Zonbiak, aldaketa orori ezezkoa ematen diotenen sinbolo gisa

'Juan de los muertos' filmarekin itxiko da gaur Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea

Jazz Vila eta Andrea Duro aktoreak, Gervasio Iglesias ekoizlearekin, atzo, Donostian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Alejandro Brugues argentinar zinemagilearen Juan de los muertos filmaren emanaldiarekin amaituko da gaur Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, astebetez Donostiari —Parte Zaharrari bereziki— urtero eman ohi dion giro berezia eman ondoren. Antzoki Zaharrean emango dute Kuba eta Espainiako kapitala batuz ekoitzitako filma, 21:45ean hasita. Aurretik, eguerdian, jakinaraziko dute antolatzaileek nortzuk irabazi dituzten aurtengo ekitaldiko sariak.

Kuban filmatutako zonbien aurreneko filma dela jakitera emanez aurkeztu dute Juan de los muertos filma ekoizleek. Sitgesko zinema jaialdian aurkeztu du oraindik orain Bruguesek bere lana, arrakasta handiz. «Ez nuen film gorea egin nahi, komedia bat baizik», adierazi zuen jaialdi hartan. Horretarako, nahiago izan du erraiak jaten dituzten zonbien irudiak baztertu, eta hilotz ibiltariak Habanako gune ezagun, sinboliko eta enblematikoenetan paseatzen erakutsi.

Nahiz eta ikusleari barre eginaraztea izan den zuzendariaren asmo nagusia, filmak badu irakurketa sakonagorik ere. Bruguesen ikuspegitik begiratuz gero, Habanako gizarteko sektore baten metafora dira filmeko zonbiak. Inoiz ezer gertatuko ez balitz bezala eta egin beharreko aldaketei beti uko eginez bizi direnak zonbien guztiz parekotzat baititu zinemagileak.

Ikuspegi kritikoa

Edozerekin negozioa egiten saiatzen diren kubatarrek ere badute islarik filmean. Filmeko pertsonaia nagusiak, esate baterako, zonbiak diru truke hiltzen dituen enpresa bat sortzen du, aberasteko asmoz, Habanan zonbiak hedatzen ari direla jakin orduko.

«Kubako Gobernuak kontrolatutako informazio saioez ere barre egiten du filmak», zuzendariak azaldu duenez. Hala ere, espero du horrek ez dituela Kubako agintariak haserraraziko, eta ez duela arazorik izango filma Kuban estreinatzeko.

Juan de los muertos-en aurretik, beste bi film emango dituzte gaur Antzoki Zaharrean: Agusti Villarongaren El Cristal (1987), 17:00etan; eta ustekabeko filma, 19:30ean. Horrez gain, film laburren lehiaketan parte hartzen duten 15 lan emango dituzte, 19:45ean, Viktoria Eugenia antzokian. Antzoki berean, amaitzeko, beste emanaldi bat izango da gauerdian: Bo Arne Vibenius-en Thriller. A Cruel Picture filmarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.