Donostiako 59. Zinemaldia

Azken txanpan sartu da

Arturo Ripsteinen 'Las razones del corazón' eta Mathieu Demyren 'Americano' filmek itxiko dute gaur Urrezko Maskorrerako lehiaFaboritoen artean Daviesen 'The Deep Blue Sea' eta Kore-edaren 'Kiseki' daude

Ana Katz zinemagile argentinarra, Mercedes Moran, Guillermo Francella eta Arturo Puig Los Marziano filmeko aktoreekin, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Azken txanpan sartu da Donostiako 59. Zinemaldia, baina lehiaketa ez da oraindik amaitu. Urrezko Maskorra lortzeko lehian dauden hamasei lanen artetik azken biak emango dituzte gaur: Arturo Ripstein zuzendari mexikarraren Las razones del corazón eta Mathieu Demy zinemagile frantsesaren Americano. Bihar azken eguna izango du jaialdiak, eta iluntzean egingo den galan jakinaraziko dituzte sarituen izenak.

Gaurko bi lanek iragarpenak alda ditzaketen arren, orain arteko kritikei eta ikusleen harrerari erreparatuta, hainbat lan dagoeneko faboritoen artean daudela esan liteke. Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarra izan daiteke sari bat jasotzeko hautagai sendoenetako bat, Kiseki(I Wish) lanari esker. Terence Davies zinemagile ingelesaren The Deep Blue Sea drama izan da kritikarien gustukoenetako bat. Enrique Urbizu bilbotarraren No habrá paz para los malvadosthriller-ak ere jaso du txalorik, Jose Coronadok polizia ustelaren rolean eginiko lanagatik bereziki, eta sariren bat irabazteko hautagaien artean sartu dute askok.

Hiru lan erakutsi zituzten atzo, eta kritika txarregik ez, baina laudorio handirik ere ez zuen jaso bakar batek ere. Torontoko jaialdiaren txaloak jaso ostean, ikusmina zegoen Rampartthriller-agatik, gidoia James Ellroy idazleak idatzia delako eta aktore taldean izen handiak biltzen dituelako. Oren Movermanek zuzendutako lanak, ordea, nahiko harrera hotza jaso zuen publikoaren aldetik. Egileak ez dira Donostiara etorri, eta filma eman osteko ohiko aurkezpenik ez zen izan.

Woody Harrelsonek protagonistaren rolean eginiko lana nabarmentzen da thriller-ean. Vietnamgo gerrako beteranoa, Dave Brown poliziak urteak daramatza Los Angelesko «kaleak garbitzen», sistemari «lan zikina» egiten, eta neurrigabeko indarkeria erabiltzen du horretarako. Haren alabak arrazista, matxista, misogino eta homofobo gisa definitzen du, besteak beste, eta esaldi esanguratsu batekin defendatzen da: «Ez naiz arrazista, mundu guztia neurri berean gorroto dut». Kale erdian gizon bat jipoitzen du, eta kamera batek dena grabatu; orduan hasiko dira laneko eta etxeko arazoak zein bere barne gatazkak. Bigarren mailako roletan, besteak beste, Robin Wright, Sigourney Weaver eta Ned Beatty nabarmentzen dira. Arratsaldean bestelako polizia baten gora-beherak erakutsi zituen Filippos Tsitos zinemagile greziarrak Adikos kosmosthriller-ean.

Haserretutako bi anaia

Oso bestelako istorioa ekarri duZinemaldira Ana Katz zinemagile argentinarrak. Familia giroko komedia arina da Los Marziano. Elkarrekin haserretuta urteak daramaten bi anaia dira protagonistak. Luis da zaharrena; arduratsua da, luxuzko etxalde batean bizi da, eta golf zelaian agertzen hasi diren zuloekin obsesionatuta bizi da azkenaldian, putzu horietako batera erori zenetik. «Familiaren diru iturria ere bada, eta horren saria txeraren bidez jasotzea espero du», Arturo Puig aktoreak azaldu zuenez. Kontrakoa da Juan anaia gazteena, arduragabeagoa eta arazo ekonomikoak dituena. Gaitz neurologiko baten ondorioz, irakurtzeko gaitasuna galduko du egun batetik bestera. «Kolgatu bat da, bohemio bat, eta bere osasunagatik familia dago arduratuagoa bera baino gehiago», azaldu zuen Francellak.

Urtebetetze baten aitzakian elkartuko dira bi anaiak, eta topaketaren inguruan eraiki du filma Katzek. «Nire asmoa ez zen burla tonua erabiltzea, baizik eta mingarria den zerbait agertzea eta, aldi berean, barre apur bat eragitea». Horretarako, «pertsonaiekiko intimitate handiena sortzen» ahalegindu da zuzendaria, «baina emozioen azalpen gehigarririk sartu gabe». Trama nagusia garatzeko luxuzko etxaldea aukeratu zuen, «guztia kontrolatu nahi den leku bat, sosegua bermatu nahi duena delako, baina hori ezinezkoa da, bertan pertsonak bizi diren neurrian inperfektua baita». Daniel Katz anaiarekin idatzi du gidoia, eta anaitasun sentimendua bestelako liskarren gainetik dagoela uste du. Marziano abizena jarri zien, inkomunikazioaren eraginez «beste planeta batetik datorren norbait» direlako bata bestearentzat. «Hurbiltzen direnean, ordea, bien artean dagoen mundu hori desagertu egiten da. Azken batean, bi gizon baino ez dira, elkar agurtzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.