteko adina 32,9 urtekoa izango da, eta zaharrenak Jon Maia eta Jexux Mari Irazu dira, 1972an jaioak biak.

Antolatzaileen helburua «Euskal Herriko bazter guztietan bertsolaritzaren hazia ereiten jarraitzea da», eta, horretarako, hamalau saioko txapelketa antolatu dute aurten. Lehenengo fasean 36 bertsolari ariko dira, eta Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) hasiko da, «herri horrek bertsozale elkartearekiko erakutsitako eskuzabaltasuna eskertzeko asmoz». Talde bakoitzeko irabazleak hurrengo fasera igaroko dira zuzenean, eta puntu gehien lortzen dutenekin finalaurrekoen taldea osatuko da. Finalaurrekoetan, berriz, 24 bertsolarik parte hartuko dute: 2009ko zazpi finalistek eta lehenengo fasetik sailkatutako beste hamazazpik. Azkenik, BECeko final handian Maialen Lujanbio gaur egungo txapeldunak eta finalerdikoetako zazpi bertsolaririk onenak ariko dira. Finalean azken txapelketetako giroa izatea nahi dute antolatzaileek, baina ez diete kopuruei erreparatuko: «Askok esaten dute finalean 13.000 edo 14.000 pertsona biltzen garela, baina guk ez diogu horri begiratzen. Herriz herri, plazaz plaza zenbat jende joaten den batzen baldin bagoaz BECekoa huskeria bat dela konturatzen baikara», adierazi zuten antolatzaileek.

Txapelketa Nagusiaren berri izateko, elkarren osagarritzat dituzten bi webgune sustatu dituzte antolatzaileek: Bertsozale.com eta Bertsoa.com. Lehenengoak txapelketari buruzko informazioa eskainiko du, eta bigarrena bertso txapelketako hedabidea izango da. Horrez gain, Hitzetik hortzera ETB1eko telebista saioak ahalegin berezia egingo du txapelketan gertatutako guztiaren berri emateko. Sare sozialetan ere izango du tokirik txapelketak, hainbat kontu sortu baitituzte horretarako. Informazioa zabaltzeko #btn13 traola erabiltzeko eskatu dute.

Sarrerak, salgai

Txapelketa hastear dagoela, sarrerak salgai daude dagoeneko. Saioetarako sarrerak aurrez erosteko modu bakarra Internet bitartez izango da, www.bertsosarrerak.eu atarian. Dagoeneko salgai daude kanporaketa guztietako sarrerak, eta finalaurrekoetarakoak urriaren 14tik aurrera jarriko dituzte salgai. Finalerako, Interneten ez ezik, hainbat tokitan ere salduko dituzte herri askotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.