Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza onartu du Frantziako Senatuak

Lehenik parlamentuak egin bezala, senatuak ere baztertu du ugalketa lagundua sustatzen duen emendakina

Aitor Renteria.
Baiona
2013ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Zortzi egun iraun duen eztabaida sutsuaren ondotik, Frantziako Senatuak onartu du sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legea. UMPko senatariek emendakin ugari aurkeztu dituzte, ahal bezainbat traba ezartzeko lege proposamenari. Azkenean, senatariek eskua altxatuz onartu dute lege proposamena. UMPko gobernuarekin Etxebizitza ministro izandako Christine Boutinek adierazi du bozka prozedura «iraingarria» izan dela, nahiz eta Frantziako Senatuan ohiko prozedura izan. Senatuak lehen irakurketan onartu ondoren, lege proposamena Frantziako Parlamentura itzuliko da apirilaren 17an, bigarren irakurketa egin ondoren behin betiko onartzeko.

Frantziako Gobernuak txalotu egin du senatuaren erabakia, eta nabarmendu du sei hilabete iraun dutela lege proposamenari buruzko eztabaidek. «Eztabaida demokratikoa luzea izan da, eta nahi izan duen orok denbora izan du bere iritzia sakon azaltzeko», azaldu du Bruno Le Roux PS alderdiko parlamentuko buruak.Bai parlamentuak, bai senatuak, bakoitzak ehun oren baino gehiago pasatu ditu lege proposamena eztabaidatzen.

Lege proposameneko lehen artikulua da garrantzitsuena, sexu bereko pertsonen ezkontzari eta haurren adopzioari atea irekitzen dielako. Lehen artikulu hori parlamentuak onartu zuen bezala utzi du senatuak, eta, horretan oinarrituz, puntu horretan bederen bigarren irakurketan aldaketarik ez dela sartuko pentsa daiteke.

«Gure baitan dagoen poza sakona da, eta parlamentuko gela osoa betetzen du. Errepublika arteko akordioa indartu dugu gaurko bozketaren bidez, sexu bereko bikoteei gainerateko herritarrek dituzten eskubide berak aitortzen dizkiegulako», adierazi du Christiane Taubira Justizia ministroak. Talde ekologisten arabera, atzoko bozketa François Hollanderen gobernuko «lehen aitzinamendu soziala» izan da.

Alta, testuak ez ditu ase lesbiana, gay, transexual eta bisexualen taldeen eskari guztiak. Parlamentuak lege proposamenetik at utzi ditu ugalketa lagundua eta beste pertsona baten bidezko ernalketa. Eskubide horiek aitortu ezean pertsona guztien arteko berdintasuna ez dela bermatuko esan dute. Gobernuak erantzun die familiaren lege proposamenean eztabaidatuko dutela horretaz.

Eskuinaren oldarraldia

«Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak estatu totalitariora garamatza, eta ni kontra nago, demokrata naizelako», jakinarazi du Boutinek. Gizarte krisiari gizartearen zatiketa erantsi diotela erran du Jean Pierre Raffarin Frantziako lehen ministro ohiak. «Injustizia handia izan da, lege honen ondoren sortuko diren haur batzuek ez dutelako ezagutuko aitaren eta amaren irudia», erran du Bruno Retailleauk (UMP). Sexu bereko pertsonen ezkontza eskubideen aurka borrokatu da Frigide Barjo, eta bozketaren emaitza deitoratu du, eta dagoeneko iragarri du legearen aurkako manifestazioa eginen dutela maiatzaren 26an Parisen.

Azken egunotan ezkontza eskubidearen aurkako taldeek Parisen egindako manifestazioetan gatazka handiak izan dira, eta zaurituak egon dira eskubide hori sostengatzen zuten manifestarien artean. Eraso homofoboak ere gertatu dira ondotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.