Hollandek parlamenturako bozetan botoa ematera deitu ditu frantziarrak

Eskuinaren aldeko inkesta etxeek gehiengo osoa eman diete sozialistei; abstentzioa saihestu nahi du PSk

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
François Hollande Frantziako presidentea une gozo-gozoan dago. Presidentetza hartu eta hilabetera frantziarren %62ren babesa dauka, eta legebiltzarrean bere alderdiak babes horren emaitzak jasoko dituela esaten ari dira inkestetan; batzuk gehiengo osoa lortuko duela baieztatzera ere iritsi dira. Baina presidenteak bere aldeko hautua egingo luketen guztiek botoa eman dezaten eskatu du, «den-denak» joan daitezela botoa ematera bihar, hauteskundeen lehen itzulian, iragarpenek garaipenaren lasaitasuna eman eta ez bozkatzeagatik emaitza okerragoak izan ditzakeelako. Inkestak inkestak baitira, eta oker egon daitezke.

Kanpainan, legebiltzarreko hauteskundeak gerturatu ahala, gero eta emaitza hobeak izan ditu PS Alderdi Sozialistak, eta OpinionWay eta Ipsos urrutirago joan dira, sozialistek legebiltzarrean ekologisten eta Ezkerreko Frontearen beharrik ez dutela beharko esateraino. Dena den bi galdeketa etxeok eskuinaren alde lerratuta daude: OpinionWayri datuak manipulatzea leporatu zioten, 2009ko Europako hauteskundeetan. Le Figaro egunkari eskuindarrarentzat egin zuen galdeketa hori. Segolene Royal sozialistak OpinionWay eta Ipsos salatu zituen, beste inkesta etxe batzuen artean, Ma plus belle histoire, c'est vous liburuan, 2007ko kanpainan Nicolas Sarkozyri laguntzeagatik. OpinionWay, gainera, Ipsoseko hiru langilek sortutakoa da.

OpinionWay da argien egiten duena gehiengo osoaren alde. PSk 290 eta 320 eserlekuren artean lortuko ditu, haren arabera. Asanblea Nazionalak 577 dauzka, eta horiekin batera ekologistek lortuko lituzkeen hamasei eta 22 arteko eserlekuak ere bere alde lituzke, aurretik egin duten akordioaren ondorioz —ekologistak egun gobernuan daude—. Ezkerreko Fronteak, berriz, hemezortzi eta 22 artean lortuko lituzke. Jean-Luc Melenchonek presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian Hollanderen aldeko botoa eskatu zuen.

UMP eskuinak, berriz, eta inkesta horren arabera, 209 eta 247 diputatu artean eskuratuko lituzke. 2007an 313 lortu zituen: gehiengo osoa izan du.

Dena den, Fronte Nazionalak izango duen jarreraren menpeko aldaerak ematen dituzte inkesta etxeek. Eskuin muturrak botoen %15 baino gehiago lor ditzake, OpinionWayren arabera, baina kopuru hori zero eta lau diputaturen artean islatuko da. UMPren alde jarriko balitz Sarkozyren alderdiaren emaitzak hobetuko lituzke bigarren itzulian.

Ipsosen datuak

Ipsosek 292 eta 346 artean eman dizkio Hollanderen alderdiari, eta FNri %15,5. Le Penen alderdia 100 barrutitatik 90etan bigarren itzulira igaroko dela ere jaso dute. Joan den astean emandako datuekin konparatuz askoz hobeak dira. 60tan esan zuten orduan. Hala ere, abstentzio handia espero dute, %43 ingurukoa, inkestok diotenez, eta horrek norbaiti eragiten badio Le Penen alderdiari izango da.

Sozialistentzat horren emaitza onak iragartzen dituztenak ere badira. Emaitza onak, baina ezkerreko alderdiekin akordioak egin beharko lituzke erreformak eginahal izateko. BFM TV, 20 Minutes, RMC eta CSAk emandako datuen arabera, parlamentuko ezkerraren ordezkaritza %45,5ekoa izango da, eta eskuinarena %33koa. Fronte Nazionalaren babesa %14 izango da. Ezkerraren barruan, berriz, PSk %32,5 lortuko du, Ezkerreko Fronteak%8, eta Berdeek %5.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.