Arreta independentzian dela hasi da Katalunian hauteskunde kanpaina

Katalunia estatu gisa Europako Batasunetik kanpo geldituko balitz ere, galdeketa egitearen alde agertu da Mas

Samara Velte.
2012ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Independentzia hitzaren oihartzunarekin hasi da gauerdian Kataluniako Parlamenturako hauteskunde kanpaina. Hitza aipatu, eta Artur Mas Generalitateko presidenteari zuzentzen zaizkio berehala begirada guztiak: Katalunia estatu propio izatera eraman nahi duen prozesuaren lidergoa hartu du, hitza bera ahotan ibili gabe. Diskurtsoak balio izan dio orain arteko kritiketatik onik irteteko, eta azaroaren 25eko bozek ere egoeraren gaineko kontrola emango diotela espero du. Gobernu berriak krisiari ere egin beharko baitio aurre, hori gutxiago aipatzen den auzia izan arren.

Independentziaren inguruko erreferenduma babesten lagunduko diote ERC Esquerra Republicana de Catalunya eta SI Solidaritat per la Independencia alderdiek. Oriol Junqueras ERCko zerrendaburuaren arabera, hori da «kataluniarrek euren dirua enpresen lehiakortasunera bideratzeko eta krisitik irteteko» duten aukera bakarra.

PPk eta Ciutadans-ek egungo autonomia eredua defendatuko dute. PSC, berriz, bi joeren artean harrapatuta gelditu da: katalanismoaren eta espainolismoaren arteko eztabaida pil-pilean dela, ez du jakin garaiz posizioa hartzen, eta federalismoa proposatu du «hirugarren alternatiba» gisa. Alderdiaren barne gatazkek, ordea, ahul eta lekuz kanpo erakutsi dute azkenaldian; Ernest Maragall Kataluniako Gobernuko kontseilari ohiak urrian utzi zuen alderdia.

ICV-EUiA koalizioak erabakitzeko eskubidearen alde egingo duela iragarri du, baina lehen planora ekarri nahi ditu CiUk iragan agintaldian egindako murrizketak ere. Aurreko udal hauteskundeetan 62.000 boto lortu zituen CUP Candidatura d'Unitat Popular lehenengoz aurkeztu da; independentismorako eredu asanblearioago bat proposatzen du.

Masen eskutik

Gobernatzeko bi urte gelditzen zitzaizkion arren, irail amaieran eman zuen Masek legebiltzarra desegin eta bozak aurreratzeko erabakiaren berri. Horren aurretik, ordea, datorren agintaldian autodeterminazioari buruzko galdeketara deitzea onartu zuten 135 legebiltzarkidetatik 85ek; 21ek kontrako botoa eman zuten, eta PSCkoak abstenitu egin ziren.

Mariano Raxoi Espainiako presidenteak Kataluniarentzako itun fiskala negoziatzeari uko egin ondotik etorri da bozak aurreratzeko erabakia. Irailaren 11n milioi eta erdi lagun independentzia aldarrikatzera atera zituen Diadak ere bultzada nabarmena eman dio Kataluniako aldarri independentistari, eta hori baliatu nahi izan du Masek. Asteburuan Bruselan izan da, Friends of Europe foroan CiUren proiektu soberanista aurkezten. Europaren barruko estatu katalana aldarrikatu du, eta EB Europako Batasunari babesa eskatu dio. Atzo onartu zuen zaila dela aurrez jakitea Katalunia EBtik kanpo geldituko ote den. Dena den, autodeterminazioari buruzko galdeketa berdin-berdin egitearen alde agertu da: «Kasu horretan, hausnartu beharko dugu egin nahi dugun edo ez, baina nik egingo nuke, edozein kasutan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.