Ines del Riok kalean behar duela aldarrikatu dute Tafallako manifestazioan

'Parot doktrina' bertan behera uzteko galdegin dute manifestaziora batu diren 1.500 lagun inguruk

Ehunka lagun bildu zen Del Rioren askatasun eske. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRES.
Tafalla
2013ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Ines del Rio preso tafallarraren askatasuna eskatzeko oihuek Tafallako (Nafarroa) kaleak hartu zituzten atzo. Herrira mugimenduak deitutako manifestaziora 1.500 lagun inguru bildu zen. 197/2006 doktrina edo Parot doktrina bertan behera uztea galdegin zuten bertaratuek.

Hotzak eta euri mehatxuak ez zituen kikildu Ines del Rio presoaren askatasuna eskatzeko kalera atera zirenak. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak asteazkenean berriro aztertuko du presoaren auzia. Del Riok 2008an behar zuen libre, legeak ezartzen duen espetxe zigor handiena beteta, baina 2017. urtera arte luzatu zion zigorra Espainiako Auzitegi Nazionalak, aipatutako doktrinan oinarrituta. Joan den uztailean euskal presoa «ahalik eta azkarren» askatzeko agindu zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, eta neurri horren aurka helegitea jarri zuen Espainiako Gobernuak.

197/2006 doktrina eten. Betirako espetxe zigorrari ez leloa idatzia zuen pankartari eutsiz abiatu ziren manifestariak Nafarroako plazatik. Herriko kale estu eta nagusietan barrena ibili ziren manifestariak. Haien artean ziren Bilduko Nafarroako legebiltzarkide Maiorga Ramirez eta Sortuko ordezkari Rufi Etxeberria. Ibilaldian hainbat aldarrikapen oihukatu zituzten elkarretaratuek: «Ines askatu!», «euskal presoak etxera!» eta «presoak kalera, amnistia osoa!» izan ziren gehien entzun zirenak. Manifestazioa hasi zen tokian bukatu zen, Nafarroako plazan. Herrira mugimenduko kide Fran Baldak 197/2006 doktrina baliogabetzeko eta Ines del Rio aske uzteko eskatu zuen ekitaldiaren bukaeran egindako adierazpenetan. «Kalean behar luke, eta ez dago kalean. 25 urte hauetan salbuespen neurriak ezarri dizkiotelako urruntzeko, hondoratzeko, zigorra osorik beteta ere giltzapean edukitzeko», salatu zuen. Neurri horren eraginez, 71 presori luzatu diete espetxealdia, eta haien askatasuna eskatu zuen. Angel Figueroa presoaren heriotza gogoratu zuen. Heriotza «salbuespen espetxe politikak eragindako ondorio» dela esan ondoren, espetxe politika aldatzeko eskatu zuen: «Euskal gizarteak espetxe politika anker honen amaiera eta sortzen duen sufrimendua amaitzea nahi du. Ez du gatazkaren ondorioz heriotza gehiagorik nahi».

Ekitaldian jota bat eskaini zioten Del Riori, eta Fermin Valentziak kantatutako Si llora Tafalla (Tafallak negar egiten badu) abestiarekin bukatu zen.

Protesta gehiago

Euskal Herriko beste toki batzuetan ere Parot doktrina indargabetzeko eskatu zuten. Irunen, 200 lagun inguru bildu ziren. Heldu den asteazkenean, Estrasburgoko epaitegiak Del Rioren auzia berriro aztertuko duela eta, kontzentrazioak eginen dira Euskal Herriko hiriburu eta hainbat herritan ere. Horren haritik, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak araua baliogabetzeko eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.