Donostiako 61. Zinemaldia. Sail Ofiziala

«Begi itxiak eta itxiaraziak ireki nahi ditu pelikula honek»

David Truebaren 'Vivir es fácil con los ojos cerrados' filma 60ko hamarkadako Espainian kokatzen da

David Trueba zuzendaria (ezkerretik hirugarrena) filmeko aktoreekin, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKIPRESS.
Donostia
2013ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Pertsonaia bitxia da David Truebaren Vivir es fácil con los ojos cerrados filmeko protagonista. Ezohikoa. Antonio ingeles irakaslea da. The Beatles taldearen abestien letrak Radio Luxemburgen entzun eta transkribatzen ditu ikasleei erakusteko, ondoren familiakoei edo beste lagunei erakutsiz egiten zituzten aurrerapenez harro egon daitezen.

Atzoko prentsaurrekoan pertsonaia interpretatu duen Javier Camara aktoreak adieraziaren arabera, pertsonaia ona da, enpatikoa eta hiztuna, nahiz eta ez duen bere buruaz gehiegi hitz egiten. Filma 1966ko Espainian kokatzen da. The Beatles taldeko abeslari John Lennon Almerian da film bat grabatzen, eta Antonio kosta ahala kosta harekin biltzeko asmotan Albacetetik Almeriara abiatzen da autoz. Bidean, arrazoi ezberdinak direla medio, autostop egiten dabiltzan Belen eta Juanjo gazteak jasoko ditu, eta hirurek batera ekingo diote bidaiari.

Hasieran, ezezagunak izatean gaztetxoak lotsati agertuko dira, baina denborak aurrera egin ahala, konfiantza hartu eta adiskidetasun harreman estua finkatuko da euren artean.

«Pertsona ororen erronka bizitzan bai besteen begietara eta baiintimitatean harro sentitzeko zerbait egitea da». Horixe islatzea izan da filmaren helburua, Trueba zuzendariaren arabera. «Konplexuei aurre egin behar zaie».

Bestalde, lana 60ko hamarkadan kokatzea erabaki zuen, belaunaldien arteko bakea irudikatzeko. «Bizitzak berak eskaintzen ditu baketzeko aukerak. Gaitzesgarria da pertsonak ezagutu gabe epaitzea, azken finean guztiok berdinak baikara».

Gainera, garai hartan Lennon Espainian izateak badu bere karga sinbolikoa ere, zuzendariaren esanetan. «Liverpoolgo langile klasearen irudi zen John Lennonen 1966ko bisita errepresioaren eta autoritatearen aurkako aldarria izan zen, bera egote hutsa nahikoa zen».

Film hau egiaz gertaturiko bizipen batzuetan oinarritzen da. Eta, diotenez, The Beatlesen diskoetan abestien letrak agertu izana irakasleari zor zaio, Lennonekin hitz egin zuen arte diskoek ez baitzuten letrarik ekartzen.

David Trueba zinemagile izateaz gain, idazle ere bada. Bi diziplinak lantzeak, ordea, ez dio buruhauste handirik ematen gai bat zer-nola garatu erabakitzeko garaian. «Ez dut gatazkarik izaten. Argi ikusten dut gai bat zertan gorpuztuko den, filma edota eleberria izango den. Kasu honetan, esate baterako, irakasle honengertaera irakurtzean banekien filma izango zela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.