Espainia «hausteko bidean»

Euskal herritarren eta katalanen «separatismoaren gorakadaz» idatzi du 'Financial Times'-ek

Independentistak sareak deituta Aberri Egunez Iruñean egindako manifestaldia. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Koldo Aldabe.
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Autonomia sutan, zen abuztuan. Separatismoak Espainiaren etorkizuna mehatxatu du, da irailean.

The Financial Times kazeta ekonomikoaren tituluak dira, David Gardner kazetariak Euskal Herrian eta Katalunian independentismoa izaten ari den igoeraz idatzi dituen artikuluen izenburuak. Hilabete baino gutxiagoan bi artikulu argitaratu ditu finantza kazetak, gaiak interesa edo kezka piztu dion seinale.

Izan ere, Financial Times-en arabera, Espainia «hausturaren atarian» egon liteke, eta ataria gertu dago, Gardnerren arabera, esaten baitu Eskozian 2014. urtean egingo duten erreferenduma baino lehenago hautsi daitekeela Espainia. «Separatismoa agendan ezarri da, Francoren osteko demokrazia garaian Espainiak izan duen krisirik larrienaren erdian», dio kazetak: «Euroguneko krisian, eta Espainiak duen finantza publikoen gainbeheraren eta ekonomia eta enplegu beherakadaren erdian, Madril lo-ibiltari baten moduan abiatu da Espainia haustea ekar lezakeen krisi konstituzionalera».

Diada eta bozak

Financial Times-ek Kataluniako independentismoaren hazkundean jarri du begirada nagusia. Kazetak dio krisi ekonomikoaren ondorioz Kataluniak Madrilera diru eske joan behar izan duela, hain zuzen ere, Kataluniak Madrili eman dion diruaren eske. Kazetaren arabera, horrek berekin ekarri du kataluniarrek beretzat aldarrikatzea hegoaldeko euskal lurraldeek zerga bilketan duten eskumena, «baina Madrilek ez dio emango». Lehendik indartsu zen independentismoa are gehiago indartu du krisi ekonomikoak Katalunian, eta Financial Times-ek azpimarratu du inkesten arabera independentziaren hautuak irabaziko lukeela lehenbiziko aldiz Katalunian. Irailaren 11n —Diadan— independentziaren aldeko aldarria handia izango dela iragarri du.

Euskal Herrian ez da krisi ekonomikoa izan faktore nagusia independentismoak gorantz egiteko, kazetaren arabera. Aitzitik, hamar urte legez kanpo egon ondoren, ezker abertzalea EH Bilduren bitartez indartsu agertu dela azpimarratu du, eta urriaren 21eko bozetan lehen indar izan daitekeela. Euren bidea egiteaz gain, katalanak eta euskal herritarrak elkarri begira ere badaudela dio Financial Times-ek, eta horrek bakoitzaren independentismoa elikatzen duela.

Zentralismorantz

Espainia «haustea» ekar lezakeen mugimendua geratzeko neurriak hartu beharrean, finantza kazetak suari egurra botatzen ibiltzealeporatu dio Mariano Raxoiren gobernuari. Izan ere, Financial Times-ek uste du Espainiako Gobernuak krisia zentralizazioari ekiteko erabili nahi duela Kataluniari zergak biltzeko eskumena edo finantzak kudeatzeko beste bideren bat eskaini beharrean. Hain zuzen ere, zorrari aurre egiteko Madrili dirua eskatu beharrean diren erkidegoei hainbat eskumen itzultzeko exijitu die Raxoiren gobernuak, Europako Batasunaren aginduak argudiatuta. Gainera, kazetak gogorarazi du PPk ez duela sekula begi onez ikusi erkidegoen estatua. «Kataluniarrei Espainiaren barruan eusteko, Madrilek euskal lurraldeek duten eskumen fiskalen antzekoa eskaini beharko liekete. Ez dirudi hala izango denik», dio Fincancial Times-ek. Ez duaipatzen, baina agerikoa da zein ondoriotara iritsi den finantza kazeta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.