Elkarbizitza sendotzeko hausnarketa fasean da Lokarri

Herritarren sarearen sorreran lan ildoetako bat galdeketa bazen ere, utzia dauka, egoera aldatu egin dela iritzita

enekoitz esnaola
2014ko apirilaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sarea da Lokarri, baina utzia dauka galdeketaren arloa. Elkarbizitzarena ari da lantzen. Duela hiru bat hilabete barne gogoetari ekin zion, «sarearen egitekoaz eztabaida bete-betean» izan ziren bertako partaideak, Paul Rios koordinatzaileak BERRIAri esan dionez, baina gaur egun gogoeta geratua dute. Martxoan Donostiako Aieteko jauregian egitekoa zen nazioarteko konferentzia erori izanak buruhausteak sortu dizkie. Dena dela, hilabete batzuetara Lokarrik barne bilera bat egingo du, datozen eginkizunak zehazteko.

«Gure helburua ez da euskal gatazkako arazo denak bukatu arte lan egitea, arazo guztiak hurrengo hogei urtean ere ez direlako amaituko», dio Riosek. 2006an sortu zuten sarea, orduko bake prozesu garaian. «Bake prozesuaren lehen etapa izan zen hura. Orain bigarrengoan gaude, eta hori gerta dadin lan egin du Lokarrik. Orain egoera aztertzen ari gara». Urtero egin ohi dute barne bilera, hausnarketarako.

«Lehen etapa» hartan galdeketaren alde lan egin zuen sareak. Hainbat hiri eta herritan, esate baterako, sinadura bilketa bat egin zuen 2007an. Bere printzipioei jarraituz aritu zen. Izan ere, «indarkeriarik eza» du printzipio bat, «inor baztertzen ez duen elkarrizketa eta aniztasuna» beste bat, eta hirugarrena, kontsulta, idatzia daukan moduan: «Herriaren nahia eta printzipio demokratikoak aintzat hartzea da politikagintzaren oinarrizko araua. Inoren betorik eta inposiziorik gabe erabakitzeko gaitasuna eta borondatea baditu gure gizarteak, bide demokratikoak bakarrik erabiliz betiere. Borondate hori aintzat hartu behar dute politikariek, eta lege arauetara bideratu».

Lokarriren aburuz, egoera aldatu egin da, eta horrek zerikusia izan du bere egitekoan. Gaurko «bake prozesua» 2006koaren «ereduaren» aldean «desberdina» dela esan du. Duela zortzi urte ETAren eta Espainiako Gobernuaren negoziazioen ostean heldu zen erakunde armatuaren su-etena; oraingoan, aldiz, ezker abertzalearen barne gogoeta baten ondorioz, ETAk aldebakartasunez hartu du jarduera armatua uzteko erabakia —2011ko urriaren 20an jakinarazi zuen—.

Sarearen planteamendu aldaketa eragin duen beste faktorea, Riosek dioenez: orain bada erabakitzeko eskubidearen eta galdeketaren aldeko gizarte mugimendurik. Gure Esku Dago herri dinamika iazko ekainean aurkeztu zuten. «Beraz, Lokarri ez da horretan ariko».

Brian Currinen laguntza

«Lokarrik urteetan jardun du gatazka politikoari buruzko akordioak lortu nahian, pentsatuz horrek lagundu zezakeela indarkeriazko gatazka konpontzen. Baina pentsamoldea aldatu egin dugu; [hegoafrikar bitartekari] Brian Currinek lagundu digu horretan», azaldu du sareko koordinatzaileak. «Ideia hau da: politikaz edozein eztabaida izateko,jar ditzagun gutxieneko baldintzak, pertsona orok segurtasuna eta askatasuna izan ditzan. Baldintzak sortzen ari dira, ETAren indarkeria desagertu delako eta alderdi politiko guztiak legezkoak direlako».

Lokarrirentzat, «lehentasuna bakea eta elkarbizitza» lortzea da, «gero beste edozein gairi heltzeko». Adibidez, kontsultari. «Normaltasun demokratiko baten barruan galdeketa egitea zilegi da».

Beraz, baldintzak ereiten segitu behar dela pentsatzen du Riosek: ETAk armagabetzea bukatzea, euskal presoak gerturatzea eta instituzioetan oinarrizko akordio bat lortzea —«bizikidetzarako gutxieneko etikoa, eta bakegintzarako elkarrizketaren eta adostasunaren konpromisoa jasoko lituzke»—. «Bake barneratzaile baten oinarriak» jartzeaz ari da. «Orain arte ez dugu jakin gure desberdintasunak modu eraikitzaile batean konpontzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.