Donostiako 61. Zinemaldia. SailOfiziala

Gaizkia eta zalantza

Atom Egoyanek 'Devil's Knot' aurkeztu du Sail Ofizialean, orain dela 20 urte gertaturiko hilketa batzuetan oinarritutakoaSatanismoarekin lotu zituzten krimenak, baina filmak zalantzak aireratu ditu

Atom Egoyan bakarrik azaldu zen atzo komunikabideen aurrera. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2013ko irailaren 27a
00:00
Entzun
1993ko maiatzaren 5ean bizikletan ibiltzera irtendako hiru haur bahitu eta torturatu ondoren, hil egin zituzten Arkansaseko herri batean, AEBetan. Ez zen aurkitu arrasto handirik hilketaren lekuan, baina hasiera batean, ezintasun psikiko bat zuen gazte batek bere burua jo zuen erruduntzat, eta beste bi lagun ere salatu zituen. Muturreko metal musika entzuten zuten, satanismoa gustatzen zitzaien, haietako bat outsider bat zen... Froga argirik ez zegoen, baina zigortu egin zituzten. Atom Egoyanek hilketa hartan eta ondorengo epaiketan oinarritutako filma aurkeztu zuen atzo Sail Ofizialean. Ikusleek txaloka hartu zuten pelikula, baina kritikarien artean ez zuen babesle handirik lortu.

Europan ez, baina AEBetan oso kasu ezaguna da filmaren oinarrian dagoena. Eta hainbat liburu eta dokumental egin dira haren gainean. Izan ere, hiru gazte zigortu zituzten arren, behin baino gehiagotan aireratu dituzte zalantzak. Egoyanek uste du komunitateak errudunak behar zituela eta gazte haiek horretarako egokiak zirela. Slayer metal taldea entzuten zuten, artean «giro batzuetan onargarria ez zenean», zuzendariak dioenez. «Oso muturreko musika zen, eta pentsatzen zen hura entzuten zuenak derrigor egon behar zuela lotuta satanismoarekin. Gordina zen».

Filmak ez du erantzunik ematen, baina zalantzak azaltzen ditu. Zer gertatu zen, benetan, haur haiekin? Zerikusirik izan zuten krimenetan bi haurren aitek? «Oso kasu misteriotsua da. Hilketa sadikoa izan zen. Orain arte egindako dokumentalak susmagarriak izan ziren pertsonetan zentratu dira, baina nik beste ate bat ireki nahi nuen, dokumentalek uzten ez duten anbiguotasun bat». Zalantza baita istorioaren ardatza. «Nola bizi gaitezke zalantzarekin?», galdetu du zinemagileak, eta baita erantzun ere: «Zalantzarekin bizi behar dugu, ezer ez baitago argi».

Reese Whiterspoonek bete du haur baten amaren rola. Orain arte ezagun egin duten pertsonaietatik urruti dagoena: «Hegoaldeko espiritua gordetzen du; kultur mailan ondo ezagutzen du». Nolanahi ere, Egoyanek ez zuen AEBetako hegoaldeari buruzko film bat egin nahi: «Mitologia handia dago. Gotikoa, ezberdina... baina ez nuen topikoan erori nahi».

Devil's Knot bere filmik «naturalistena» dela uste du zuzendariak: «Exotica-n, The Sweet Hereafter-en tratamendua obsesiboagoa zen, begirada, poetikoagoa. Hau zuzenagoa da zentzu guztietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.