Ikusteko dago euskal Arenys de Munt izango den

Euskal Herriaren independentziari buruzko aurreneko galdeketa gaur izango da: Etxarri Aranatzen

enekoitz esnaola
2014ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Aurreko astean Manu Gomez Etxarri Aranazko (Nafarroa) gaurko galdeketako antolatzaile taldeko kideak zioen ez dutela kontsultaz interesa azalduz beste herrietatik deirik jaso. Euskal Herriaren independentziari buruzko aurrena izango da gaurkoa, eta antolaketa aldetik ondo irteten bada «beste herrientzat eredu» izan daitekeela dio Gomezek.

Katalunian Arenys de Munt izan zen, behintzat. 2009ko irailaren 13an egin zuten han independentzia galdeketa. Handik hiru hilabetera, beste 167 herritan egin zituzten, eta 2011ko apirilaren erdira artean 554 denera, 2,6 milioi lagunen artean; ia milioi bat lagunek bozkatu zuten, eta Kataluniaren independentziaren aldeko babesa %90 pasakoa izan zen.

Etxarri Aranatzen azken bi hauteskundeetan partaidetza handi samarra izan da: 2011ko udal bozetan %72koa, urte bereko Espainiakoetan %70ekoa. Bietan, ohi bezala, garaile nabarmen indar abertzaleak: udalekoetan, Bilduk eta NaBaik %89ko babesa —zazpi eta hiru hautetsi, hurrenez hurren, eta PPk bat— eta Espainiakoetan, Amaiurrek etaGeroa Baik %80koa.

Gaurko galdeketaren antolatzaileek hilabeteak eman dituzte protokoloa lantzen. Arenys de Munten bezala, hasieran udalak herri kontsultaren aldeko mozioa onartu zuen. Bietan, tokiko auzitegiek baliogabetu egin zuten galdeketa, udalak horretarako eskumenik ez daukala argudiatuta.

Uztailaren 2ko 6/1990 Nafarroako Foru Legeko 96. artikuluak dio udalak herri kontsultetara deitzeko aukera udalaren beraren eskumenekoak diren eta, ogasuneko kontuak salbuetsita, herritarrentzako «garrantzi handia» duten «gai lokaletan» duela. Udalak formalki babestutako galdeketan Espaniako Estatuko ordenamendu juridikoa jokoan dagoenean, Nafarroako Gobernuak baliogabetzeko eska diezaioke tokiko erakundeari, edota administrazio gaietarako jurisdikzioan inpugnatu ahal du.

Arenys de Munten, azkenean bozkalekuak kultur elkarte baten egoitzan jarri zituzten. Etxarri Aranatzen, berriz, ile apaindegi bat izandako lokalean paratuko dituzte bi mahai. Tokia alokatu egin dute antolatzaileek.

Udalbiltzaren babesa

Udalbiltza Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak «sostengu instituzionala» eman dio Etxarri Aranazko kontsultari. «Ariketa demokratiko osasungarri eta zilegia da. Mugarria izango da». Instituzioko lehendakari Mertxe Aizpurua han izango da gaur. Gainera, udalbiltzakide bat galdeketaren behatzaile ariko da: Inaki Irazabalbeitia Tolosako zinegotzi eta europarlamentaria. Tatjana Zdanoka eurodiputatu letoniarrak Udalbiltzak gonbidatuta jardungo du begirale.

Egitarau zabal eta guzti, prest dago «demokraziaren festa», antolatzaileek diotenez. Ikusteko dago independentziaren aldeko jaia ere izaten den, eta Etxarri Aranatz bilakatzen den euskal Arenys de Munt.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.