Estrasburgoren zain egon gabe eman nahi dute epaia

Herritarron Epaia ekinbide ibiltaria egingo du Herrira-k ekainaren 8tik irailaren 14ra, 'Parot doktrinaren' aurka

Hodei Iruretagoiena.
2013ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Argi esan zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak iazko uztailean, Ines del Rio presoaren helegitea aintzat hartuta: Parot doktrina ez da onargarria. Del Rio «ahalik eta azkarren» aske uzteko eskatu zion Espainiari, baina hark ez zuen agindua bete, eta helegitea jarri zuen. Martxoaren 20an egin zuten ahozko epaiketa, behin betiko erabakia hartzeko. Herrira mugimendua ez dago prest, ordea, zain geratzeko. 197/2006 doktrina bertan behera uzteko eskatuko dute berriz, ekinbide ibiltari baten bidez. «Epai handi hau izanen da gizartearen borondatearen isla», azaldu dute Inge Mendoza eta Jone Galarza Herrira-ko kideek.

Del Rioren jaioterrian, Tafallan (Nafarroa), hasiko du bidea Herritarron Epaiak, datorren larunbat eguerdian egingo duten ekitaldiarekin. 80 herri igaroko ditu udan, irailaren 14an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian bukatzeko. 70 euskal preso inguru daude Del Rioren egoera berean, eta Estrasburgoren epaia «erabakigarria» izango dela nabarmendu dute.

Mendozak eta Galarzak gogora ekarri dute 197/2006 doktrinaren aurkako jarrera adierazi duela gizartearen gehiengoak, indar politiko eta sindikalek barne, eta aurkakotasuna «gero eta zabalduago» dagoela arlo juridikoan ere. Horrela, dei egin diete herritarrei ekinbidean parte hartzera: «Mezu argia bidali behar diegu Espainiako eta Frantziako Estatuei eta nazioarteko komunitateari: eman diezaiogun aukera bat bakeari».

Elkartasun asteburua

Hurrengo asteburuan ez ezik, asteon ere ekintza bat baino gehiago izan da preso eta iheslarien eskubideen alde. Batetik, Josune Arriaga presoa berriz ez urruntzeko eskatu zuen Herrira-k. Herenegun ekarri zuten Topaseko espetxetik (Salamanca) Iruñekora, ama ikustera, gaixorik baitago. Sakabanaketaren ondorioz, hamar urte zeramatzaten elkar ikusi gabe. Iluntzean, berriz, hileko azken ostirala izanik, elkarretaratzeak egin zituzten Euskal Herri osoan. Besteak beste, 50 lagun bildu ziren Aretxabaletan; 65 Mutrikun; 32 Pasai Donibanen; 157 Azpeitian; 45 Getarian; 65 Deban; 40 Eskoriatzan; 178 Errenterian; 250 Arrasaten; 84 Zaldibian; 40 Lasarten; 33 Elorrion; 45 Abandon; 9 Sondikan; 29 Bakion; 45 Mungian; 15 Irurtzunen eta 520 Gasteizen.

Gaur, Futbol 7 txapelketa egingo dute Hendaian (Lapurdi), eta Hatortxurock jaialdia Atarrabian (Nafarroa) — 18:00etan irekiko dituzte ateak—. Bihar, berriz, Lasterbidean izango da Oiartzunen (Gipuzkoa), nazio mailako lehen elkartasun lasterketa. Egun osorako egitaraua prestatu dute.

Bestalde, atzo irten ziren kartzelatik Arantza Garbayo eta Igor Igartua preso bilbotarrak, hurrenez hurren hamazazpi eta sei urteren ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.