Zorrak kitatzen hasteko

Txillardegik utzitako ondarea ulertzen laguntzeko saiakera laburra plazaratu du Fito Rodriguezek

Antxon Lafont Haran bildumako zuzendaria eta Fito Rodriguez Txillardegi liburuaren egilea. JUAN CARLOS RUIZ/ ARP.
Gorka Erostarbe Leunda.
Donostia
2012ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren figurari metafora bat atxiki behar balitzaio, mahatsondoarena erabiliko luke Fito Rodriguez idazle eta EHUko irakasleak. «Mahatsondoak adar ugari eta emankorrak izaten ditu, eta bertatik ateratzen den produktua hil ondorenean ere ondu egiten da». Txillardegiren ekarpen zabalaren inguruan «jakin-mina pizteko ale bat baino ez da» Txillardegi liburua, Rodriguezek berak Erein argitaletxearen Haran bilduman plazaratu berri duen saiakera laburra.

Gertutik gertura ezagutu zuen Txillardegi Rodriguezek, besteak beste, biak unibertsitatean irakasle aritu zirelako. Aurten zendutako idazle, hizkuntzalari eta politikoaren pentsamendunahiz ekinbidearen inguruko hurbiltze bat egin du Rodriguezek, «erabat modu subjektiboan, eta neutral izateko inolako asmorik gabe».

Hasieran ez zuen liburua idatzi nahi Rodriguezek, «ez bainuen uste, besteak beste, Txillardegiren emaria liburutxo batean kabitzen zenik», baina bere burua zorretan sentitzen zuen Txillardegirekiko, eta hala erabaki zuen lana idaztea. «Idazki honen bidez, harekiko zorra kitatu nahi izan dut, edo kitatzen hasi, behintzat». Rodriguezen ustez, «ia ezinezkoa da» Txillardegiren ekarpena ahalegin eta liburu bakar batean biltzea. «Berak bazekien jakin-mina pizten gaien inguruan, eta horixelortu nahi luke liburu honek, bere laburrean». Haran bildumako laugarren alea da Txillardegi, 40 orri inguru ditu, eta euskaraz idatzitako aurrenekoa da.

Politikan, literaturan eta euskararen normalizazioan Txillardegik egindako ekarpena aletzen du Rodriguezek, eta, batez ere, azpimarratzen du, irakaskuntzan bezala, ikerkuntzan eta hedakuntzan ere «paradigma berri bat» zedarritu zuela. «Orain, batez ere, ikerkuntzan egiten da ahalegina, irakaskuntza eta hedakuntza alboratuz».

Liburuaren ondotik, Txillardegiren figura ulertzeko ale eta ahalegin gehiago etorriko dira, Rodriguezek berak adierazi duenez. Euskaltzaindiaren Euskera aldizkariak eta Euskal Idazleen elkarteak Hegats-ek Txillardegiri eskainitako aleak argitaratuko dituzte orain hurrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.