Europako hauteskundeak. Kanpaina

Rubalcabak «eskuinaren» aurkako botoa eskatu du

«Europan agindu» duen eskuina» ordezkatzeko, ezkerra babestea galdegin du PSOEko buruak, Donostian
Gardiazabal, Lopez, Rubalcaba eta Arriola, atzo, Donostian.
Gardiazabal, Lopez, Rubalcaba eta Arriola, atzo, Donostian. J.C.RUIZ /ARP

Erredakzioa -

2014ko maiatzak 11
Europako Parlamentuaren osaketa aukeratzeko ez ezik, ezkerreko eta eskuineko politiken arteko hautua egiteko ere balioko dute hilaren 25eko hauteskundeak, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiaren arabera. Bozak PPren eta PSOEren arteko lehia izango direla jakitun, herritarrei dei egin die «murrizketei eta desberdintasunei» ezezkoa eman diezaieten, Europako politiken bidea aldatzeko: «Ez dut onartuko esatea PP eta PSOE gauza bera direla, popularrek suntsitu egin dutelako gobernu sozialistek eratutako ongizate estatua».

Europan «ezkerrari» babesa emateak zer garrantzia duen nabarmendu du, behin eta berriz, PSOEko buruzagiak Donostian. Kursaal jauregian egin du ekitaldi nagusia Rubalcabak, Patxi Lopez PSE-EEko idazkaria eta Eider Gardiazabal hautagaiarekin batera. Ezker-eskuin binomioaz aritu da hitzaldian; alderdi sozialistaren «ezkerreko politiken» onuraz, eta eskuinekoaren kalteaz. Eskuinak Europako Batasunean bultzatutako politikek «arrazakeria, xenofobia, populismoak, nazionalismo baztertzaileak» sortu dituela salatu du. Gainera, urteotan «eskuin muturrak» hartu duen indarra gogoratu du, Europako Alderdi Popularrak ordezkatzen duen «eskuinaren» aurkako botoa eskatzeko.

Izan ere, bost urteotan eskuinaren indarra agerikoa da Europako Legebiltzarrean. 2009ko hauteskundeetan, Europako Alderdi Popularra (PPE) parlamentuko alderdi nagusia izan zen, 263 eserlekurekin eta ehun bat legebiltzarkideren aldea aterata Alderdi Sozialistari. Sozialistek, gainera, beherakada izan zuten, 53 eserleku galduta. Europan inoiz izan den parlamenturik eskuindarrena dago orain, eta hori aldatzea ezinbestekotzat jo du buruzagi sozialistak: «Iparraren eta hegoaren arteko elkartasuna berreskuratu behar dugu, eta hori soilik etorriko da bost urteotan Europan agintzen egon duen eskuina ordezkatuko duen ezkerraren eskutik».

Patxi Lopezek «Europa berria» eratzeko beharrezkotzat jo du hari «burujabetza ematea eta eskumenak galtzea». Haren ustez, «konplexu probintziazaleak eta nazionalismo berekoiak» baztertu behar dira halabeharrez. «Abertzaleek ez dute Europako Batasun sendo bat nahi, Europaren zati bat bereganatzea baizik, eta hori ez da posible».

Gardiazabalek Bruselan talde sozialistak egindako lana goretsi du. Hura europarlamentarioa izan da legealdi honetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: