Atxagari buruzko dokumental bat estreinatuko dute Zinemira sailean

Michel Gaztanbide gidoilariak jasoko du Zinemira saria, bere ibilbide osoaren aitorpen gisara

Jose Antonio Sistiaga artistari buruzkoa da Josu Veneroren En un paisaje imaginado . DONOSTIA ZINEMALDIA.
Donostia
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Euskal Herrian ekoitzitako zortzi film luzek osatzen dute Zinemiraren laugarren edizioa, horietatik sei estreinaldiak. Estreinakoz pantaila handian ikusi ahal izango dira Joxeanjel Arbelaitzen Leku hutsak, hitz beteak, Pablo Iraburu eta Migueltxo Molinaren Pura vida, Josu Veneroren En un paisaje imaginado, Bertha Gaztelumendiren Mariposas en el hierro, Juan Miguel Gutierrezen Mur-mur eta Matt Richardsen To Say Goodbye filmak. Horiez gain, Panorama atalean, urtean zehar proiektatutako beste bi lan bildu dituzte: Maru Soloresen Camera obscura eta Ricardo Ramonek eta Joan Espinachek egindako animaziozko film bat, Papá, soy una zombie.

Aurtengo Zinemiran euskarak «behar duen tokia» izango duela nabarmendu du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuak: «Lehendik azpitituluen aldeko politika egiten da jaialdian, eta aurtengo hasierako eta amaierako galetan euskararen presentzia handiagoa izango da». Estreinaldien kasuan, baina, Leku hutsak, hitz beteak soilik da euskara hutsean egindakoa, eta Bernardo Atxagaren idazle zereginean sakontzea du helburu, Arbeltzailek argitu duenez: «Idazle bezala zer kezka, burutazio, lan egiteko modu dituen erakustea da dokumentalaren asmoa». Hartara, ikusleak Asteasun, Zalduondon, Bilbon eta toki gehiagotan barrena ikusiko du Atxaga. «Elkarrizketa luze bat da, lan espezifiko eta monografiko bat, eta batez ere unibertsala, idazle baten gorabeherez ari baita».

Kimuak-ek, ohikoa duenez, zazpi film labur bildu ditu. Mikel Ruedaren Agua!, Isabel Hergueraren Bajo la almohada, Ander Mendiaren Beerbug, Jesus Maria Palaciosen Casa vacía, Koldo Almandozen Deus et Machina, Paul Urkijoren Monsters Do Not Exist eta Martin Roseteren Voice Over.

Bestalde, urtero banatzen duten Zinemira saria Michel Gaztanbide gidoilariak jasoko du aurten. Besteak beste, Julio Medemen Vacas filmeko gidoia idatzitakoa da, eta harena da Zabaltegi sailean aurkeztuko duten Iñaki Elizalderen Baztan-ena ere. Irailaren 23an izango da sari emate ekitaldia, Bataplan dantzalekuan egingo den Euskal Zinemaren Festan.

Serbitzu saria, ostera, euskal ekoizpena duen edozein filmek irabaz dezake, dela Zinemirakoa, dela jaialdiko gainerako sailetakoa. Baldintza bakarra da ekoizpenaren barnean euskarari toki bat egitea, alegia, jatorrizko bertsioa euskaraz ez dutenek azpitituluak edo bikoizketa erabili beharko dituzte. Irabazleak 20.000 euro poltsikoratuko ditu.

Irailaren 29ko Belodromoko galan Almandozen eta Roseteren filmak emango dituzte, Antxon Ezeizaren Ikuska 20-rekin batera. Iaz hil zen Ezeiza, eta hari eskainiko diote aurten Zinemira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.