«Prozesua oztopatu nahi dute epaiketa politikoen bidez»

Epaiketa bidean dauden ezker abertzaleko kideen aurkako auziak bertan behera uzteko eskatu dute

Lan politikoa egiteagatik auzipetuta dauden ezker abertzaleko kideak, atzo. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Ehun euskal herritar inguruk joan beharko dute datozen hilabeteetan Espainiako Auzitegi Nazionalera, ezker abertzalearen barruan lan politikoa egiteagatik. 2009an Eusko Legebiltzarrerako bozetan legez kanporatutako D3M plataforman eta Askatasuna alderdi politikoan parte hartzeagatik auzipetutako hamahiru lagunak izango dira aurrenak. ETAren aginduz aukera politiko horiek sustatzea leporatzen diete, eta 9 eta 7 urteko espetxe zigorrak eskatu dituzte haientzat. Maiatzaren 3an hasiko da epaiketa.

Hori ez da, baina, epaiketa bidean den auzi bakarra. Zaharragoak diren beste bi auzi ditu mahai gainean Auzitegi Nazionalak, eta, aurki —aste honetan bertan, ziurrenik—, Bateragune auziko epaia jakinaraziko du Auzitegi Gorenak.

Auzipetuen ordezkaritza zabal batek agerraldia egin zuen atzo Donostiako Miramar jauregian. «Epaiketa politikoak» bertan behera uzteko eskatu zuten «konponbide prozesuaren aurkakoak direlako», eta euskal herritarrei deia egin zieten parte har dezaten maiatzaren 5ean Bilbon egingo den manifestazio nazionalean, baita auziok salatzeko eskualdeetan antolatu diren taldeetan ere.

Guztien izenean, Pernando Barrenak hartu zuen hitza —EHAK-ANV auzian auzipetuta dago—. Gogora ekarri zuen Espainiako gobernu guztiek «zanpatu» dutela independentismoa, eta ezker abertzaleko «ehunka» militanteri jazarri zaizkiela eta zigorra jarri dietela. Barrenak salatu du Mariano Raxoiren gobernua jarrera horixe erakusten ari dela. «Immobilismoan gotortua jarraitzen du, eta, salbuespen neurriak indargabetu beharrean, horietan sakondu egin du azken asteotan, edozein konponbide prozesutan ezinbestekoa den tresnari uko eginda: elkarrizketari, alegia». Besteak beste, Parot doktrina bermatu duen Auzitegi Gorenaren epaia nabarmendu du Barrenak, eta salatu du eraso larri bat izan dela «eskubideen ikuspuntutik zein ikuspuntu politikotik».

Barrenaren arabera, ezker abertzaleak antolatzeko duen gaitasuna «birrindu» nahi izan dute erabaki horrekin, indar politiko horren «apustu estrategikoa eragozteko eta abian den konponbide prozesua oztopatzeko». Ezker abertzaleko kidearen irudiko, «ideiei eta proiektuen konfrontazio askeari dioten beldurra» dago jarrera horren atzean. «Prozesua bertan behera usteltzea eragin nahi dute, baina alferrik dabiltza. Mugimenduan den ura ez da sekula usteltzen. Eta Euskal Herria martxan da, konponbiderantz». nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.